Parlamenturako bozak aspaldiko garrantzitsuenak izango dira Armenian. Izan ere, herrialdeak datozen urteetan zer bide hartuko duen erabakiko dute herritarrek gaur. Inkestek irabazle argitzat daukate Nikol Paxinian gaur egungo Armeniako lehen ministroaren alderdia, Itun Zibila zentro-eskuindarra; Errusia, ordea, bere eskuetan dagoen guztia egiten ari da hark irabazi ez dezan, Erevan EB Europako Batasunera hurbiltzen ari baita. Bruselak, esaterako, salatu du Moskuk eskua sartu nahi duela bozetan.
Erevanen eta Moskuren arteko erlazioa ez dago bere gozoenean. Errusiako Behe Ganberako presidente Viatxeslav Volodinek asteazkenean salatu zuen Paxinianek «amildegira» daramala Armenia. Eta Vladimir Putin Errusiako presidenteak etengabe areagotu du Erevanen gaineko presioa.
Mehatxurik handiena energia arloan egin du Moskuk. Izan ere, Errusiako Energia ministro Sergei Tsiviliovek, iragan asteazkenean, ohar bat bidali zion Erevani, eta adierazi EBko kide egiteko prozesuarekin aurrera egingo balu Errusiak ezingo lukeela jarraitu gas naturalez eta petrolioz hornitzen, edo ez behintzat orain arte izan duten «deskontuarekin». Kontuan hartzekoa da Armeniak menpekotasun handia daukala Errusiarekiko arlo horretan, eta kolpe handia litzatekeela Errusiak erabaki hori hartuko balu. Moskuk badaki hori, eta soka tenkatzen ari da.
Gainera, Reuters AEB Ameriketako Estatu Batuetako albiste agentziak zabaldu duenez, Errusian bizi diren armeniarrak jaioterrira bidaltzeko asmoa dauka Kremlinek, oposizioaren alde bozka dezaten.
Mehatxuez harago, Errusiak beste urrats batzuk egin ditu. «Errusiako Federazioak Armeniako Errepublikan daukan enbaxadorea deitu du, Armeniako agintariek Europako Batasunera hurbiltzeko eman dituzten pausoen gaineko kontsultak egiteko», jakinarazi zuen iragan larunbatean Errusiako Atzerri Ministerioak, ohar batean.
Paxinianek, asteazkenean jendaurrean egin zuen ekitaldi batean, adierazi zuen bozen ostean Errusiara bidaiatuko duela, bi herrialdeen arteko tentsioa baretzeko. «Putinek deitu zidan, eta adostu genuen hauteskundeen ostean Errusiara bidaiatuko nuela berriro biltzeko, eta zintzilik dauden kontu guztiak konpontzeko».
Errusiako, Bielorrusiako, Kazakhstango eta Kirgizistango liderrek ohar bateratu bat zabaldu zuten iragan ostiralean, eta Armeniari erreferendum bat «ahal bezain laster» egiteko eskatu zioten, herritarrek EBko kide izatearen eta EBEn gelditzearen artean erabaki zezaten. Paxinianek, ordea, adierazi zuen ez duela halakorik egingo, edo ez behintzat talde komunitarioko «benetako hautagaitza bat mahai gainean egon arte». Eta gaineratu zuen Armeniak ez duela egin EBko kide izateko eskaera formalik.
EBk, bestalde, Moskurengandik urrun nahi du Armenia, eta, hortaz, beregandik gertu. Maiatzaren 5ean lehen aldiz egin zuten goi bilera bat Armeniako eta Bruselako ordezkariek, Erevanen. Eta Europako Komunitate Politikoaren zortzigarren goi bilera ere han egin zuten, egun bat lehenago.
Inkestek badute garailea
Breavis etxeak egindakoa izan da Armeniako bozen inguruan kaleratu dituen azken inkestetako bat. Eta etxe horren arabera, Paxinianen alderdi Itun Zibilak nagusitasunez irabaziko ditu bozak; gehiengo osoa eskuratuko luke, eta are botere handiagoa lortuko luke Armeniako Parlamentuan —%65eko babesa izango duela aurreikusi du Breavis etxeak, 2021eko bozetan baino ia hamar puntu gehiago—.
Hala ere, tentuz aztertu beharreko datuak dira Breavis etxeak plazaratutakoak. Izan ere, egindako elkarrizketa guztiak —1.500 pertsona baino gehiago elkarrizketatu dituzte—, maiatzaren 5a eta 11 bitartean egin zituzten. Baina Errusiaren presioa asko areagotu da geroztik, eta pentsatzekoa da eragina izan dezakeela zenbait hauteslerengan.
Oposizioa oso banatua dago Armenian —horietako batzuek Moskuren babesa daukate, baina beste batzuek ez—, eta hori Paxinianen onerako izango dela aurreikusi du Breavisek. Etxe horren arabera, oposizioko alderdi bakar batek ere ez luke %12ren babesa baino gehiago lortuko.