Lehen aldiz, epaitegi batek errunduntzat jo du Kolonbiako presidente izandako bat. Kolonbiako lehen instantziako epaitegi batek hamabi urteko etxeko presoaldia ezarri dio Alvaro Uribe presidente ohiari (2002-2010). Leporatu dio lekukoak erostea eta iruzur prozesala egitea haren aurkako epaiketa batean —talde paramilitarrekin harremana zuelakoan auzipetu zuten—. Presidente ohiaren defentsak iragarri du helegitea jarriko duela, eta, beraz, Bogotako Auzitegi Nagusiak ebatzi beharko du lehen instantziako epaitegiaren zigorra berretsi ala ez.
Astelehenean eman zuen ebazpenaren berri Sandra Heredia Bogotako lehen instantziako auzitegi bateko epaileak, eta gaur argitu du zein izango den Uribek bete beharreko zigorra: etxeko presoaldia betetzeaz gainera, presidente ohiak 3.400 milioi peso kolonbiarreko isuna ordaindu beharko du —710.000 euro inguru—, eta ezingo du funtzio publikorik izan datozen zortzi urteetan.
Uribek sare sozialetan jakinarazi du helegitearen defentsa lantzen ari dela: «Arazoaren inguruan baino gehiago, soluzioaren inguruan pentsatu behar da». Izan ere, ebazpena lehen instantziako epaitegi batek eman du, eta, Bogotako Auzitegi Nagusiak ere epai hori berresten badu, Uribek beste aukera bat edukiko du: Kolonbiako Auzitegi Gorenean helegitea jartzea.
Hain justu, han du jatorria auziak, Auzitegi Gorenean. 2012an, Bloque Metro izeneko talde paramilitarreko kide izateagatik kondenatua izan zen Uriberen lursail bateko langile ohi batek presidente ohiari eta haren anaiari leporatu zien Bloque Metroren sortzaileak izatea. Hori dela eta, Ivan Cepeda ezkerreko alderdi bateko senatariak presidente ohi eskuindarraren aurkako akusazioak egin zituen, talde paramilitarrekin lotura edukitzea leporatuta.
Uribek akusazioak ukatu zituen, eta Auzitegi Gorenean txosten bat aurkeztu zuen. Txosten horretan, hainbat lekukoren testigantzak bildu zituen, ziurtatuz Cepedak, informazioa argitaratu zuenak, diru eskaintzak egin zizkiela Uriberen kontra deklaratzeagatik. Auzitegi Gorenak, Cepedaren aurkako salaketa baztertu, eta Uribe ikertzeari ekin zion 2018an.
2020ko abuztuan, Uribe etxean preso sartzeko agindu zuen auzitegi horrek, «justizia oztopatzeko» arriskua sumatuta. Uribe senatari zen garai hartan, eta karguari uko egin zion. Hala, kasua lehen instantziako epaitegi batera igaro zen, eta presidente ohia atxiloalditik atera zen 66 egunen osten. Orduan, fiskaltzak epaia ixteko eskatu zuen, froga faltagatik. Iaz, Kolonbiako presidente Gustavo Petrok herrialdeko fiskal nagusia aldatu zuen. Eta, horren ostean, beste martxa bat hartu zuen Uriberen aurkako epaiketak. Kolonbiak oihartzun handia izan du auziak, eta hango hedabideek «mende honetako epaiketa» izendatu dute.