Dioxina hondarrek kutsatutako nekazaritza mozkinen eskandalua zabaldu da Alemanian. Ezen, Nekazaritza Ministerio federalaren aginduz, zortzi eskualdetako 4.700 hegazki haztegi itxi dituzte, eta behin-behinean euren produktuak merkaturatzeko baimena galdu dute, gainera. Laborantza enpresa horietatik gehienak Saxonia Beherean daude. Eskualde horretan jarrita dago, hain zuzen, pentsu pozoituaren iturritzat jo duten abereentzako elikagaien fabrikatzailea, Harles und Jentzsch.
Agintariek manatutako ikerketek agerian jarri dute Uetersen hiriko enpresa horrek dituela fabrikatu eta salmentan jarri dioxina zantzuak zeuzkaten elikadurarako 3.000 tona gantz. Kutsatutako gantz horiekin 25 bazka fabrikatzaile hornitu zituzten, eta azken batean abereentzako 150.000 tona elikagai kutsatuta egon dira. Ororen buru, esne, esneki eta arrautza kopuru handi bat dixiona zantzuekin geratu da Alemanian bertan zein ere atzerriko zenbait lekutan. Esan dutenez, Erresuma Batura eta Herbehereetara hedatu da, baina adierazi dute ez dela arriskutsua.
«Arriskurik ez»
Pozoiketaz ohartu bezain azkar laborategietako ikerketek agerian jarri dute dioxina hondarrekiko kutsadura arauetan onartutakoak baino hamar bider handiagoak egon direla mozkin batzuetan. Hala ere, agintari politiko eta osasun arloko arduradunen arabera, kontzentrazio maila horiek ez dira arriskutsuak kontsumitzaileentzat.
Anartean, Harles und Jentzsch enpresako zuzendari Siegried Sievertek ukatu egin du industriarako eta elikadurarako gantzak nahita nahasiak izan direla. Industriarako gantzak gutxiago finduak daudenez, merkeago dira ekoizteko. Kutsadura zerk eragin duen ez dakiela-eta «ikerketak egiten» ari direla esan badu ere, Hannoversche Allgemeine Zeitung egunkariak ziurtatu du enpresa iazko martxoan ohartu zela kutsaduraz eta isilpean atxiki duela. Egitate hori salatu du Alemaniako Nekazaritza ministro Ilse Aignerrek.
Alemanian 4.500 hegazti haztegi itxi dituzte, pentsu kutsatuagatik
Arrautzak hainbat herritara esportatzen dituzte; baina, agintarien ustez, ez dago arriskurik kontsumitzaileentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu