Protestak herrialde arabiarretan

Al Kaedako ustezko 44 kide hil dituzte Yemenen

Zinyibar hiritik gertu egoitza militar bat hartzen saiatu dira. Ali Abdula Sale presidentearen aldekoen eta Sadeq Abdala al Ahmar liderraren aldekoen arteko borrokak atzo gauean hasi ziren. Sirian oposizioa demokraziarako bidea prestatzeko bildu da.

2011ko ekainaren 1a
14:04
Entzun

Al Kaeda erakundeko ustezko 44 kide hil dituzte gaur Yemenen, Zinyibar hiritik gertu egoitza militar bat hartzeko egin duten ahaleginean.

Ostiralean hainbat eta hainbat ekintzailek Zinyibar hartu zutenetik, armada haien kontra ari da.

Sana hiriburuan, ospitaletako iturriek jakinarazi dutenez, gutxienez 40 lagun hil dira atzotik. Ali Abdula Sale presidentearen eta Sadeq Abdala al Ahmar liderraren aldekoen artean izan dira borroketan. Hainbat egun daramate bi alde horiek elkarren aurka, eta azken liskarrak atzo gauean hasi ziren.

Hildako gehienak gizonezkoak direla esan dute, eta armak zeramatzatela.

Siriako oposizioa Turkian bildu da demokraziarako bidea prestatzeko

Deserrian dagoen Siriako oposizioa Antalian bildu da (Turkia) herrialdea "demokraziara eramango duen plana prestatzeko". Atzo amnistia orokorra eman zuen Bashar al Assad presidenteak, baina AEBek denbora irabazi nahian dela uste dute, eta Frantziak keinu "argiagoak" eskatu dizkio. 

"Helburua Siria zapalkuntzatik ateratzeko bide orri batekin ateratzea da, eta askatasunerako eta demokraziarako iraultza babestea", esan du Moulhem Droubi Anaia Musulmanen kideak. Oposizioko talde indartsuenetako bat da hori, eta amnistia orokorra eurentzat ere baden arren, ez dute euren aldarrikapenetan atzera egingo.

Oposizioaren eskaeren artean, hala ere, ez dute Al Assaden dimisioa sartuko, izan ere, hori aitzakia hartuta presidenteak Sirian dauden herritarren aurka egingo duela uste baitu. Sirian sortu den erreboltak siriarren esku jarraitu behar duela gainertu dute, talde jakin bat buruan izan gabe, erreboltak bere oinarriak manten ditzan.

Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, protestak hasi zirenetik milatik gora pertsona hil dira Sirian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.