2023an Amazonian izandako lehorteak ondorio lazgarriak izan ditu lur haietan bizi diren komunitateentzat. Ibaiak 120 urtean izandako ur mailarik apalenera iritsi ziren, eta, Brasilgo hogei hiritan gutxienez, larrialdi egoera ezarri zuten ur faltagatik. Komunitate batzuek ibaien ibilguak baliatzen dituzte bide gisa, eta lehorteak komunitate horien arteko komunikazioa eten zuen. Gainera, klima aldaketak arrain ugari hil zituen tenperatura altuak eraginda, eta milaka pertsonaren bizimodua aldatu. World Weather Attribution ikerlanean baieztatu zutenez —Brasilek, Herbehereek, Erresuma Batuak eta AEBek hartu zuten parte—, klima aldaketa izan zen 2023ko uztailetik azarora bitarte Amazoniak pairatu zuen lehortearen kausa nagusia.
«Lehorte horrek zerikusia du Ozeano Atlantikoaren iparraldeko partea modu ezohikoan berotu izanarekin, baita El Niño fenomenoarekin ere; baina baso soiltzearen ondorio da batez ere, baita berotze globalak euriaren patroietan eragindako aldaketena ere», azaldu du Brasilgo Langileen Alderdiko diputatu federal Nilto Tattok. «Krisi klimatiko hau agerikoa da, konkretua, eta gero eta ohikoagoa».
2024. urtearen bukaeran, Brasilgo Gobernuak, Lula da Silvak gidaturik, kalteak arintzeko neurriak iragarri zituen, nahiz eta zientzialariek ohartarazi ondorioak luzaroko izango zirela, eta kaltegarriak bai landareentzat eta bai animalientzat. Gobernuak Amazonas ibaiaren tarte batzuk dragatu nahi ditu, tarte horietan nabarmen jaitsi baita uraren maila, metro gutxi batzuetakoa izateraino. Horrez gain, sedimentuak jaso nahi ditu lau tarte estrategikotan, gune sakonagoetara eramateko. Teorian, neurri horiek modua emango dute pertsonak eta salgaiak ibaietan zehar berriz garraiatzeko.
«Krisi honen konplexutasuna kontuan izanda, ezarri diren politika publikoak ez dira nahikoa», adierazi du Francy Junior aktibista ekofeminista eta historialariak. «Larrialdi egoeretan, gobernuek neurriak hartzen dituzte kalteak arintzeko; adibidez, janaria eta edateko ura bidaltzea, erregaia banatzea eta bakartuta dauden herriei laguntza ematea. Unean uneko ekintzak ere abiatzen dituzte; esaterako, urak monitorizatzea eta sentsibilizazio kanpainak egitea. Baina egiturazko politika publikoak behar ditugu, luzera begirakoak. Politika horiek zera izan beharko lukete helburu: ingurumena zaintzea, basoak lehengoratzea, baso soiltzea eta legez kanpoko meatzaritza kontrolatzea, eta Amazoniako biztanleei klima aldaketaren ondorioetara egokitzen laguntzea».

2024ko irailean, Amazonas ibaia inoiz erregistratu den mailarik apalenean zegoen: sasoi horretan batez beste egon ohi den baino 7,6 metro beherago. Horren harira, zera azaldu zuen Garraiorako Azpiegituretako Departamentu Nazionaleko zuzendariak, Fabricio de Oliveira Galvaok: «Toki batzuetan, landaredia ur azalean ikus daiteke; hain ur gutxi dago, ezen ibai hondoko landareak agerian geratu baitira». Isurialdeen banalerroak zedarritzen du Amazonas ibaiaren arroa; Amazonasek eta haren milaka ibaiadarrek hartzen duten eremua jotzen da Amazonasen arrotzat, eta 7.352.112 kilometro karratu ditu guztira, sei herrialdetan banatuta: Bolivia, Brasil, Ekuador, Kolonbia, Peru eta Venezuela.
«Lularen gobernuak berriz ekin die egiturazko politikei; adibidez, baso soiltzearen aurkako borrokari»
NILTO TATTO Brasilgo Langileen Alderdiko diputatua
«Edateko uraren eskasiak gaixotasunak pairatzeko arriskua areagotzen du», gehitu du Juniorrek. «Arrantzan ere eragina du ―familia askoren diru eta elikadura iturri nagusietako batean, alegia―, baita iraupeneko nekazaritzan ere». Geografia eta Estatistikako Brasilgo Institutuaren arabera, pertsonen eta salgaien garraioa oztopatzeaz gain, janariaren eta elektrizitatearen prezioek gora egitea eragin zuen lehorteak, zentral hidroelektrikoek ekarpen handia egiten baitiote herrialdeko mix energetikoari. Gainera, Amazoniako eskualde batzuetan, batez besteko tenperatura %2 igo da 1980tik, eta gehiago igoko da etorkizunean.
Amazonas ibaiak dibertsitate handia du, eta bizi iturri da ibaiertzetan eta arro osoan bizi diren 47 milioitik gora biztanleentzat. Izan ere, Amazonasen arroa 2,2 milioi indigena baino gehiagoren bizitokia da; hau da, 400 talde etniko baino gehiagorena.
Eragina elikaduran
«Politika publikoei dagokienez, Lularen gobernua zenbait esparrutan aritu da lanean», esan du Tattok. «Batetik, premiazko esku hartzeak abiatu ditu; besteak beste, laguntza humanitarioa bidali die biztanle kaltetuei. Bestetik, eta are garrantzitsuagoa da hau, berriz ekin die egiturazko politikei; adibidez, baso soiltzearen aurkako borrokari, eremu degradatuak lehengoratzeari eta ingurumen agentziak indartzeari, modua ematen baitute eskualdea behar bezala monitorizatzeko eta ingurumenaren kontrako delituei aurre egiteko. Gainera, inbertsioak egiten ari da ingurumena monitorizatzeko eta komunitate zaurgarrietan egokitzapen hidrikorako programak aplikatzeko. Neurri horiek guztiek lotura zuzena dute Brasilek Parisko Hitzarmenean hartutako konpromisoekin, bai eta COP30 biltzarrerako prestaketekin ere, mugarri globala izango baita krisi klimatikoaren aurkako borrokan».
«Oso garrantzitsua da tokiko komunitateetako erreferenteek ere irtenbideen bilaketan parte hartzea»
FRANCY JUNIOR Aktibista ekofeminista
Adituen kalkuluen arabera, komunitate batzuetan, pertsona bakar batek 500 gramo arrain ere jaten ditu egunean; horrek argi islatzen du zer-nolako eragina duen lehorteak elikaduran, esaterako. Baso soiltzea, meatzaritza, hirien hazkundea eta kutsadura dira horren kausa nagusiak, egungo egoera eragin dutenak. «Gainera, efektu psikologikoak ere kontuan hartu behar dira, hala nola antsietatea, beldurra eta abandonu sentimendua; izan ere, komunitate askok bakarrik egiten diete aurre honelako krisiei, laguntza publiko oso urria jasota, edo batere jaso gabe», azaldu du Juniorrek. «Nire ustez, oso garrantzitsua da tokiko komunitateetako erreferenteek ere irtenbideen bilaketan parte hartzea».