Gailurren jaun eta jabe egin ziren aspaldi harrizko herri sendoak. Azpian, neguan elurrak estaltzen dituen haran hezeak daude, eta itsasoarena da ostertza. «Ederra, ezta?», dio Amzik bere taxi horitik. «Nekez pentsa liteke sabairik gabeko espetxe batean bizi garenik». Espraiz orbanduta ageri dira arabiar alfabetodun seinaleak errepide bazterretan. Bide zuzena ote den ezin jakin, baina erraz jabetzen da bisitaria horren atzean gordetzen den gatazka politikoaz; Aljeriak 1962an independentzia lortu zuenetik dirauen horretaz.
Aljeria ekialdeko mediterranear itsasertzean, Kabilia independentea izan zen mendeetan zehar. XIX. mende erdialdean, Frantziako kolonizazio garaian, Danimarkaren zabalerako eskualde hau bereganatu zuen Aljeriak. Amazighak dira hango 6 milioitik gorako biztanleak. VII. mendean arabiarrak heldu baino askoz lehenago bizi ziren Ipar Afrikako eskualde menditsu honetan.
«Aljeria arabiarrak Aljeria frantsesaren lekua hartu zuen eta botere eskualdatze horretan amazigh herria bazterrean utzi zuten». Hitzok, berbereen hizkuntzaren aldeko ekintzaile Razik Zouaoirenak dira. Argitu duenez, Marokoko itsasertz atlantikotik Nilo mendebaldeko itsasalderaino hitz egiten den hizkuntza da tamazighta. Saharako tuareg tribuek ere mintzaira bera darabilte.
Tizi Ouzouko —Kabiliako hirigune administratiboa— kafetegi batean, Zouaoi argi mintzo da egoeraz: «Mendeetan jasan izan dugun arabizazio kanpaina itzelak ondorio suntsitzaileak ekarri dizkigu zentzu guztietan, bereziki Ipar Afrikan». Mapa gainean, toponimo arabizatuak dira ustezko asimilazio horren zantzurik agerikoenak: Vgayett izenaren lekuan Bejaia irakurtzen dugu orain, Tubirett-en ondoan Bouira… Lur gaineko metodoak berriz, ez dira izenenak baino xamurragoak. Tizi Ouzoutik 35 kilometro hegoalderantz, Ait Yenni herrian —Beni Yenni arabieraz—izenik eman nahi ez duen gazte bat kexu da egunero eskualdean zabalduriko kontrolpean bizitzearen nekeaz. «Jendarmeek leherketetarako detektagailuak badauzkate ere, Tizitik honanzko bidean hirutan arakatu didate autoa. Gure eskualdean erasoaldi islamistak bata bestearen ondotik datoz, eta armamentu astuna darabilte gainera. Nola liteke?».
Bada, honela azaldu du MAK Kabiliako Autonomiarako Mugimenduko presidente Ait-Chebibek: «Kuartel itzel baten murruez bestalde bizi gara. Aljeriako segurtasun indarren %40a baino gehiago Kabilian dago: armada, jendarmeria, Polizia, DRS Informazio eta Segurtasunerako Departamenduko agenteak…».MAK 2001ean sortu zela azaldu du, autodeterminazio eskubidearen bitartez uztarri arabiar-islamistatik libratzeko xedez. Berau omen da eskualdeko lehendabiziko indar politikoa.
Basoa sutan
200.000 izan ziren 1991an hasitako gerra zibilak eragindako biktimak. Ondoren, Aljeriako presidente Abdelaziz Bouteflikak baketze prozesuari ekin zion eta, neurrien artean, islamisten amnistiarena ere hartu zuen. Pasa den ekainean, Abdelghani Hamel poliziaburu aljeriarrak honako adierazpenak egin zituen, Al-Qaedari atxikitako taldeez mintzo zelarik: «Mehatxu terroristak bizirik dirau herrialde osoan». Talde jihadisten erasoaldiak, alabaina, Kabilian dira bereziki etengabeak. Ekainean hamalau islamista hil ziren eskualdeko segurtasun indarrekin borrokan.
LADH Giza Eskubideen Liga Amazigheko presidente Hocine Azemek ozen salatu du: «Segurtasun indarren eskutik datoz desagerpen eta atxilotze arbitrarioak. Horietaz gain, bahiketak ere gertatzen dira. Tizi Ouzou departamenduan hain justu, 69 pertsona bahitu dituzte 2005az geroztik. Gertaera hauen aurrean Poliziak axolagabekeriaz jokatzen du». Azem-ek dioenez, «Aljerretik datorren antolaturiko estortsio honen barruan lekuko enpresarioen parte-hartzea dago, baita Kabiliako ustezko basogabetze kanpaina ere. Operazio «anti-terroristen» aitzakiapean Poliziak olibondo lursail itzelei su ematen die. Eta oliba olioa dugu gure petrolioa. Ekintzok helburu bakarra dute, herria ekonomikoki itotzearen ondorioz gure lurra abandonaraztea». Salaketa hitzotan gera ez zedin, Azem ekintzaileak honen gaineko txostena helarazi zion Genevako Giza Eskubideen Batzordeari joan den uztailean.
AI Amnesty International eta HRW Human Rights Watch erakundeek ere salaketa egin dute, Aljeriako desagertu eta torturatu kopurua etengabe handitzen ari dela eta. Bi GKE horien esanetan, abusu horietariko asko DRSk ezkutuko espetxeetan egiten ditu.
«Krimena» eta zigorra
Tizio Ouzoutik hegoalderantz dago Maraghna herri ttipia, Ferhat Mehenni, abeslari amazigh ospetsuaren jaioterria. Ameziane izena zuen bere 19 urteko semea Parisen akabatu zuten 2001ean. Gertakizun hori, aitaren ekintza politikoaren gaineko zigortzat hartu dute askok. Baliteke, Ferhat Mehenni baitugu Parisen egoitza duen Kabiliako Erbesteko Gobernuaren presidentea.
Joan den uztailean, gazte amazigh batek Ramadana hautsi zuela eta, Poliziaren jipoia jasan zuen. Hau salatzeko luzatutako prentsa adierazpenean, Mehennik «iraniar molde bereko moralaren milizia» gisa deskribatu zituen aljeriar segurtasun indarrak. Ildo berean, AIk erlijio askatasunaren kontrako tankerako erasoak salatu ditu aurtengo txostenean. Tartean, Abdelkarim Siaghi kristau konbertituaren kasua: Mahoma profetari «irainak» egotzita, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten joan den maiatzean.Agian horrexegatik, Mohamed Akbal bitxigileak bere denda atzealdean hartzen du kafea, Ramadanak iraun artean. «Minaz jositako eremu itzela da Aljeria», dio artisauak, Ait Yenniko bere tailerrean. «Zaila da jakiten hankapean non eta noiz lehertuko zaizun».
Amazighak. Kabiliarrak Aljerian
Aljeriako haran debekatuetan barna
Afrika iparraldean sakabanatuta daude amazighak, eta Kabilia eskualdea jotzen da herri horren erresistentzia ikurtzatAljeriako aginteak amazighak bazter utzi dituela salatzen dute kabiliarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu