Asteazken gauerditik aurrera Egiptoko segurtasun indarrek Kerdasah herrian egindako operazioa zer dela-eta egin zuen azaldu du gobernuak: abuztuaren 14an polizia etxeari eraso egin ziotenak atxilotzeko. Baina gerora jakin da 65 atxilotuen artean Esam el-Arian Anaia Musulmanen buruzagietakoa eta Askatasuna eta Justizia alderdiko presidentea dagoela. Mohamed Mursi presidentearen kontrako estatu kolpea eman ondotik, atxilotzeke zegoen Anaiarteko buruzagi bakarretakoa zen El-Arian.
Segurtasun indarren arabera, El-Arian hiru palestinarrekin ezkutatuta zegoen Kerdasahen, eta arma automatikoak eta eskuko granadak zituzten. Uztailaren 3ko estatu kolpearen atariko protestetan manifestarien hilketak sustatzea leporatzen diote.
Egipton gaur dute eskola sartzea, eta Zilegitasunaren Defentsarako Koalizio Nazionalak astebeteko protestetara deitu du, bereziki unibertsitateetan eragin nahian. «Kolpistek» eskolak zartarazi nahi dituztela ohartarazi dute Anaia Musulmanek: «Haien menpeko hedabideak giroa prestatzen ari dira, atentatuak egin eta Anaia Musulmanei leporatzeko. Eskola sartzearekin ikasleen iraultza bat gertatuko den beldur dira». Militarrek agintean ezarri dituztenei eskola sartzea atzeratzeko eskatu die Anaiarteak, «odol isuririk izan ez dadin».
Anaia Musulmanen alderdiko presidenteordea, Egipton atxilo
Eskola sartzea gaur da, eta «kolpisten asmoa» atentatuak egin eta beraiei egoztea dela salatu du Anaiarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu