Alaba bahitu eta sistematikoki bortxatu duela aitortu du gizon batek Austrian

Aitak etxeko sotoan izan du alaba 24 urtez giltzapetuta eta zazpi seme-alaba izan ditu harekin

2008ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Alaba gatibu hartu eta sistematikoki bortxatu eta jipoitu izana aitortu du Josef Fritzl 73 urteko erretiratuak Austrian. Elisabeth Fritzlek ziurtatu du gatibutzan izandako zazpi seme-alaben aita dela hura, eta hilik jaiotako haur baten gorpua ere erre zuela hark. Pasa den larunbatean atxilotu zuen Austriako Poliziak Josef, alaba etxeko sotoan 24 urtez giltzapetuta izan zuela jakin eta gero.

Josefen eta Elisabethen alabetako bat ospitalera eraman eta medikuek inzestoak eragindako gaixotasun genetikoa zuela jabetzean sortu ziren lehenengo susmoak. Herenegun gatibutzatik askatu eta ospitale psikiatriko batera eraman zituzten giltzapetuta egondako ama eta haurrak. Elisabethek 42 urte ditu egun, eta bere egoera psikologikoa tamalgarria dela adierazi dute adituek, bizirik irtengo denik ziurtatu gabe.



GILTZAPETUTA. 18 urte zituenetik izan du giltzapetuta Josef Fritzlek alaba, argirik ere sartzen ez zen 80 metro koadroko zulo batean. Sotoaren gainean bizi ziren ama eta anaia. Alaba sekta batean desagertuta zegoela uste zuten haiek, antza, aitak Elisabethi egindakoen berri ez zekitela ziurtatu baitute. Hain zuzen, sekta batean zegoela eta bertan hainbat seme-alaba izan zituela kontatu zion emazteari, antza, hark gertatzen ari zenaz susmorik izan ez zezan. «Beti pentsatu izan dugu alaba sekta batean zegoela eta seme-alabak aitarekin uzten zituela. Askori miresgarria iruditzen zitzaien aitona-amonek beragatik egiten zutena», adierazi du Josef Fritzleren bizilagun batek.

Inzestoaren ondorioz jaiotako seme-alabetatik bi Josef eta emaztea bizi ziren etxera eraman zituzten. Hasieran iloba moduan jaso zituzten, gero, adopzioan hartu zituzten. Gainontzekoak, ordea, Elisabethekin batera bizi izan ziren giltzapetuta jaio zirenez gero. Azken horiek 5, 18 eta 19 urte dituzte, hurrenez hurren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.