Siriako Gerra

Al-Assaden zenbait senide zigortu ditu Europar Kontseiluak, droga trafikoagatik

EBk salatu du anfetamina ekoiztea eta saltzea «negozio eredu» bihurtu dela Siriako Gobernuarentzat. Segurtasun pribatuko enpresa batzuk ere zigortu ditu, Damaskoren milizien «sasi-enpresak» izatea egotzita.

Baxar al-Assad Siriako presidentea, Damaskon, artxiboko irudi batean. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko apirilaren 25a
12:33
Entzun

Europar Kontseiluak Baxar al-Assad Siriako presidentearen hurbilekoen aurka jo du. Droga trafikatzen aritzea leporatzen die Bruselak, eta zigor ekonomikoak ezarri dizkie. Orotara, 25 norbanako eta zortzi erakunde zigortu ditu Bruselak gaur.

Kontseiluaren esanetan, anfetamina trafikoa «erregimenaren negozio eredu bihurtu da». Adierazi du Al-Assaden «hurbileneko zirkulua» aberasten duen legez kanpoko jarduera izateaz gain, irabazi ekonomikoak lortzen dituela gobernuak berak, «biztanleria zibilaren aurkako errepresio politikak mantentzeko».

Zigortutakoen artean, Siriako estatuburuaren hiru lehengusu daude, haren gobernuaren milizietako zenbait kide eta buru, Al-Assaden familiarekin «lotura estua» duten enpresari sorta bat, eta Siriako armadarekin eta inteligentzia zerbitzuekin harremana duten zenbait pertsona. Presidenteari zigorrak ezarriak zizkion aurretik EB Europako Batasunak.

EBko atzerri ministroek adostu dute trafiko sarearen ardurarik handiena Al-Assaden bi lehengusuri dagokiela: Wasim Badi al-Assadi eta Samer Kamal al-Assadi. AEBek ere zigor ekonomikoak ezarri zizkien biei joan den hilabetean, droga trafikoagatik eta Siriako armadari laguntza emateagatik.

Zigortuei Captagon droga ekoiztea eta saltzea egotzi die Europar Kontseiluak. Captagon anfetaminaren familiako droga bat da. Efektu estimulatzailea lortzeko erabiltzen da, eta estatu gehienetan debekatuta dago haren kontsumoa. Herrialde arabiarretara mugatzen da ia esklusiboki haren ekoizpena eta kontsumoa, baita Captagonen legez kanpoko bertsioena ere. Beste herrialde batzuetan speed izenarekin ezaguna den drogaren atzekoa da. Siria da Ekialde Hurbileko Captagon ekoizle handiena.

Al-Assadek aurretik ukatu izan ditu bere gobernua droga trafikoarekin lotzen dituzten akusazioak. Captagon salmentan aritzen diren sareen kontra egin duela ziurtatu du.

EBk zigortuen zerrendara gehitu ditu baita ere Sirian jarduten duten segurtasun pribatuaren alorreko zenbait konpainia, eta horiei lotutako zenbait pertsona eta erakunde. Kontseiluak egozten die «erregimenaren milizien sasi-enpresak» izatea, eta, ondorioz, giza eskubideen abusuen nahiz nazioarteko legedi humanitarioaren urraketak babestea.

Batasuneko estatuen arabera, Damasko babesten duten miliziak izena aldatzen ari dira aldiro, lehendik jarri zitzaizkien zigor ekonomikoak saihesteko. Gaineratu dute segurtasun enpresa pribatuak sortzen dituztela, nazioarteko kontratuak lortzeko.

Errusiako eraikuntza enpresa bat ere bada zigortuen artean. Stroytransgaz konpainiak Siriako fosfato meategi handienaren kontrola bereganatu zuen, eta, EBren iritziz, «erregimenaren onuradun eta babesle da». AEBek 2014an zigortu zuten enpresa bera, Errusiako Gobernuarekin dituen ustezko loturengatik.

Guztira, Bruselak 322 lagun zigortu ditu Siriako gerrarekin lotuta. Zigor ekonomikoek EBra bidaiatzeko debekua eta batasunean dituzten ondasunen blokeoa ezartzen dizkiete. Zerrenda berean dira 81 erakunde ere. EBko herritarrek eta erakundeek debekatuta daukate diru funtsak bideratzea zigortutako norbanakoengana nahiz erakundeetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.