Kolonbia

Alvaro Uribek bahitu oro askatzeko eskatu dio FARC gerrilla taldeari, "bakea egiteko"

Kolonbiako armadak Ingrid Betancourt eta beste hamalau lagun askatu ditu. Presidenteak adierazi du negoziatzeko jarrera duela Gobernuak. Betancourten hiru seme-alabak harekin elkartu dira, sei urteren ondoren.

2008ko uztailaren 3a
19:13
Entzun
Kolonbiako armadak Ingrid Betancourt eta beste hamalau lagun askatu zituen atzo, eta gaur Alvaro Uribe Kolonbiako presidenteak FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrari bahitutako guztiak askatzeko eskatu dio, ondoren "bake negoziazioak" abiatu ahal izateko. "FARCek ulertu behar du segurtasun demokratikoa ez dela helburua, baizik eta erabateko bakea izateko bidea", esan du Uribek. "Gonbite hori egiten diogu FARCi bakea egiteko, guk beti jarrera hori eduki dugu eta, beraz, bere esku dituen bahituak askatzen has dadila". Gaur arratsaldean Paristik Bogotara joan dira Betancourten hiru seme-alabak, eta harekin elkartu dira, sei urteren ostean.

Betancourtez gain, Thomas Howes, Keith Stansell eta Marc Gonsalves Ameriketako Estatu Batuetako Pentagono langileak askatu ditu armadak, baita gerrillak gatibu zituen 11 soldadu eta polizia ere.

Guaviare eta Vaupes departamenduetan izan da operazioa; La Paz eta Tomachipan herrien arteko eremuan. FARCen kanpamendu batean askatu zituzten bahituak. Guztiak "osasun egoera onean" daude eta operazioan inor ez da inor zauritu. FARCeko zuzendaritzan infiltraturiko armadako kideek gerrillariei bahitu denak biltzeko eskatu zieten -hiru taldetan zeuden banatuta, oihanean- eta lortu zuten. Ondoren helikoptero batean sartu ziren denak, Alfonso Cano buruzagiarekin biltzekoak zirelakoan. Hamabost gatibuak, bi gerrillari eta armadako kideak zihoazen helikopteroan, eta hemen atxilotu zituzten bi gerrillariak.

San Jose de Guaviaretik Tolemaida basera eraman zituzten helikopteroz askatutako bahituak. Tolima departamenduan dago base militar hori, hiriburutik 190 kilometrora.

FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarren esku sei urte, 2.323 egun, zeramatzan bahituta Betancourtek. Kolonbiako presidentetzarako hautagai ohia 2002. urteko otsailaren 23an bahitu zuten kanpaina egiten ari zela. Clara Rojas FARCek iragan urtarrilean askatutako presidenteordetzarako hautagaia bahitu zuten harekin batera. Betancourten osasun egoera larria zela jakinarazi dute azken hilabeteotan askatutako bahituek.

Urteetan akordio humanitarioa egiteko eskatu diote kolonbiarrek eta nazioarteko hainbat lagun nahiz erakundek Kolonbiako presidente Alvaro Uriberi. Akordio humanitario horretan, FARCek 60 bat gatibu -tartean Betancourt- aske utziko zituela aurreikusten zuten, Kolonbiako Gobernuak preso dituen gerrillarietatik 500 bat askatzearen truke. Alabaina, bitartekaritza saio guztiek porrot egin dute.

Orain armadak Betancourt eta beste 14 lagun FARCen eskuetatik askatu ondoren, ikusteko dago Uribek zer-nolako jarrera hartzen duen gainerako gatibu eta presoak askatzeko eskaerei dagokienez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.