Mundua

Alemaniak bere politika aldatu arte PKK-k ez ditu hiru eskalatzaile alemaniarrak askatuko

Gerrilla kurduaren hitzetan, Berlinek "jarrera erasokorra" du bere kontra. Turkiari ere kurduen aurkako erasoak gelditzeko exijitu dio.

2008ko uztailaren 10a
17:20
Entzun
Berlingo gobernuak independentista kurduekiko daraman politika aldatu arte PKK Kurdistango Langileen Alderdia gerrillak ez ditu hiru eskalatzaile alemaniarrak askatuko. Hirurak herenegun bahitu zituen PKK-k, Ararat mendian, Ipar Kurdistanen (Turkiaren menpe).

"Ez gara herri alemaniarrarekiko etsai sentitzen, eta gatibuak ondo tratatzen ari gara. Ez ditugu askatuko harik eta Alemaniako Gobernuak adierazpen bat egin arte, PKKrekiko politika erasokorra bertan behera uzten duela esateko", dio gerrillak Firat agentziaren bidez zabaldutako oharrak. Hiru alemaniarrak beste hamar herrikiderekin batera mendia igotzen ari zirela hartu zituen gatibu PKK-k.

Era berean, bahituen "segurtasunerako", Turkiako armadak bere operazioak gelditu egin behar dituela ohartarazi dio gerrilla taldeak Ankarako gobernuari, eta kurduen kontrako erasoak gelditzeko exijentzia berretsi dio.

Alemaniako Atzerri Ministerioaren eledun batek azaldu duenez, "krisi kabinetea auziari aterabidea lortzen saiatzen" ari da. Alta, ez du negoziaziorik martxan dagoen zehaztu.

Berlinek 1993tik dauka PKK legez kanpoko taldeen zerrendan, eta hainbat epaiketa egin dituzte ekintzaile kurduen edota hauen jarraitzaileen aurka.

Alemaniako komunikabide batzuen ustez, Berlinek berriki RojTV telebista kate kurdua debekatu izanarekin zerikusia izan dezake hiru eskalatzaile alemaniarren bahiketak.

Joan den maiatzean Barne Ministerioak kate horren igorpenak galarazi zituen, "PKKren inguruko ideiak" zabaltzen zituela argudiatuta. Kateak Danimarkan du egoitza, baina Alemaniarako ere eskaintzen zituen bere saioak.

PKK 1978an sortu zuten buruzagi marxista batzuek -tartean egun Turkiako uharte batean preso dagoen Abdula Oçalanek-, eta 1984an ekin zion Turkiaren okupazioaren kontrako borroka armatuari. Kurdistango beste zati batzuetan -Siria, Irak, Iran eta Armeniaren menpe- ere beren eskubideak zapalduta dituzte kurduek, hein batean edo bestean. Iraken menpeko zatian lurraldearen zati bat kudeatzen duen gobernu autonomoa dute kurduek, eta milaka peshmerga edo borrokalari. Iranen ere bada gerrillarik, PEJAKizenekoa, eta Teherango politika zapaltzailearen kontra dihardu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.