Palestinaren aliatuak, Israelen aurkako borrokan

Ekialde Hurbileko zenbait milizia eta armada Israeli eraso egiten ari zaie iragan urriaren 7tik. Liskar horiek beste bost fronte ireki dituzte eskualdean: Irakekoa, Irangoa, Libanokoa, Siriakoa eta Yemengoa.

(ID_13488412) HUTHIAK. YEMEN.
Yemengo huthi matxinoak, AEBek Itsaso Gorrirako aliantza iragarri ondorengo protesta batean, joan den abenduan, Sanan. YAHYA ARHAB/EFE
maddi iztueta olano
2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Joan den urriaren 7az geroztik, Israelgo armadaren sarraskiaren erdigune bilakatu da Gazako zerrenda, eta, paraleloki, etengabeko eraso eta mehatxuen pean bizi dira Zisjordaniako palestinarrak. Dena den, horiek ez dira gatazkarekin lotuta tentsio eremu bilakatu diren fronte bakarrak. Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek iragan abenduan esan zuenez, zazpi frontetan ari dira borrokan: Palestinan ez ezik, Iraken, Iranen, Libanon, Sirian eta Yemenen. Horietan, milizia xiitak eta armadak Israelen aurka ari dira.

Talde eta erakunde horietako bakoitzak estrategia propioa eratu du ofentsibarako. Libanoko Hezbollah miliziak, urriaren 8tik ia-ia egunero, misilak jaurti ditu Libano hegoaldeko mugatik Israel iparraldera; Yemengo matxino huthiek Itsaso Gorria baliatu dute hortik igarotzen diren eta Israelera doazen zamaontziei eraso egiteko; eta Iranen babespeko miliziek AEB Ameriketako Estatu Batuek Iraken eta Sirian dituzten base militarrei egin diete eraso.

Israelen kontrako miliziak

Lehen begi kolpean ikusi ez arren, hiru zutabek batzen dituzte fronte horietan borrokan ari diren miliziak: doktrina erlijiosoak —musulman xiitak dira—; AEBekiko, Mendebaldearekiko eta Israelekiko etsaitasunak; eta Irango Gobernuak. Teheranek milizia xiita aliatuak ekipamendu militarrarekin —armak, droneak, misilak eta beste— eta laguntza ekonomikoarekin hornitzen baititu.

Horrek beldur eta kezka handi bat sortu du nazioartean: Gazako gerra Ekialde Hurbilera zabaltzea. Hein handi batean, halakorik eragoztea izan da —eta orain ere bada— zerrendako milizia palestinarren eta Israelen arteko bitartekarien —Egipto, AEBak, Jordania eta Qatar— lanetako bat. Azken asteotako gertakariek, ordea, nabarmen tenkatu dituzte fronte horietako batzuk, hala nola Libanokoa.

Hilaren 2an, Israelgo armadak Hezbollahren kontrolpeko eremu bat bonbardatu zuen Beiruten, eta Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruri eta erakunde islamistako beste sei goi kargudun hil zituen. Handik lau egunera, jendaurrean egindako agerraldi batean, Hezbollahren buru Hassan Nasrallahk mehatxu egin zion Tel Avivi. Hilaren 6an bete zen mehatxu hori: gutxienez 62 misil jaurti zituzten Israelera. Tel Avivek ez du bere gain hartu Beiruteko eraso hori, baina berehala erantzun die miliziaren mehatxuei eta erasoei, eta egunotan ohi baino bonbardaketa gehiago egin dituzte Libano hegoaldean eta Hezbollahren menpeko eremuetan. 

Gainera, Israelgo armada Gazan egiten ari den sarraskiak aspaldiko zauri bat ireki du milizia xiitarentzat. Hilaren 2ko erasoaren aurretik, Israelgo armadak 2006an egin zion eraso azkenekoz Beiruti —34 egun iraun zuen Libanoko 2006ko gerraren harira—. Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak su etena onartu zuenean eman zen amaitutzat gerra. Menia horrek aintzat hartzen zuen, besteak beste, Hezbollahko milizianoak Libano hegoaldeko mugatik joatea, orain berriro ere aktibo den frontetik, alegia.

Kostaldeko arriskua

Eremu horretako tentsioa baretu ez, eta beste fronte batekoa larritu da asteon. Iragan ostiralean, matxino huthiek Yemenen dituzten posizioak bonbardatu zituzten AEBek eta Erresuma Batuak; haien arabera, huthiek urritik Itsaso Gorrian egin dituzten erasoen «erantzun» gisa. Izan ere, Bab al-Mandeb itsasartetik Israelerantz doazen dozenaka zamaontziri egin diete eraso matxinoek —haietako bat ere bahitu zuten, Galaxy Leader ontzia—. Ondorioz, Afrika inguratuz, zamaontzi asko bide luzeagoak egiten ari dira Atlantikora edo Mediterraneora iristeko. Luzeagoak, eta nabarmen garestiagoak.

Eraso horiei erantzuteko, Oparotasunaren Zaindaria Operazioa izeneko plataforma bat sortu zuten AEBek abendu amaieran. Hamabi herrialdek osatzen dute «nabigazio askatasunaren printzipioa babesteko» aliantza hori, besteak beste Espainiak, Italiak eta Erresuma Batuak. Edonola ere, huthiek birritan esan dute ez dituztela erasoak etengo «Israelek Gaza erasotzeari utzi arte». Eta, bien bitartean, huthiek jarraitzen dute zamaontziei eraso egiten, eta AEBek haien aurkako erasoak areagotzen.

Washingtonek eta Tel Avivek dituzten arerioen zerrendara gehitu behar dira, halaber, Iranen babespeko Irakeko eta Siriako miliziak, eta azken herrialde horretako armada. Iraken, AEBen base militarrei ehundik gora eraso egin dizkiete Badr Erakundea, Kataeb Hezbollah eta Asaib Ahl al-Haq milizia xiitek; eta berdin Sirian. Eraso horietako bakoitzari erantzun diete AEBetako eta Israelgo militarrek, miliziek Iraken eta Sirian dituzten kontrolguneak bonbardatuz.

Hamasi eta PIJ Palestinako Jihad Islamikoari elkartasuna adierazi eta Israeli eta AEBei eraso egin dieten arren, bai Iranek, bai gainontzeko milizia xiitek behin eta berriz azpimarratu dute ez zutela zerikusirik izan Gazako milizia palestinarrek urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoarekin. Halaber, ikusteko dago gatazka zenbateraino hedatzeko prest dauden, Palestinako kausaz gain haien interes geopolitiko propioak baitaude jokoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.