ESPAINIA

Amnistia legearen tramitazioa onartu du Kongresuko Mahaiak

Behe ganberako legelarien txostenaren arabera, testuak ez du «forma akatsik», eta ez du elementu «begi bistakorik eta argirik» adierazteko Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela.

KONGRESUKO MAHAIA. ARMENGOL
Kongresuko Mahaiko lehen presidenteorde Alfonso Rodríguez Gomez de Celis eta Francina Armengol presidentea, azaroaren 3an.
Igor Susaeta.
2023ko azaroaren 21a
11:30
Entzun

Espainiako Kongresuko legelariei iruditzen zaie PSOEk azaroaren 13an erregistratutako amnistia legearen testuak ez duela «forma akatsik», eta, horrenbestez, tramitazio parlamentarioa has dezakeela. Behe ganberako letradunen txosten ez-lotesle horrek jasotakoa aintzat hartuta, Kongresuko Mahaiko gehiengo aurrerakoiak tramitazio hori onartu du gaur. Alde bozkatu dute PSOEko hiru kideek eta Sumarreko biek, eta kontra PPko laurek. Mahaiak onartu du, aldi berean, urtea amaitu aurretik lau osoko bilkura orokor egitea Kongresuan, eta, ondo bidean, horietako batean kontuan hartu eta aurrera aterako dute lege proposamena: abenduaren 12an, 13an, 19an eta 21ean. Nolanahi ere, horri guztiari buruz hitz egitekoak dira datorren ostegunean talde parlamentarioetako bozeramaileak.

Letradunek lege proposamenari buruzko txostena helarazi diote Mahaiari, Kongresuko bertako eztabaidak ahalbidetzen eta ordenatzen dituen organoari, eta, horretan jasotakoaren berri duten zenbait hedabidek kaleratu dutenez, amnistia legearen proposamenaren testuak ez du elementu «begi bistakorik eta argirik» adierazteko Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela.

Hilabete batzuk beharko dira, beharbada urtebete inguru ere bai ondo bidean, legea indarrean sar dadin eta horren ondorioak ezar daitezen, PP Alderdi Popularrak eta Voxek trabak jarriko baitituzte gorteetan, eta behin BOE Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua izan ondoren auzitegiek, ia ziur, inkonstituzionaltasun helegiteak jarriko baitituzte Auzitegi Konstituzionalean.

Horiek horrela, Kongresuko letraduek sinatutako testuan zazpi arrazoi jaso dituzte beren erabakia justifikatzeko, eta horietako bat da badirela aldeak oraingo amnistia legearen testuaren eta 2021eko martxoan Kataluniako alderdi independentistek erregistratu eta mahaiak atzera bota zuenaren artean. Oraingoan letraduek osatu duten testuaren arabera, ordukoaren asmoa zen indultu orokor bat «estaltzea»; eta oraingoak, berriz, «modu argi eta zehatz batean» identifikatzen ditu Kataluniako prozesu subiranistarekin lotuta irekita dauden auzibideak, «indibidualki».

Letraduen arabera, 2021ean mahaiak atzera bota zuen amnistia lege proposamenaren asmoa zen katalanentzako indultu orokor bat «estaltzea», eta oraingoarena, berriz, ez

Fernando Galindo da ganberako letradu nagusia, txostenaren egileetako bat eta hura sinatu duena hain zuzen, eta PPk haren aurkako errekusazio eskaera bat erregistratu zuen atzo Kongresuan. Galindo duela pare bat astetik dago karguan, eta PPk eskatzen du izendapen hori baliogabetzeko, argudiatuta Galindo goi karguduna izan zela —Lurralde Politikako Ministerioko idazkariordea eta Tokiko eta Autonomiako Lankidetzarako zuzendari nagusia— Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen aurreko legegintzaldian, eta, beraz, horrek «objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioak» urratzen dituela. Hori, batetik. Eta, bestetik, PPk gaineratu du ezkonduta dagoela joan den urriaren 30era arte Gorteekiko Harremanen Organoko zuzendari nagusia izandakoarekin.

Aldi berean, Voxek Mahaiaren erabakiaren aurkako idazki bat aurkeztu, eskatzeko iritzia alda dezala amnistia legearen tramitazioari buruzko erabakian. PP ere eskaera hori bera egitekoa da. Ziurrenik, baina, ez dute biderik egingo.

Zuzenketak

Behin tramitazio parlamentarioa hasita, amnistia legea onartzekoak dira Kongresuan. Gehiengo osoa behar da horretarako, 176 boto, eta, ezustekorik ezean, 178 bilduko ditu testuak: PSOE, Sumar, ERC Esquerra Republicana, JxC Junts Per Catalunya, EH Bildu, EAJ eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarra.

Ondoren epe bat egongo da testuari zuzenketak egiteko. Berez, hamabost egunekoa izaten da, baina, urgentziako bidea erabiliz erregistratu zutenez lege proposamena, epeak erdira murriztuko dira. Gero, batzordeetan eztabaidatuko dute. Aintzat hartuta urtarrilean ez dela jardun parlamentariorik egoten Espainiako Gorteetan —nahiz eta hori alda daitekeen—, epeak behar bezala betetzen badira, datorren urteko otsailean edo martxoan iritsiko da legea Senatura. PPk gehiengo osoa du hor, eta, lehengo astean, erabaki zuten ganbera horretako arautegia aldatzea, horko mahaiak erabaki dezan Kongresutik datozen lege proposamenak urgentziaz tramitatuko diren ala ez; beste modu batean esanda: filibusterismo politikoa praktikan jarriko du, tramitazioa ahalik eta gehien atzeratzeko. PPk denbora irabazi nahi du, judikaturako gero eta ahots gehiago jartzeko legearen aurka, baina gehienez bi hilabeteko epea du horretarako. Senatuan atzera botata, Kongresura itzuliko litzateke, atzera bozkatua izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.