Hungaria

Alde handiz gailendu da Orban, hirugarrenez jarraian

Bozen %48,9rekin nagusitu da Viktor Orban kontserbadore nazionalista Hungariako hauteskunde orokorretan. %20ko babesa izan du Jobbik alderdi ultraeskuindarrak, eta %12koa ezkerreko alderdien koalizioak.

Viktor Orban (ezkerrean), hauteskundeetako garaipena ospatzen, atzo, Budapesten. SZILARD KOSZTICSAK, EFE
2018ko apirilaren 9a
13:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru agintaldiz jarraian, Hungariako lehen ministro izango da Viktor Orban. Alde handiarekin gailendu zaie aurkari politikoei, eta lau puntu handitu du 2014an jaso zuen babesa, botoen %95 zenbatuta. Horrez gain, litekeena da parlamentuan bi hereneko gehiengoa ere lortzea Orbanek gidatzen duen Fidesz alderdi kontserbadore nazionalistak.

Orbanek ziurtatu du hauteskundeen emaitza "Hungariarentzako garaipen handi bat" dela. "Hasitako bidean jarraitu ahalko dugu, herrialdea defendatzeko". Bestalde, balioa aitortu dio bozkan izan den parte hartzeari. Botoa emateko eskubidea zutenen %70ek parte hartu dute.

Hauteskunde kanpainan, migratzaileen eta errefuxiatuen kontrako diskurtso alarmista jorratu du Orbanek.

Hungariako gobernuburuaren jokabidea hainbatetan kritikatu dute Europako Batasuneko ordezkariek. Besteak beste, aurreko legealdiak bultzatu zuen konstituzio erreformaren harira. Prentsa askatasuna murriztea leporatu zion Bruselak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.