Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrak gaur adierazi du uste duela Marokok "nazioartearen presioaren aurrean amore" emango duela. "Konbentzituta nago", esan du Haidarrek Lanzaroteko aireportuan (Espainia). 25. eguna du han gose greban, Marokok bere jaioterrira itzultzen uzten ez diola-eta. Mendebaldeko Saharara bueltatuko dela ziurtatu du, "hilik edo bizirik".
Hark esan duenez, Fronte Polisarioa da Marokorekin daukaten gatazka konpontzeko euren bitartekaria.
Azaroaren 13an, Aaiungo aireportura (Mendebaldeko Sahara) iritsi berritan, Marokoko segurtasun indarrek atxilotu egin zuten Haidar. 24 orduz eduki zuten preso eta, ondoren, Espainiara bidali zuten, bete beharreko dokumentazioan -herritartasunaren atalean- marokoarra dela jartzeari uko egin ziolako. Handik bi egunera gose grebari ekin zion.
munDUA