Hauteskunde historikoak izateko aukera handia dute gaur Nigerian egingo dituztenek: lehen aldiz,karguan den presidenteak gal ditzake. Goodluck Jonathanek, kasu honetan. 1999an militarrek agintea utzi eta bozen bidezko sistema parlamentarioa ezarri zutenetik, herrialdeko boteregune guztiak kontrolatu ditu PDP Herriaren Alderdi Demokratikoak. Baina haren hegemonia arriskuan dago. Izan ere, lehen aldizoposizioko indarrek desberdintasunak ahaztu dituzte eta APC Aurrerakoi Guztien Kongresua koaliziopean batu dira. Bestetik, bozak egingo diren testuinguruak egiten ditu bereziak: polarizazio politikoak, ekonomiaren gainbeherak eta segurtasun arazoak itota dago Nigeria. Ipar-ekialdeko Boko Haram talde jihadistarenmehatxuak ez ezik —aurten bakarrik 1.000 lagunetik gora hilditu—, bi alderdi nagusien jarraitzaileen arteko liskarrek ere belztu dezakete boz gaua. 2011kohauteskundeetako liskarretan 800 bat lagun hil ziren iparraldeko estatuetan.
Legebiltzarreko ordezkariak ere hautatuko dituzte bozkatzera deituak dauden 69 milioi hautesleek. Presidente izateko hamalau hautagai lehiatuko dira, baina soilik Jonathanek eta APCko hautagai Muhammadu Buharik dituzte estatuburu izateko aukerak. Lehena kristaua da, hegoaldekoa;bigarrena, musulmana, iparraldekoa.
Erabakigarria da hautagaien jatorria eta erlijioa inoiz baino zatituagoa dagoen herrialdean. Beti izan da horrela, baina are gehiagoJonathanek botere txandakatzearen idatzi gabeko araua hautsi zuenetik. Izan ere, komunitateen arteko mesfidantza gainditzeko, eta etnia bakar baten besteenganako dominazioaren beldurra uxatzeko, alderdi politikoek beraiek barneratuta dituzte karguak etnia eta erlijio desberdinekoen artean txandakatzeko arauak.
Umaru Yaradua presidente musulmana karguan hil zenean 2010ean, Jonathanek ordezkatu zuen —presidenteorde zen orduan—, eta iparraldekoen agintearen zortzi urteko txanda laburtu zen. Bi komunitate nagusien arteko ezinikusia handitu zen hurrengo urtean, Jonathanek alderdiko barne oposizioa gainditu eta presidentegai aurkeztu zenean. Hauteskundeek bitan erdibitu zuten herrialdea: hegoaldean, Jonathanen alde egin zuten; iparraldean, aldiz, Buhuri babestu zuten.
Nigerren delta eskualde oparoan jaioa, Jonathanek une egokian toki aproposean egoteko ospea du. Estatuaren buruzagitza hartu zuen moduan, haren nagusi izandakoen arazoen kontura egin du aurrera bere ibilbide politikoan. Baina, orain, malkartsua egin zaio boz kanpaina. Berez, otsailaren 14an egin behar zituzten, baina «segurtasun arazoak» direla tarteko atzeratu zituzten. Haren arerioek leporatzen diote hauteskundeak nahita atzeratzea, botoak irabazteko denbora eskuratzearren.
Edonola ere, presidenteak ez ditu agintaldiko promesak bete: ustelkeriaren aurkako neurri nabarmenik ez ditu hartu —are gehiago, eskandalu ugarik zipriztindu dute PDP—, eta Nigerren deltako gatazkak bere horretan dirau. Gainera, beste mehatxu larriei aurre egin behar izan die: Boko Haram indartsu egin da ipar-ekialdean.
Txadek, Nigerrek eta Kamerunek lagunduta, muturreko islamistak atzera eginarazi ditu Nigeriako armadak azkenaldian. Atzo armadak jakinarazi zuen Boko Haramen egoitza nagusia hartu zuela Gwozan. Halere, ipar-ekialdeko eremu askotan zaila izango dute bozkatzea. Inguruko boto-emaile gehienak musulmanak izaki, oposizioko alderdiaren aurka jokatzen du segurtasun ezak.
Helburu finko batekin batu ziren orain bi urte oposizioko hiru alderdi —ACN, ANPP eta CPC— Buhari hautagai den koalizioa sortzeko: PDP boteretik kentzea. Aginteko alderdiaren barne borrokekin alderatua, oso bestelakoa da ACPk islatutako irudia: Buhari telebistaz emandako primarioetan hautatu zuten. Plataforma alternatibo gisa aurkeztu bada ere, ACPko kide garrantzitsu asko sistema politikoaren aurpegi ezagunak dira. Buharik armadako goi karguak bete ditu, eta 1984ean agintea hartu zuen, militarrek estatu kolpea emanda. Lider zintzotzat eta ustelkeriaren aurkako ekintzailetzat hartua da, ez baitu aberastasun erakustaldirik egiten. Iparraldean xaria ezartzeko asmoagatik gogor kritikatu dute. Boko Haramen aurka bere eskarmentu militarra du alde: Maitatsine sektaren matxinada errotik ezabatu zuen.
Petrolioa eta ustelkeria
Herrialde boteretsu eta aberatsa da Nigeria. 174 milioi biztanle ditu, eta Afrikako herrialde jendetsuena da. Petrolio erreserba handietan —munduko petrolio esportatzaileen artean seigarrena da— eta finantza sektore indartsu batean oinarritu du azken urteetako hazkundea. Orain gutxi Hegoafrika gainditu eta kontinenteko potentzia ekonomiko bilakatu da.
Haatik, desberdintasunak itzelak dira herrialdean. Txirotasunak herrialde osoa astintzen du: bi herenak pobrezian bizi dira. Baina iparraldeko estatuek dute pobrezia tasa handiena: herrialdeko estatistika bulegoaren datuen arabera, Jigawa estatuan txiroak dira %88,5 , eta Sokoton %86.Beste hainbat eremutan ere nabarmena da herrialdearen zatiketa, hala nola haurren eskolatzean, banatutako txertoetan, langabezia tasan... Hegoaldeko agintarien jardunari egozten dizkiote desberdintasunak iparraldean; azken hamasei urteetan hamahirutan agindu du hegoaldeko presidente batek.
Petrolio upelaren prezioak goia jota zebilen garaietan agindu dute PDPko gobernuek, baina herrialdearen aberastasuna ahitu du ustelkeriak. Analista askok uste dutenez, etengabeko diru ustiatzetak eta iparraldeko eremuen pobretzeak zerikusi zuzena du Boko Haram talde jihadistaren indarrarekin. Nigeriaren historian erlijio kutsuko mugimendu erreformista anitz izan dira, eta horietako askok indarkeria erabili dute. Baina, paradoxikoki, jihadisten biktima gehienak iparraldeko herritar musulmanak dira. 2009an estatuaren aurka matxinatu zenetik 13.000 lagun inguru hil ditu.
Aldaketa hotsak Nigeria zatituan
Jonathanen eta Buhariren arteko lehia estua espero da gaurko bozetan, kanpaina erasokor baten ondotik.Boko Haramen egoitza nagusia hartu zuen atzo armadak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu