Al Kaedak Aiman al Zauahiri hautatu du erakundearen buruzagi. Hartara, gobernu, zerbitzu sekretu eta hedabide gehienek espero bezala, hark hartuko du Osama Bin Ladenen ondorengoa. Sorreratik izan da Al Kaedako kide, eta azken hamarkadan erakundeko buruzagiorde izan dela diote munduko zerbitzu sekretu gehienek. Bin Laden iragan maiatzaren 2an hil zuten AEBetako tropa bereziek, Pakistanen, eta orduz geroztik Saif al Adel izan da Al Kaedako behin-behineko burua.
«Al Kaeda al Jihad taldeak, kontsultak egin ondotik, jakinarazten du Abi Mohamed Aiman al Zauahiri doktoreak hartuko duela taldea zuzentzeko ardura. Alari eskatzen dio zortea emateko hari, guri eta musulman guztiei, xariaren (jainkoaren legea) alde lan egin dezagun». Mezu horrekin jakinarazi zuen atzo Al Kaedak Al Zauahiriren izendapena, Ansar al Mujaihidin webgunean. Horrez gain, «islamaren etxeen erasotzaileen» aurkako borrokan jarraituko duela ohartarazi du. «AEB gurutzatua» eta «haren alabaorde Israel» mehatxatu ditu.
Herrialde arabiarretako matxinadak ere aipatu ditu Al Kaedak. «Herrialde musulman zanpatuetako intifadak sostengatzen ditugu. Egipton, Tunisian, Libian, Yemenen, Sirian eta Marokon gure herria torturatu duten ustelen aurka altxatu dira». Gainerako herrialde musulmanei eskatu die «Mendebaldeak ezarritako erregimen ustelak» desagertu arte «borrokan» segitzeko. «Aldaketa ez da lortuko gure herria Mendebaldeak inposatutako okupazio, hegemonia eta kontrol militar, ekonomiko, kultural eta judizial guztietatik askatu arte».
Bin Ladenen jarraipena
Analista anitzen iritziz, Al Zauahirik Bin Ladenen ildoa jarraituko du, hasieratik egon baitzen buruzagi ohiari lotuta, eta harekiko harreman estua zuelako. Pakistango eta Afganistango talibanek ontzat jo dute izendapena. Azken hamarkadan Al Kaedaren bozeramaile nagusia izan da. Harenak dira erakundeak irudi bidez eman dituen mezurik gehienak. Azkena hilaren 8an agertu zen Interneten. Bin Ladenen «gerra santuaren bidea» segitzeko beharra aipatu zuen, «atzerriko inbasorea musulmanen lurretatik bota, eta horiek injustizia orotik garbitzeko».
Al Zauahiri 1951n jaio zen, Kairon. Kirurgialari da. 15 urterekin lehenbiziko aldiz atxilotu zuten, Anaia Musulmanen kide izatea leporatuta. 1979an Azza Nauirarekin ezkondu zen, Egipto hegoaldeko familia aberats bateko kidearekin. Handik bi urtera, Anuar al Sadat Egiptoko presidentearen hilketaren antolaketan parte hartu izana egotzi zioten, eta poliziek atxilotu eta torturatu egin zuten. Isam al Kamari armadako ofiziala salatu zuen torturapean. «Heriotza tortura baino errukiorragoa da», erran zuen gerora Al Zauahirik. Hiru urte egin zituen espetxean, Al Kamariren gela berean. Handik atera zenean Saudi Arabiara eta Pakistanera jo zuen, Afganistango mujahidin borrokalariei SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren okupazioaren aurkako erresistentzian laguntzeko, eta Bin Laden ezagutu zuen. Garai hartan sortu zuten Al Kaeda.
Nazioarteko jihada
1998an Munduko Fronte Islamikoa aldarrikatu zuten Bin Ladenek eta Al Zauahirik eskutitz batean. Nazioarteko jihadaren fundazio agiritzat hartzen da gaur egun. «Amerikarrak eta haien aliatuak, zibilak edo militarrak, hiltzeko erabakia musulman ororen betebeharra da herrialde guztietan, ahal den une guztietan», idatzi zuten gutun hartan.
Ordutik hainbat atentatu agintzea leporatu diote; bertzeak bertze, Kenyan eta Tanzanian AEBen enbaxaden aurka egindakoak, 1998an —224 lagun hil zituzten—. Berriki, ustez eraso haietan parte hartu zuen Al Kaedako kide bat, Abdala Fazul, hil du Somaliako armadak. Afrikako atentatu haiek gertatu zirenean, Sudanen ezkutatuta zegoen Al Zauahiri, baina AEBen presioagatik Afganistanera jo zuen. Han, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondotik, etxea bonbardatu zioten AEBek, eta haren emaztea eta hiru alaba hil zituzten. 2006an CIAren eraso batean hiltzat eman zuten Pakistanen, baina egun gutxira hori gezurtatu zuen bideoa argitaratu zuen. FBIk 25 milioi dolar eskaintzen ditu hura harrapatzeko informazioaren truke.
Al Kaedak Aiman al Zauahiri hautatu du Osama Bin Ladenen ondorengo
Erakundearen buruzagiordea izan da; «erregimen ustelen» aurka borrokatzeko deia egin du Al Kaedak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu