Alemaniako medikuek berretsi dute Navalni pozoitu egin dutela

Larunbatean eraman zuten Omskeko ospitaletik Alemaniako Charite erietxera. Oposizioburuak koman jarraitzen du.

Polizia Alemaniako Charite erietxearen aurrean. CLEMENS BILAN / EFE
2020ko abuztuaren 24a
17:10
Entzun

Aleksei Navalni zeraman hegazkina larunbatean heldu zen Berlingo Tegel aireportura; Errusiako oposizioburua Alemaniako Charite erietxean artatu zuten. Ospitaleak esan duenez, Navalniri egindako probek pozoitu egin zutela adierazten dute. Hala ere, ez dakite zehazki zein gai erabili zuten horretarako. «[Navalni] zainketa intentsiboetako unitate batean dago, koman. Larri dago, baina hiltzeko arriskurik ez du», azaldu du ospitaleak.

Hura Errusian artatu duten sendagileek, ordea, esan zuten Navalniri metabolismo arazoak atzeman zizkiotela. Horrela, adierazi zuten oposizioburuak izandako sintomek ez zutela zertan pozoiaren ondorio izan: «Navalniren egoera ezin da ziur lotu intoxikazioarekin».

Kira Iarmix Navalniren prentsa arduradunak esan zuen medikuak denborarekin «jolasean» ibili zirela. Izan ere, hasieran, Omskeko ospitaleak ukatu egin zuen Navalni zentroz aldatu eta Alemaniara eramateko baimena. Errusiako medikuek oposizioburuaren osasun egoera oso ahula zela argudiatu zuten. Dena den, lekualdatzea ontzat jo zuten gero. Navalniren gertukoek uste dute horrela sendagileek Navalniren lekualdaketa atzeratu nahi izan zutela, gorputzean izan zitzakeen arrastoak desager zitezen.

Siberiako Tomsk hiritik Moskura zihoala, Navalni gaizki sentitzen hasi zen. Haren osasunak okerrera egin zuen hegazkinean, eta larrialdiko lurreratze bat egin behar izan zuen Omskeko aireportuan. Lur hartu zutenerako, konorterik gabe zegoen Errusiako oposizioburua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.