Aliatu izandakoak, etsai bihurtuak

Israelen eta Iranen arteko tentsioak goia jo du azken egunetan, eta elkarri eraso egiten ari dira. Bi herrialdeak, baina, ez dira beti etsaiak izan.

Israelen aurkako manifestazio bat larunbatean, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Israelen aurkako manifestazio bat larunbatean, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko ekainaren 19a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Israel eta Iran elkarri eraso egiten ari dira azken egunetan. Tel Avivek iragan ostiralean egin zion eraso Teherani, argudiatuta haren programa nuklearra gehiegi garatzen ari zela. Erantzun egin zion Iranek, eta ordutik etenik gabe egin diote eraso elkarri. Bi herrialdeak aliatu izanak dira, baina harremanak hautsi zituzten duela 47 urte. Denbora tarte horretan bien artean gatazka zuzenik izan ez bada ere, Iranen babespeko milizien aurka jardun izan du Israelek.

Noiz izan ziren onak Iranen eta Israelen arteko harremanak?

1948an sortu zuten Israelgo Estatua, eta, ordurako, Iranen abian zen Mohammad Reza Pahlavi xaharen agintaldia (1941-1979). Hasieran Israelen sorrera babestu ez bazuen ere, gehiengo musulmaneko herrialdeen artean bigarrena izan zen Israelgo Estatua aitortzen: 1950ean onartu zuen, Turkiak baino urtebete geroago.

Pahlavi herrialdea Mendebaldearen eredura hurbiltzen saiatu zen. Horretarako, 1960ko hamarkadan, Iraultza Zuria jarri zuen abian. Besteak beste, landa erreforma bat egin zuen, hezkuntza sistema eraldatzen saiatu zen, eta garapen ekonomikoa bultzatzeko petrolio industria indartu zuen. Hala, AEB Ameriketako Estatu Batuengana hurbildu zen, baita haren aliatu Israelengana ere. Hain zuzen, Tel Aviv eta Teheran bazkideak izan ziren: petrolioa saltzen zion Iranek, eta elkarlanean aritu ziren inteligentzia eta defentsa kontuetan ere.

Zergatik etsaitu ziren?

Pahlavik martxan jarritako erreforma horiek talka egin zuten Irango sektore tradizionalenekin; gainera, ekonomia hazi bazen ere, desberdintasunak handiak ziren herritarren artean. Hala, 1978an, monarkaren aurkako matxinada bat izan zen, eta, 1979ko otsailaren 11n, boteretik kendu zuten. Irango islamiar iraultza deritzon altxamendu horren buru izan zen Ruhollah Khomeini aiatola xiita, eta hark hartu zuen herrialdearen lidergoa. Orduantxe hasi ziren Iranen eta Israelen arteko arrakalak irekitzen.

Monarkia garaiko erreformak albo batera utzi zituen errepublika islamiarrak, eta harremanak hautsi zituen aurreko agintaldian elkarlanean aritutako herrialdeekin. Besteak beste, Israelgo herritarren pasaportea ez onartzen hasi zen Iran, eta Israelen Teherango enbaxadaren egoitza PAE Palestina Askatzeko Erakundeari eman zion.

Errepublika islamiarrak Israel kolonizatzaile gisa ikusten du Palestinan, gehiengo musulmana duen lurralde batean. Gainera, AEBek Ekialde Hurbilean duten aliatu nagusia da Israel, eta Irango agintariek beren etsai nagusi gisa dute Washington. Horiek horrela, Israelek mehatxutzat du Iran, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk esan izan du haren proiektu nuklearra garatuz gero herrialdearen «existentzia» bera arriskuan egon litekeela.

Beste inoiz egin diote eraso elkarri?

Azken hilabeteetan, Iranek eta Israelek eraso mugatuak egin izan dizkiote elkarri. Iazko apirilean, Iranek Damaskon duen kontsuletxea bonbardatu zuen Israelek, eta droneekin eta misilekin erantzun zion Teheranek. Sei hilabete geroago, urrian, Iranek zenbait misil jaurti zituen Israelera, Tel Avivek Libanoko inbasioa hasi eta biharamunean. Eta hilabete berean erantzun zuen Israelgo armadak, Iranen zenbait eraso eginda.

Bi herrialdeak ez dira inoiz gerran egon, ofizialki behintzat; bai, ordea, Israel eta Erresistentziaren Ardatzeko miliziak. Erresistentziaren Ardatza deritzote Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei. Talde horiek doktrina erlijioso bera dute —musulman xiitak dira, Hamas izan ezik— eta Israelen, AEBen eta Mendebaldearen aurkako jarrera dute.

Azken urteetan, talde horien aurkako zenbait fronte ireki ditu Israelek. Batetik, Hamas Palestinako erakunde islamistaren aurka ari dela argudiatuz, sarraskia egiten ari da Gazan 2023ko urriaren 7tik. Egun horretatik, Israelen aurkako erasoak areagotu dituzte Erresistentziaren Ardatzeko beste bi miliziek: Libanoko Hezbollahk eta Yemengo huthiek. Horiei erantzun izan die Tel Avivek. Eta iazko udazkenean, Libanoko milizia xiitaren aurkako operazioak koska bat gogortu zituen: bonbardaketak egin zituen eta Libano hegoaldea inbaditu zuen Israelgo armadak —azaroan sinatu zuten su etena—. Erasoaldi horiek desegituratu egin dute Iranen orbitako milizia sarea: Hamaseko eta Hezbollahko buruak hil ditu Tel Avivek, eta haien gaitasun militarra ahuldu.

Zein rol jokatzen dute eskualdeko beste herrialdeek?

Ekialde Hurbileko potentzia nagusi gisa finkatu nahi du Israelek, eta Iran ahultzeak lagundu diezaioke. Alabaina, Turkia izango da Tel Aviven lehiakide nagusia lasterketa horretan. Ankarari mesede egingo lioke Iran ahultzeak, baina ez zaio komeni Israelek indar gehiegi hartzerik.

Teheranek eskualdean zuen aliatu nagusietako bat galdu zuen iazko abenduan, Sirian Baxar Al-Assaden gobernua mendean hartu zutenean. Agintari berriak —musulman sunitak dira— Mendebaldearengana hurbildu dira; horren adibide, Ahmed al-Xaraa presidentea Donald Trump AEBetako presidentearekin batzartu zela maiatzean.

Bestalde, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak ez dira inoiz Teheranen aliatuak izan. Herrialde horietako agintariak musulman sunitak dira, eta Iranen programa nuklearraren aurka agertu izan dira. Halere, petrolioaren menpe dauden herrialde horiei Ekialde Hurbilean egonkortasuna egotea komeni zaie, eta Netanyahuren politika oldarkorren aurka daude. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.