Alfonbra persiarrak zintzilik dituen hari muturrak

Irango etnia nagusia persiarra bada ere, herrialdearen kanpoaldeko eskualde batzuetan pisu handia dute zenbait gutxiengo etnikok. Teheranen politikek are eta bazterrerago utzi dituzte komunitate horietako batzuk.

Persiarrez gain, azeriarrak, kurduak, arabiarrak, balutxak eta beste zenbait komunitate bizi dira Iranen. Irudian, pertsona batzuk, Teheranen. ABEDIN ATEHRKENAREH / EFE
Persiarrez gain, azeriarrak, kurduak, arabiarrak, balutxak eta beste zenbait komunitate bizi dira Iranen. Irudian, pertsona batzuk, Teheranen. ABEDIN ATEHRKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 7a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ehungailu horizontalak eta bertikalak erabiltzen dituzte alfonbra persiarrak egiteko. Tailerretan, behetik gora edo goitik behera ehundu ohi dituzte tapizak, eta tribu nomadetan ohikoagoa da albo batetik bestera egitea. Teheranek, baina, erditik bazterretara ehundu du bere alfonbra. Persiera da Irango hizkuntza ofizial bakarra, eta herrialdea xiismoaren erdigunea da. Biztanleen %47 eta %61 artean dira persiarrak, eta badaude beste zenbait talde etniko eta erlijioso. Batez ere herrialdearen bazterretan bizi dira; azeriarrak, kurduak, arabiarrak eta balutxak dira haietako batzuk.

Irango Konstituzioak ez du gutxiengo etnikoen inguruko aipamenik egiten. Hedabideetan eta hezkuntzan «tokiko eta tribuetako hizkuntzak» erabiltzea legezkoa dela jasotzen du islamiar errepublikako lege gorenak. GKE Gobernuz kanpoko hainbat erakunde nazioartekok, berriz, salatu dute gutxiengo etnikoek ez dauzkatela bermatuta beren hizkuntza eskubideak.

Besteak beste, Minority Rights Group eta Amnesty International GKEek kaleratutako txostenetan salatu dute etnia horietako kideek, oro har, ezin dituztela beren hizkuntzak ikasi eskolan, eta hedabide nazionalek ere persiera baino ez dutela erabiltzen. Gainera, hedabide horiek gutxiengoen aurkako irainak egiten dituztela ere adierazi dute, Teheranek zapaldu egin dituela komunitate horien autogobernu eskaerak, eta eskualde horietan ez duela garapen ekonomikorik sustatzen.

Pahlavi dinastiaren agintaldian (1925-1979) hasi zuten herrialdearen homogeneizazioa. Persiar nazionalismoa jarri zuten erdigunean, eta hizkuntza eta kultura asimilazio politikei ekin zieten. Hori dela eta, Irango gutxiengo etnikoetako herritar askok xaharen aurkako iraultza babestu zuten 1979an. Aiatolen agintaldian, baina, «persiartzeak» ez du etenik izan. Kontzeptu hori erabiltzen du Brenda Shaffer AEBetako idazleak 2021ean argitaratutako Iran is more than Persia txostenean (Iran Persia baino gehiago da).

Persiarren atzetik, azeriarrek osatzen dute Irango talde etnikorik jendetsuenetan bigarrena. Minority Rights Groupen 2017ko datuen arabera, Irango herritarren %16 inguru dira etnia horretakoak. Batik bat ipar-mendebaldean bizi dira, Azerbaijanekin muga egiten duen eskualdean. Hego Azerbaijan deitzen diote eskualde horri azerbaijandarrek. Azeriar gehienak xiitak dira, eta hizkuntza turkiarrak erabiltzen dituzte. Turkiarekiko lotura kulturala duten beste bi komunitate ere badaude Iranen: turkmenak —Kaspiar itsasoaren ekialdean bizi dira, eta sunitak dira— eta qaxqaiak —hego-mendebaldean bizi dira, eta xiitak dira—.

Teheranek badaki azeriarrak gobernuaren aurka altxatuz gero mehatxua izan litezkeela; batez ere, kopuruz asko direlako. Halere, azken urteetan gobernuak egindako mugimendu batek haserrea eragin du azeriarren artean. Izan ere, Iranek Armeniaren alde egin du Azerbaijanen eta Armeniaren arteko gatazkan. Kontuan hartu behar da Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek salatu izan duela Irango azeriarrak zapalduta bizi direla. Eta Teheranek, berriz, Aliyeven gobernuari eta Turkiari leporatzen die Irango azeriar «separatistak» hauspotzea; hau da, Iranen ipar-mendebaldeko eskualdea Azerbaijanen parte izatea eskatzen dutenak —Azerbaijango herritarrak baino gehiago dira Iranen bizi diren azeriarrak—.

Orain arte, ordea, beste zenbait etniatako kideek indar handiagoz egin dute Irango Gobernuaren aurka azeriarrek baino; kurduek, esaterako. Irango herritarren %10 inguru dira kurduak, eta mendebaldean bizi dira gehienak, Iraken menpeko Kurdistan eskualde autonomoaren eta Turkiaren menpeko Kurdistanekin muga egiten duten eskualdeetan. Eta kurduen komunitate handia bat bizi da Khorasan eskualdean ere, Turkmenistango mugatik hurbil. Izan ere, XVI. mendean, xah Persiakoak hara deportatu zituzten milaka kurdu, herrialdea turkmenengandik eta uzbekoengandik defendatzeko.

Azken egunetan, Iranek hainbat bonbardaketa egin ditu Iraken menpeko Kurdistanen, argudiatuta AEBek milizia kurduak armatzeko asmoa dutela, haiek Teheranen aurka egin dezaten. Siriako gerran ere AEBak kurduekin aliatu ziren; orduko hartan, EI Estatu Islamikoari aurre egiteko. Etxe Zuriak ukatu egiten du kurduak armatzeko asmoa izatea, eta Kurdistan autonomoko administrazioak ziurtatu du ez duela Irani erasotzeko asmorik.

Erresistentzia, armen bidez

Persiako golkoaren inguruan, Khuzestan eskualdean, arabiarrak dira gehiengoa. Ekonomiari dagokionez, Irango gune garrantzitsuenetako bat da, han baitaude petrolio ustiategi gehienak. Iran is more than Persia txostenean azaltzen denez, petrolio ustiategi horietan lan egiten duten gehienak arabiarrak dira, baina goi kargudunen artean persiarrak dira gehiengoa. Diskriminazioa salatu eta independentzia aldarrikatu izan dute zenbait talde arabiarrek. Haietako batzuek, gainera, ekintza armatuak egin izan dituzte. Ahvaz Askatzeko Borroka Mugimendu Arabiarrak, esaterako, bere gain hartu zuen 2018an Ahvaz hirian Irango Guardia Iraultzailearen desfile militar batean egindako eraso bat. 29 pertsona hil zituzten tiroz. EIk ere bere gain hartu zuen eraso hori.

Ahvaz Askatzeko Borroka Mugimendu Arabiarra bezala, Teheranek «talde terroristatzat» dauzka hainbat erakunde balutx; Balutxistan Askatzeko Frontea eta Balutxistan Askatzeko Armada, esaterako. Irango biztanleen %2 inguru dira balutxak, eta musulman sunitak dira gehienak. Herrialdearen hego-ekialdean bizi dira, Sistan eta Balutxistan probintzian, Pakistanen mugaren inguruan. Giza garapenaren indizearen arabera, Irango eskualde azpigaratuena da. Balutxistango mugimendu independentistak —Afganistanen eta Pakistanen menpe ere badago Balutxistan— eta Teheranen aurkako mugimenduek indar handia dute eskualde horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA