Al-Qaedak bere gain hartu du astelehenean Iraken egindako eraso saila

Segurtasun indarrak, militarrak eta gobernu xiita izan ditu helburu, «sunitei traizioa egin dietelako»

Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Al-Qaedari lotutako Irakeko Estatu Islamikoa talde armatuak bere gain hartu du joan den astelehenean Iraken eta haren menpeko Kurdistanen izandako eraso saila. Azken zenbaketen arabera, 115 lagun hil ziren atentatuetan, eta beste 320 inguru zaurituta daude. Sarean argitaratutako agiri batean, honela azaldu du taldeak: Ramadanaren hilabetean «gurutzada bedeinkatua» hasi dutela «proiektu xiitaren oinarrien kontra eta hark herrialdean dituen jarraitzaileen aurka».

Herrialdeko hainbat hiritan egin zituzten erasoak, eta, azaldu dutenez, erasoaren xedea segurtasun indarrak, militarrak etaBagdadeko gobernuko arduradunak izan ziren, «gobernu xiitak traizioa egin dielako sunitei eta erlijioa saldu duelako». Talde jihadistak zehaztu du euren buru Abu Baker al-Bagdadik agindutakoHarresien suntsiketa operazioaren barruan daudela asteleheneko erasoak, eta operazioaren helburua Irakeko Estatu Islamikoak atzean lagatako eremuak «berreskuratzea» dela.

Domekakoak ere bai

«Etsaia eta haren nagusiak harritzea» lortu dutela eta haien «segurtasun eta inteligentzia planen porrota» erakutsi dutela nabarmendu dute jihadistek. Gainera, talde armatuak jakinarazi du asteleheneko hilketez gain 30 lagun gehiago hil zituztela joan den domekan, beste atentatu sail batean.

Asteleheneko erasoen ostean, Irakeko Barne Ministerioak aitortu du beharrezkoa dela «terrorismoari» aurre egiteko «segurtasun planak» aldatzea. Iazko abenduan AEB Ameriketako Estatu Batuetako tropak erretiratu zirenetik, indarkeriak gora egin du herrialdean xiiten kontra. Gainera, Justiziak Tareq al-Haxemi presidenteorde sunita atxilotzeko emandako aginduak areagotu egin du xiiten kontrako gorrotoa eta indarkeria. Iraken, herritarren gehiengoa osatzen dute sunitek (%60-65), eta gutxiengoa xiitek (%32-37). Saddam Husseinen garaian, sunitak egon ziren boterean —sunita zen Hussein—, eta orain xiitak jabetu dira aginteaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.