Alemaniako

Behe Saxonia eta Hessen estatu federaletan bozak egingo dituzte gaur; koalizio gobernuko bi alderdiak aurrez aurre dira eta batzorde eragilearen babes maila neurtzeko baliagarriak izango dira.

HARALD NEUBER BERLIN
2008ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Hessenen eta Behe Saxonian gaur egingo dituzten bozetan demokristauek galduz gero, ezkerrera egingo du Alemaniak. Angela Merkel kantzilerrak berak kanpainako azken ekitaldian egindako ohartarazpena da. Inkestetan inoizko sostengu mailarik baxuena du (%30) CDU Batasun Demokrata Kristauak. Alderdiaren oinarriaren kontra doan politikaren ondorioa izan daiteke. Alemaniako hamasei estatu federatuetatik lautan egingo dituzte bozak -Hanburgon eta Bavarian otsailean egingo dituzte-. CDU eta SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokratak elkarrekin gobernatzen dute errepublika federalean duela bi urtetik. Horregatik, hauteskunde kanpainetan, alderdi biek balizko desadostasunak sortu behar izaten dituzte, boto-emaileak mobilizatzeko.

Batzuetan txikikeriengatik bereizi ohi dira kanpainak. Bavariako Legebiltzarrerako bozak abenduan izan ziren, eta aste batzuk lehenago indarkeriazko ekintza bat izan zen hango hiriburuan, Munichen. Bi gaztek pentsiodun bati eraso zioten metro geltoki batean, eta larriki zauritu zuten. Ikerketa Kriminalen Brigadarentzako kasua zirudiena, arazo politiko bihurtu zen egun batzuen buruan. Turkia eta Greziako jatorria zuten delituaren egileak, eta demokristauek haien aurkako kanpaina arrazista bati ekin zioten. Hark alde batera utzarazi zien aurkari politikoekin izan beharreko programen inguruko eztabaida oro.

Kasu horretan, ez zion axola indarkeriak gora egin duen edo ez jakiteak. Kontserbadoreen aldeko politikariek aho batez eskatu zuten «kriminal atzerritarrak kanpora botatzea».

Emigranteek eragindako indarkeriaren inguruko balizko arazoari buruzko eztabaida, berriz, laster batean hedatu zen Behe Saxoniara eta Hessenera. Behatzaile arretatsu batzuek baino ez ziren konturatu Kriminal atzerritarrak kanpora zioen eslogana NPD Alderdi Nazional Demokrata neofaxistarena zela. Kriminal izenondoa erantsi bide zioten iraganeko atzerritarrak kanpora esloganari, hura debekatu egin baitzieten 2001ean. Ordu hartan epaitegi batek erabaki zuen lelo hura «egokia zela beste pertsonenganako gorrotoa eragiteko, eta biztanleriaren multzo baten aurkako ekintza apetazkoak eta indarkeriazkoak bultzatzeko». Eskuinaren populismoak egungo hauteskunde prozesuetan lekua aurkitu izana ez da kasualitatea.



EZKERREKO ALDERDIAK. Koalizio handiaren lehen garaian, apenas aintzakotzat hartu diren bi alderdien arteko desadostasunak. Murrizketak inposatu dituzte gizarte eta lan alorreko politikan. Gutxitu egin dituzte hainbat eta hainbat gizarte laguntza, sindikatuen erresistentzia erabatekoari aurre eginez.

Horrek ondorioak ekarri zituen. Parlamenturako bozetan, ezkerreko beste alderdi bat eratu zen 2005. urteko hasieran, mendebaldean. Lana eta Justizia Soziala hautapen aukera (WASG), hasiera batean, sozialdemokrata damutuek eta sindikalistek -sozialdemokraten eskuineranzko lerratzea babestu nahi ez zutenek- osatzen zuten. Iaz, ordea, urtearen erdialdera, bat egin zuten talde gazteak eta Sozialismo Demokratikoaren Alderdiak (PDS) -batik bat ekialdean ezarritakoa-, Ezkerra esaten diote, besterik gabe, talde sortu berriari, eta hirugarren indar politiko bihurtzen ari da gaur egun, sozialdemokraten eta demokristauen atzetik.

SPD da batik bat estu eta larri dabilena. Urteetako politika neoliberalaren ostean, bezero tradizionalen babesa galdu ez ezik, zuzeneko lehiakide bat ere bai baitu orain, ezkerreko alderdi berria dela eta. Oskar Lafontaine alderdiko presidentea sozialdemokraten zuzendaritzako kide izandakoa da urte askoan, eta baita haren Ogasun ministro ere bai. Bera da, gaur egun, sozialdemokraten kritikorik oldarkorrena, iragan urteetako politika neoliberala utz dezaten eskatzeari dagokionez. Gaur egun, goranzko joerari eusten dio haren alderdiak (%8,5), berdeen eta liberalen aurretik.

Sozialdemokratek dute, beraz, benetako arazoa. Inoizko sostengu maila baxuena dute (%30); eta ez dirudi horretatik aise irtengo direnik.



DEMOKRISTAUAK ESKUINERA. Demokristauek, aldiz, inolako lotsarik gabe dihardute eskuineko botoak harrapatzen. Roland Koch Hessen landerreko presidenteak ekin zion kanpaina xenofoboari; demokristaua da eta alderdiaren eskuin muturrean egon izan den politikaria da. 2003. urtearen amaieran tokiko politikari bati babesa eman zion. Parlamentuaren Behe Ganberako hautagai gisa aurkeztu zen azken hori Lana, familiak, aberria esloganarekin. Frantziako Vichyko erregimenetik eratorritakoa da leloa -Frantzia okupatu zuten alemaniar naziak babestu zituen 40ko hamarkadan-. Politikariak bere «borondatez» utzi du CDU; Roland Koch, berriz, jokaleku politikoaren goren mailan, baina bera izan daiteke datorren urteko presidentetzarako bozetako hautagaia.

Alemaniaren etorkizun politikoranzko lasterketa probak dira gaurko bozak. Kochek bere burua inposatuz gero, eskuinaren populismoa ezarriko da Alemanian. Bilakaera hori, nolabait, Europako joeren barnean egongolitzateke. Austrian, Suitzaneta Belgikan, arrakastatsuakizan dira eskuin muturrekoek atzerritarren aurka egindako kanpainak; desbideratu egin dute arreta, hartara, hainbat hamarkadatako politika neoliberalak eragindako gizarte arazo benetakoetatik.

Alemaniako kontserbadoreen eztabaidagai ere izan da bilakaera hori. Eskuineko Koch populistaren kritikariak, adibidez, beldur dira porrot ez ote duten egingo boto arrazisten bila ibiltzeak, eta klase kultu ertainaren multzo bat ez ote den sozialdemokraten aldera lerratuko, eskuinak hartu duen norabidea ikusita. Zorigaiztokoa izango litzateke, boto-emaileen %40ek bakarrik parte hartuko balukete hauteskundeetan.

Ezkerra alderdiaren bilakaerak harenak bezainbateko garrantzia du. Alemaniako Alderdi Komunista 1956an debekatu zutenez geroztik eta 1989an RDAren gainbehera gertatu zenez geroztik, lehenbiziko aldiz, bada proiektu sozialista bat Alemanian. Gaur egungo inkesten arabera, alderdi horrek landerretako lau parlamentuetan esku hartu ahal izango du eskualdeko hurrengo hauteskundeetan. Orduan, bermatua izango du arrakasta.

Galdera bakarra geratzen da erantzuteko, ea talde gazte horrek nola garatzen duen bere programaren edukia. Ezkerra alderdian ere sumatzen baita gobernuan parte hartzeko joera bat. Dilemak eskualdearen barnean izan du erasana, eta nazioaren barnean dilema horrexen arriskupean daude sozialdemokratak ere: Alemaniako Gobernuan parte hartzea dela eta, alde batera utzi zen ezkerraren programa, «espezieko politika» baten mesedetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.