Nazioartean inork ez dio freno eraginkorrik jarri Israeli, eta jarraitzen du Palestinako lurrak legez kanpo okupatzen eta palestinarrei erasotzen. Hainbat herrialdek, baina, aitortua dute Palestina estatu gisa: hain zuzen, NBE Nazio Batuen Erakundea osatzen duten 193 herrialdeetatik 148k (%76,7). Eta bihar, urteroko NBEko Batzar Nagusian, New Yorken, gutxienez beste zazpi ere batuko dira zerrenda horretara: Australia, Belgika, Erresuma Batua, Frantzia, Kanada, Luxenburgo eta Malta. Portugalek, Finlandiak eta Zeelanda Berriak ere adierazi dute Palestina aitortzeko asmoa dutela. Frantziak eta Saudi Arabiak bultzatuta, bilera batera deitu dute bihar New Yorken bertan, bi estaturen irtenbidea —Palestina eta Israel— lantzeko.
Hortaz, NBEko herrialdeen %80k aitortua izango dute Palestina estatu gisa irailaren amaierarako. Onartzen ez duten herrialde gehienak Mendebaldekoak dira, AEBak buru. Halere, azkenaldian gero eta Mendebaldeko herrialde gehiago ari dira Palestina estatu gisa aitortzen —Espainiak, Irlandak eta Norvegiak 2024ko maiatzean aitortu zuten—. Hala, AEBak ia bakarrik geratzen ari dira Israelen alde egiteko orduan.
AEBak dira NBEren Segurtasun Kontseiluko bost kide iraunkorretako bat, Erresuma Batua, Errusia, Frantzia eta Txinarekin batera. Erresuma Batuak eta Frantziak bihar aitortuko dutenez, AEBak gutxiengoan izango dira orain organo horretan. Segurtasun Kontseilua, bost kide horiek ez ezik, beste hamar estatuk ere osatzen dute, bi urtetik behin aldatzen direnak —oraintxe Aljeria, Danimarka, Eslovenia, Grezia, Guyana, Pakistan, Panama, Hego Korea, Sierra Leona eta Somalia dira—.
«Palestina ez da estatu kidea, NBEko estatu kideen botoen bi heren behar dituelako Batzar Nagusian, eta Segurtasun Kontseiluak egin behar du hori bozkatzeko proposamena. AEBen betoak eragotzi egiten du Segurtasun Kontseiluak proposamen hori egitea», azaldu du Juan Soroeta EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakasleak.
Horrez gain, Soroetaren arabera, herrialdeak baldintza jakin batzuk ere bete behar ditu: lurralde mugatua izatea, biztanleria egonkorra edukitzea, eta gobernatu dezakeen gobernu bat ere izatea. Palestinak, baina, ez ditu betetzen. «Argi dago Palestinak gaur egun ez dituela baldintza horiek betetzen. Lehenik, lurraldeari dagokionez, Israelek legez kanpo okupatzen du; bigarrenik, Palestinako biztanleak hainbat estaturen artean sakabanatuta daude, eta beren lurraldean ere errefuxiatuen kanpalekuetan desplazatuta daude; eta, hirugarrenik, gobernu palestinarrek ezin dute beren ordenamendu juridikoa ezarri beren biztanleriaren eta lurraldearen gainean. Horregatik, kasu honetan, aitortzak helburu politiko bat du: estatu baten sorrera bultzatzea, baldintzak bete ez arren», zehaztu du Soroetak.
«Kasu honetan, aitortzak helburu politiko bat du: estatu baten sorrera bultzatzea, baldintzak bete ez arren»
JUAN SOROETA EHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea
Nazioarteko Zigor Auzitegiak iazko uztailean ebatzi zuen palestinar lurretan Israelen presentzia legez kanpokoa zela, eta agindu zion lehenbailehen bertan behera uzteko Palestinako lurretan kokatzeko asmoz eginiko jarduera guztiak. Duela urtebete, NBEk ere urtebeteko epea eman zion Israeli Palestinako lurralde okupatutik alde egiteko; Israelek, ordea, ez du halakorik egin.
Aitortzaren garrantzia
NBEko herrialde gehienen aitortza izateak eskubide batzuk ematen dizkio Palestinari, betiere eskubide horiek lortzeko Segurtasun Kontseiluaren oniritzirik behar ez bada. «Besteak beste, Erromako Estatutuari atxikitzeko aukera eman dio —haren bidez sortu zen Nazioarteko Zigor Auzitegia—. Erromako Estatutu hori berresten badu, Palestinak salaketak jarri ahal izan ditu Israelgo buruzagien aurka. Nazioarteko Zigor Auzitegiak Israelgo presidentea, Benjamin Netanyahu, eta haren defentsa ministro ohia, Yoav Gallant, bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen 2024ko azaroan», azaldu du Soroetak.
Estatu kideen aitortza horri esker, Palestinak badu lekua NBEn ere. Hala esan du Soroetak: «NBEko Batzar Nagusiak estatu behatzaile ez-kide izaera aitortu zion Palestinari, horretarako Segurtasun Kontseiluaren gomendioa ez delako beharrezkoa. Estatutu horri esker, bileretan eta eztabaidetan parte har dezake eragiten dioten gaietan, baina boto eskubiderik gabe».

Bi estaturen irtenbidea
«Azken helburua Palestina ondorio guztietarako estatu bihurtzea da», zehaztu du Soroetak. Baina ohartarazi duenez, aitorpena ematen dietenek bi estaturen aldeko konponbidea babesten dute, eta gogorarazi du «lurralde palestinarrean» sortua dela «estatu sionista osoa» . Hala ere, testuingurua bestelakoa izan daiteke orain; izan ere, herrialde arabiarrek NBEri eskatu diote Israel erakundetik kanporatzeko.
Soroetak azaldu du estatuek «jarrera irmoa» erakutsi behar dutela Palestina aitortzea izan ez dadin estatu horien «irudia garbitzeko» erabaki huts bat. Baina irakaslea ez da oso baikorra: «Beldur naiz asko ez direla joango askoz harago Palestinaren alde. Sinetsi nahi nuke Espainiako Gobernuak presioa egingo duela Palestina beste estatu bat izan dadin nazioarteko komunitatean. Baina Espainiak Mendebaldeko Saharako gatazkarekin zer egin zuen ikusita, ez naiz oso baikorra; izan ere, Marokoren okupazio militarraren alde egiten du», argudiatu du.
«Espainiak Mendebaldeko Saharako gatazkarekin zer egin zuen ikusita, ez naiz oso baikorra; izan ere, Marokoren okupazio militarraren alde egiten du»
JUAN SOROETAEHUko Nazioarteko Zuzenbide Publikoko irakaslea
Bi estaturen irtenbidea ea posible den galdetuta, adierazi du gaur egungo nazioarteko harremanetan «dena dela posible». Gogoeta bat ere egin du: «Herri juduaren aurkako genozidio naziaren ondorioz, Israelgo Estatua sortu zen, Mendebaldearen kontzientzia txarraren ondorioz. Gaur egun imajinatzea zaila izan arren, Israelek Palestinaren aurka egiten ari den genozidioak sentimendu hori bera piztu lezake nazioarteko komunitatean».