Protestak herrialde arabiarretan

Aldi baterako bake ituna proposatu nahi du Israelek

Gai guztiak barne hartuko dituen akordio baten ordez, «fasekako bide» bat proposatzea aztertuko du gobernuak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Palestinarrei aldi baterako bake ituna proposatzea aztertzen ari da Israelgo Gobernua. Benjamin Netanyahu lehen ministroak «fasekako bide» bat bilatzeko asmoa du, haren gertuko iturri batek Haaretz kazeta israeldarrari adierazi dionez.

Horrek alde batera utziko luke Israel eta Palestinaren arteko bake itun oso eta iraunkor baterako aukera, negoziazioetako gai guztiak barne hartuko lituzkeena. Palestinarrei bota die errua anonimotasunean mantendu nahi izan duen Israelgo Gobernuko ordezkariak: «Bistan denez, Israelek nahiago luke behin betiko egoera finkatuko lukeen itun bat, baina Palestinaren jarrerak ezinezkoa egiten du».

Nazioarteak halamoduz bultzatu ditu Israel eta Palestinaren arteko negoziazioak. Israelek kolonizazioan etenaldi txiki bat egitea ere lortu zuten AEBek, baina duela hilabete batzuk hura luzatzeko eskatu ziotenean, Israelek uko egin zuen. Orduz geroztik etenda daude Palestina eta haren arteko elkarrizketak.

Errazena, palestinarrei dagozkien lurrei eta eskubideei buruzko behin betiko ebazpen bat litzatekeela esan izan dute bi aldeek behin baino gehiagotan. Hainbat gaiei buruz eztabaidatzean, ordea, handiegiak dira desadostasunak: besteak beste, Jerusalem ekialdea norena izango den, eta zer gertatuko den errefuxiatutako palestinarrekin. Israelen kolonizazio politikak eta erasoek, gainera, ez dute bakerako borondate handirik erakusten.

Itun osoa baino ez

Israelgo Atzerri ministro Avigdor Liebermannentzat, estrategia ona da Netanyahu aztertzen ari dena, itun oso bat adostea ezinezkoa dela uste duelako.

Zenbait analisten arabera, fasekako itun horrek palestinarrei aukera emango lieke lehenbizi Zisjordanian eta Gazan estatu propioa sortzeko eta hurrengo faseetan hura zabaltzeko.

Palestinarrek, ordea, ez dute horrela ikusten. Jaser Abed Rabok, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko idazkari nagusiak, ez behintzat. Voice of Palestine irrati kateari egindako adierazpenetan esan duenez, «edozein bake hitzarmenek behin betiko egoera baterako kontu guztiak hartu behar ditu barne».

Palestinarrek aspalditik eskatu izan dute okupazioaren amaiera. Israelek 1967an hartu zituen Palestinako lurraldeak, Sei Eguneko Gerran.Beste eskakizun nagusi bat da palestinar errefuxiatuentzako bidezko irtenbide bat bilatzea. Palestinako Estatistiken Bulego Nagusiaren arabera, 9,6 milioi palestinar inguru daude munduan, eta horietatik 3,5 milioi baino ez dira bizi Palestinan; Israelentzat, bigarren mailako herritarrak dira eta sarritan baldintza prekarioetan bizi dira.

«Ez da israeldarrekin elkarrizketarik izango gai garrantzitsu guztiei buruzko hitzarmen iraunkorrik onartzen ez badute», esan du Rabok. «Horren barruan leudeke errefuxiatuak, koloniak, ura, segurtasuna eta estatu palestinar bat finkatzea, Jerusalem ekialdea hiriburu duena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.