Michel Temer Brasilgo presidenteak ez du joan beharko Auzitegi Gorenera deklaratzera. Hala erabaki du Diputatuen Ganberako gehiengoak, izan ere, erakunde horren baimendu behar du estatuburuaren aurkako epaiketa. Hala egin zuen iazko apirilean Dilma Rousseff kargugabetu zutenean. Ordea, oso bestelako erabakia hartu dute oraingoan, eta egungo presidentearen aldekoak gailendu dira bart egindako bozketan. Oposizioak botoen bi heren —342 bozka— behar zituen Temer kargugabetzeko, baina 227 soilik lortu zituen.
"Orbanik gabeko gizon bat preso bihurtu nahi duzue", kexatu zitzaion oposizioari Antonio Mariz, Temerren abokatua. Diputatuen Ganberako eztabaidan parte hartu zuen Marizek. Presidentearen aurkako akusazioen artean dago eroskeria; zehazki, JBS hozkailu enpresako zuzendaritzako kideek errana dute zazpi urtean ordainketak egin zizkiotela Temerri, eta haietako batekin izandako elkarrizketa baten grabazio bat ere argitaratu zuen aurten O Globo egunkariak. "Sorkuntza mental baten ondorioa da guztia, fikzio bat", Marizen arabera. "Ez al da izanen hutsik gabeko gizon honi esker herrialdea berreskuratzen ari delako ezin dutela urte eta erdi gehiago itxaron?", galdetu zuen.
Bozketa aurreko eztabaidan, dena den, alde batera geratu zen ustelkeriaren inguruko eztabaida, eta gobernuaren jarraikortasuna bermatzearen inguruan hitz egin zuten Temerren aldekoek. Haien arabera, beharrezkoa da Temerrek karguan jarraitzea, "ekonomiaren hazkundeari eutsi ahal izateko".
Ez daude ate guztiak itxita
"Brasilgo herrria ordezkatzen duen Diputatuen Ganberak argi hitz egin du. Baina Parlamentuaren erabakia ez da garaipen pertsonala, zuzenbide estatu demokratikoaren garaipena baizik", adierazi du presidenteak. Dena den, presidenteak ez du bere kontrako auzia behin betiko saihestu, izan ere agintaldia amaitzen duenean, 2019ko urtarrilean, berriz zabaldu dezakete haren aurkako ikerketa.
Temerrek beldur zion atzoko proba gaindituta ere legegintzaldiari egonkor eutsi ahal izateko behar bertzeko babesa ez lortzeari. Ustelkeria akusazioek ez ezik, herrialdearen egoera ekonomiko txarrak ere kalte handia egin baitio Temerren ospeari.