Siria. Atentatua Damaskon

Al-Assaden kupula militarreko goi kargudunak hil dituzte Damaskon

Siriako Defentsa ministroa, haren ondokoa eta armadako jeneral bat hil dituzte erasoan; Barne ministroa ere larri zauritu duteSNCk ohartarazi du atentatuak azkartu egingo duela Al-Assaden aroaren amaiera

2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Damaskon Siriako Armada Askearen eta Baxar Al-Assaden segurtasun indarren arteko borroken laugarren egunean orain arteko erasorik gogorrena jasan du presidenteak. Segurtasuneko goi kargudunen bilera batean atentatua egin dute, eta hiru lagun hil dituzte gutxienez: Daoud Abdela Rajha Defentsa ministroa, Assef Xawkat Defentsa ministrordea eta Al-Assaden koinatua, eta Hasan Turkmani armadako jenerala eta presidentearen aholkularia. Al-Assaden gertuko gizonak, hirurak. Erasoa «atzerritarrentzat lan egiten duten mertzenarioei» egotzi die armadak idatzizko adierazpen batean. «Buruzagien aurkako erasoen bitartez Siriak etsi egingo duela uste dutenak oker daude».

Hiru hildakoez gain, beste hainbat goi kargudun zauritu dituzte erasoan. Siriako telebista publikoak jakinarazi duenez, larri zauritutakoen artean Mohammed Ibrahim Xaar Barne ministroa dago. Gobernuko informazio iturrien esanetan larri egon arren, haren osasun egoera egonkorra da, baina beste iturri batzuek Xaar ospitalean hil dela diote.

Al-Assadek ez du adierazpenik egin atentatuaren ondotik, baina berehala erantzun dio erasoari, armadako burua, Fahd Yasem al-Freich jenerala, Defentsa ministro izendatuz. Horrek «talde terroristen» aurka borrokan jarraituko duela hitzeman du karguaren zina egiterakoan emandako hitzaldi laburrean. Karguan bere aurrekaria zena eta erasoan hil diren gainontzekoak goraipatu ditu Al-Freichek, eta martiriak direla esan du.

Bestalde, Siria defendatzeko lehen baino indartsuagoa dela adierazi du armadak. «Ekintza terrorista koldar honek Segurtasun Indarren ausardia handitu besterik ez du egingo etxea armatutako talde terroristetatik garbitzeko eta Siriaren duintasuna eta subiranotasuna mantentzeko». Horrez gain, armada ongi prestatuta dagoela gaineratu dute, eta ez dutela erasoen beldurrik, «datozen tokitik datozela».

Egiletza, zalantzan

Segurtasuneko goi kargudunen aurkako erasoak nahasmena sortu du herrialdean. Bertsio ofizialaren arabera, Defentsa ministroaren bizkartzainak bere burua zartarazi du bileran. Matxinoek, baina, bestelako kontakizuna egin dute. Liwa al-Islam talde islamista izan da atentatua aldarrikatzen lehena, eta Damaskoko Segurtasun Nazionalaren eraikinean lehergailuak sartzea lortu duela adierazi du, eraso suizidaren bertsioa gezurtatuz. Siriako Armada Askeak, aldiz, bertsio ezberdinak eman ditu gertatutakoaz.

Erakundearen eledun Muayed al-Zuabik bere gain hartu du leherketaren egiletza. Erasoa Segurtasun Nazionalerako egoitzako sukaldari baten laguntzari esker egin dutela azaldu du. Buruzagien gosarian pozoia jarri dutela kontatu du, eta guztiak ondoezik sentitu direnean anbulantzia bat bidali dutela lehergaiz beteta. Nahasmenaren erdian anbulantziari sartzen utzi diotela adierazi du Al-Zuabik, eta ondoren zartarazi egin dutela.

Erakunde bereko Qasem Saadedin koronelak, berriz, bertsio kontrajarriak eman dizkie Al-Jazeerari eta EFEri. Qatargo Gobernuaren telebista katean eginiko adierazpenetan atentatua aldarrikatu du Siriako Armada Askeko koronelak. «Hau da aipatu genuen sumendia. Hasi besterik ez gara egin», ohartarazi du Saadedinek. Izan ere, Damaskoko Sumendia eta Siriako lurrikara izenarekin bataiatu zuten herenegun hiriburua hartzeko asmozabiatu duten operazioa. EFE berri agentziari eginiko adierazpenetan, berriz, Damaskori egotzi dizkio hilketak, eta horrelako erasoak Siriako Armada Askearen etikarekin bat ez datozela gaineratu du. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren bileren aurretik horrelako erasoak «ohiko» bilakatu direla salatu du oposizioko koronelak, eta nazioartearen jarrera aldatzeko asmoz Al-Assadek agindutako erasoa izan dela. Izan ere, atzo ziren Siriari zigorrak jartzea biltzen duen mendebaldearen ebazpen bat bozkatzekoak Segurtasun Kontseiluan. Kofi Annan Siriarako mandatari bereziaren eskariz, baina, gaur arte atzeratu dute bozketa.

«Inflexio puntua»

SNC Siriako Kontseilu Nazionalak Al-Assaden gobernuaren amaiera iragarri du erasoaren ondotik. Abdelbasset Seida erakundeko kidearen esanetan, atentatuak erregimenaren amaiera bizkortuko du. Siriako historian «inflexio puntua» eragin du segurtasuneko goi kargudunen aurkako atentatuak, Seidaren ustez. Al-Assaden aroa «aurki» amaituko dela dio, «aste edo hilabete gutxi barru».

Herenegun, SNCko sortzaileetako batek ere, Obeida Nahasek, bide diplomatikoak «agortzen» ari direla aitortu zuen, eta aukera militarrak defendatzen hasi direla. «Ikusi ditugun sarraskiak ikusita, ezin diogu jendeari errurik bota bere burua defendatzeagatik», adierazi zuen Londresen duen bulegotik. SNC Sirian diren Al-Assaden aurkariei laguntzen ahalegintzen ari dela gaineratu zuen, «balantza oposizioaren alde desorekatzeko».

Damasko hiriburuan, berriz, borrokan jarraitzen dute Al-Assaden aldekoek eta kontrakoek. Atzoko eguna ere borrokaldiekin esnatu zen hiriburuan. Lekukoek adierazi zutenez, tiro hotsak egun osoan entzun ahal izan zituzten, eta ke zutabeak ere ikusi zituzten han eta hemen. Armadaren eta oposizioko taldeen arteko borrokak hiriaren erdigunera zabaldu dira. Herritarrek etxean hartu dute babesa, eta askok Damaskotik ihes egitea erabaki dute. Lekukoek kontatu dutenez, armadaren hegazkinek eta helikopteroek ez dute bonbardaketarik egin zibilak bizi diren eremuetan.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.