Irribarretsu hartu ditu Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak Kongresuko gehiengoaren txaloak, presidente izendatu dutenean. Gobernua osatzeko lanari heldu beharko dio orain, eta gobernagarritasuna ahalbidetuko duen gehiengoa ere osatu beharko du, presidente izendatua izateko lortu duen babesetik harago. Horretarako, gainontzeko taldeen eskariak entzun beharko ditu ezinbestean, eta presidente izendatu berri horietako batzuk gogorarazi dizkiote hainbat aldetatik.
Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak esan du espero duela Espainian aro politiko berri bat hasiko dela. Nafarroako eta Espainiako gobernuen artean ere harreman berri baten hasiera izatea nahi du Barkosek: "Erakundeen erregenerazio baten aldeko apustua egin da. Gizarteak behar zuen". Sanchezi eskatu dio kontsentsua bilatzeko, eta gaineratu du Nafarroan gehitzeko beharrezkoa den kontsentsua bilatzaileaz badakitela zerbait.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak "katarsi politikoa" sustatzeko eskatu dio Sanchezi. Urkulluk Gernikako Estatutua betetzeko beharra nabarmendu du, eta aurrerapausoak galdegin dizkio autogobenuaren esparruan. Horrez gain, estatu ereduaz hausnartzera deitu du, eta elkarbizitzan sakontzera. Lehendakariak "etengabeko elkarrizketa" eta "akordiorako borondatea" eskaini dizkio Espainiako presidente berriari.
Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuak ohartarazi du Sanchezek gaur lortu duen babesa Rajoy gobernutik botatzeko "urgentziaren" ondorio izan dela. Azaldu duenez, EH Bilduk hitza eman zuen Rajoy gobernutik botatzeko bere esku zegoena egingo zuela.
Aldiz, Kongresuan ez dago "gehiengo alternatiborik", Beitialarrangoitiaren esanetan, eta orain hasiko den agintaldian "zalantza gehiago daude ziurtasunak baino".
Diputatuarentzako albiste ona da PSOEk lehenengoz "alderdi guztiekin" hitz egiteko borondatea agertu izana, EH Bildurekin barne. Hala ere, "hori zertan gauzatzen den ikusi beharko da", Beitialarrangoitiaren iritziz. Koalizioak "eskua luzatu" dio Sanchezi, "hitz onak ekintza bihur daitezen".
EH Bilduk begi onez hartu du Rajoy gobernutik kanporatu izana, "burujabetzan, bakean eta berdintasunean oinarritutako etorkizunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko bidean oztopoa izan delako urte hauetan guztietan".
Burujabetzan, bakean eta berdintasunean oinarritutako etorkizunean oinarritutako Euskal Herria eraikitzeko bidean oztopoa izan delako urte hauetan guztietan #AgurRajoypic.twitter.com/xthKKAlnUI
— EH Bildu (@ehbildu) 2018(e)ko ekainaren 1(a)
Geroa Bairen iritziz, Sanchezek "elkarrizketa etapa berri bat eta estatu mailako indar aurrerakoien arteko pluraltasun aldi berri bat irekitzeko aukera du". Geroa Baik espero du PSOEren gobernua "gizarteak une honetan eskatze duenaren mailara" egotea. Horretarako, "desberdinen arteko akordioak" bilatzea galdegin dio, "Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioaren bozketatik harago".
Geroa Bairen esanetan, "desberdinen arteko gobernu bati eusteko zailtasunei aurre egin dakieke elkarrizketarekin, ardurarekin, ausardiarekin eta malgutasunarekin". Horren adibide aipatu du Nafarroako Gobernua.
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak babesa agertu dio Sanchezi, eta ziurtatu du Espainiako presidente berriak "erronka izugarri honi" erantzuten jakingo duela. "Eskerrik asko, Sanchez jauna, duintasuna itzultzeagatik. Ziur nago, gobernuko presidente bezala, erronka izugarri honi erantzuten jakingo duzula. PSOEren garaia da, akordioarena eta eskubideen hedatzearena, Espainiarentzako eta Euskadirentzako aldi berri bat".
Gracias @sanchezcastejon, por devolvernos la dignidad. Estoy segura de que, como Presidente del Gobierno, sabrás responder a este enorme reto. Es el momento del @PSOE, del acuerdo y la extensión derechos, un tiempo nuevo para España y para Euskadi. #GobiernoDeLaDignidadpic.twitter.com/tqwmfJvhAM
— Idoia Mendia (@IdoiaMendia) 2018(e)ko ekainaren 1(a)
"Pozik" ospatu du Unidos Podemosek Mariano Rajoyren gobernuaren amaiera. "Bai, ahal da" hasi dira koalizioko ordezkariak oihuka Kongresuan, ganberak Sanchez presidente izendatu duenean.
¡SÍ SE PUEDE! ðŸÂÂÂÂÂÂ’ÂÂÂÂÂÂœ pic.twitter.com/3WEOGJYWJP
— PODEMOS (@ahorapodemos) June 1, 2018
Irene Montero diputatuak adierazi du beste batzuek —PSOEri erreferentzia eginez— Rajoy botatzeko gehiengo nahikorik ez zela zioten arren gaur posible izan dela PPren gobernua amaitzea. Podemos Espainiak behar dituen aldaketak zehazteko lanean jarriko dela agindu du.
Albert Rivera Ciudadanosen esanetan, "gobernu ahul" bat eratuko du Sanchezek, eta "ezegonkortasun aldi bat" hasiko du, hauteskundeetara deitzen duen arte. Hauteskundeetara lehenbailehen deitzea galdegin dio.
Riverak ziurtatu du Ciudadanosek Rajoyren gobernuari amaiera eman nahi ziola, "baina ez era honetan". Adierazi duenez, "oso erne" jarraituko du Sanchezek independentistei zentsura mozioa babestearen truke zer emango dien. Sanchezen gobernuarentzako alternatiba prestatuko dutela aurreratu du Riverak.
Compromiseko Joan Baldovik nabarmendu du Sanchezen gobernua "zilegia" dela. Legealdi hasieran bere alderdiak esan bezala, Rajoy gobernutik kentzea posible zela frogatu da, haren esanetan. Compromis kide "leiala" izango dela aurreratu du. Balodoviren arabera, "itxaropenez betetako aldia" hasiko dela ziurtatu du, eta gaineratu du Sanchezek hitzartutakoa betetzen badu Compromisek "erraz" jarriko diola agintaldia.