Errusia

Aleksei Navalni oposizioburua erietxera eraman dute, ustez pozoituta

Konorterik gabe eraman dute Navalni erietxera. Haren prentsa arduradunaren esanetan, duela urtebete ere saiatu ziren hura pozoitzen.

Aleksei Navalni oposizioburua, otsailean, Moskun, Boris Nemtsoven hilketa salatzeko manifestazio batean. YURI KOTXETKOV, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 20a
09:26
Entzun

Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoan Alkesei Navalni oposizioburua gaizki sentitzen hasi zenean. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan, haren osasunak okerrera egin zuenean. Lurra hartu zutenerako, ordea, konorterik gabe zegoen 44 urteko errusiarra.

Kira Iarmix prentsa arduradunaren esanetan, zainketa berezietan dute orain Navalni. «Uste dugu bere teari toxikoren bat botata pozoitu dutela, hori baita gaur goizean hartu duen gauza bakarra. Medikuek diote pozoia azkarrago xurgatu duela haren gorputzak likido beroarekin nahastuta zegoelako. Orain Aleksei konorterik gabe dago».

Iarmixek zehaztu duenez, ez da Navalniri erasotzen dioten lehen aldia. «Duela urtebete, preso zegoela, hura pozoitzen ahalegindu ziren. Argi dago gauza bera gertatu dela». Orduan medikuek ezin izan zuten frogatu pozoia eman ziotela. Navalni kanpaina egiten ari zen Siberian, hilabete barru egingo dituzten udal hauteskundeetarako.

Ez da lehen aldia Errusian oposizioko buru baten aurka egiten dutela. 2015ean, Boris Nemtsov lehen ministrorde ohia tiroz hil zuten Moskun. Txetxeniako bost gerrillari zigortu zituzten hura hiltzeagatik, baina haren familiak salatu zuen ez zutela ahaleginik egin hilketa nork agindu zuen argitzeko.

Duela hogei urte Vladimir Putinek agintea hartu zuenetik, oposizioko hainbat kidek salatu dute norbait haiek hiltzen ahalegindu dela. 2006an, esaterako, Errusiako segurtasun indarretako kide izandako Alksander Litvinenko hil zuten haren tearekin polonioa nahastuta; ustez haren hilketarekin zerikusia izan zutenetako bat diputatu da egun legebiltzarrean.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.