Aleksei Navalni oposizioburua koman dago, ustez pozoituta

Errusiako oposizioburua larri eraman dute Omskeko erietxera. Medikuek diote oraingoz ez dutela froga nahikorik Navalni pozoitua izan dela baieztatzeko

Aleksei Navalni Errusiako oposizioburua eta ustelkeriaren aurkako aktibista, otsaileko manifestazio batean, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE.
Arantxa Elizegi Egilegor - Mikel O. Iribar
2020ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Aleksei Navalni Errusiako oposizioburua gaizki sentitzen hasi zen. Hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omskeko aireportuan, haren osasunak okerrera egin baitzuen. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen 44 urteko errusiarra. Kira Iarmix prentsa arduradunaren esanetan, berehala eraman zuten zainketa berezira. «Uste dugu bere teari toxikoren bat botata pozoitu dutela, hori baita gaur [atzo] goizean hartu duen gauza bakarra. Medikuek diote haren gorputzak pozoia azkarrago xurgatu duela likido beroarekin nahasita zegoelako».

Omskeko ospitaleko mediku buru Anatoli Kalinitxenkok esan du eragindako koman dagoela Navalni. «Haren bizitza salbatzeko ahalegin bizian ari gara. Navalniren odolarekin dozena bat analisi eta garunaren eta beste organoen azterketak egin ditugu, gaixotasunaren diagnosia aztertzeko». Adierazpen horien aurretik, ordea, Kalinitxenkok argi esan du oposizioburuak izan dituen sintomak ez direla zertan pozoiarenak izan. «Ez dago ziurtasunik Navalniren egoera intoxikazioarekin lotzeko». Iarmixek salatu du medikuak denborarekin «jolasean» ibili direla. «Hasieran, Navalniren egoera aztertzeko egin zizkioten analisien emaitzak erakusteko arazorik ez zuten. Baina, handik gutxira, emaitzak atzeratu egin direla esan digute». Bestalde, Iarmixek adierazi du Polizia ere bertaratu zela erietxera, baita ikerketa batzordea ere. «Polizia gehiago dago medikua baino».

Medikuaren adierazpenak entzunda, Iarmixek estatuaren «propagandatzat» jo du egoera, eta gogorarazi du une oro oposizioburuarekin egon dela hegazkinean, haren ondoan eserita. «Gertatu zaiona ez da intoxikazio arrunta: lelokeria hutsa da, benetan». Hegazkina hartu baino lehen, Navalnik Tomskeko aireportuko kafetegi batean tea hartu zuela azaldu du prentsako arduradunak.

Navalni ospitaleratuta dagoen erietxeko medikuek uste dute sodio oxibutiratoarekin intoxikatu dela. Haien arabera, anestesia gisa erabiltzen den substantzia bat da, eta dosi txikietan ere aisialdirako droga gisa erabiltzen dute. Substantzia horrek ez du ez kolorerik ezta usainik ere; «beraz, tearekin erraz nahas daiteke». Mediku buruak azaldu duenez, «pertsona bat pozoitzeko, gutxienez, 20 edo 30 mililitroko dosia erabili behar da». Azken egunetan, Navalni kanpaina egiten ari zen Siberian, hilabete barru egingo dituzten udal hauteskundeetarako. Ez zen ondoezik sentitu tarte horretan.

Ikerketa kriminala

Viatxeslav Gimadi Navalniren fundazioko abokatuak eskaera egin dio Errusiako ikerketa batzordeari ikerketa kriminal bat ireki dezan. «Ez dago zalantzarik Navalni pozoitua izan dela, gobernuaren aurka duen jarrera eta jarduera politikoagatik». Amnesty International erakundeak ere eskaera bera egin dio ohar baten bidez.

Iarmixek zehaztu duenez, ez da Navalniri erasotzen dioten lehen aldia. «Duela urtebete, preso zegoela, hura pozoitzen ahalegindu ziren. Argi dago gauza bera gertatu dela». Orduan, oposizioburua espetxetik erietxera eraman zuten; azala erreta eta aurpegia handituta zeuzkan. Alabaina, medikuek ezin izan zuten frogatu pozoia eman ziotela, eta «alergiaren bat» izan zuela esan zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.