Olatz Urkia

Aita txinatarra eta ama japoniarra zituen haur bat

2024ko irailaren 29a
05:05
Entzun

Aste honetan 44 urteko gizon batek 10 urteko mutiko bat hil du labankadaz Shenzhen hirian, Txinaren hegoaldean, eskola japoniar baten sarreran. Asteazkenean goizeko zortzietan ikaslea klasera sartzekotan zegoenean gertatu da. Erasotzaileak ez du aurpegia estaltzeko saiakerarik egin: labanaz haurrari eraso egin dio eta bertan geratu da, zain, Poliziak eraman duen arte. Ikaslea ospitalera eraman dute eta ostegun goizean zendu da.

Shenzhengo agintariek ziurtatu dute erasoa kasu isolatu bat izan dela. Gizonak aurrekari kriminalak zeuzkan. Hala ere, ez da aurten Txinan eskola japoniar batean egin den lehen erasoa, eta gertatutakoak Txinan bizi diren japoniarren artean kezka sortu du. Hainbat enpresak, besteak beste Toshibak eta Toyotak, langileei kontuz ibiltzeko deia egin diete; Panasonic-ek langile japoniarrei denboraldi batez jaioterrira itzultzeko hegazkin billeteak erosiko dizkiela agindu die. Sare sozialetan milaka txinatarrek erasoa erabat gaitzetsi dute. Eta beste behin, tentsio diplomatikoa areagotu egin da aspaldiko zauriak itxi gabe dituzten bi herrialdeen artean.

Mantxuriaren inbasioaren urteurrenean

Data ez da kasualitatea: asteazkenean, Mantxuriaren inbasioaren urteurrenean gertatu da, hain zuzen ere. 1931ko irailaren 18an japoniarrak Txinaren iparraldeko Mantxurian sartu ziren, bi herrialdeen arteko gerra luzea hasiz. Gatazka horretan Japoniako armada inperialak hainbat sarraski egin zituen; besteak beste, Nanjingekoa 1937an. Urte horretan, soldadu japoniarrek sei astez setiatu zuten Txinaren hegoaldeko hiria —2009ko Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen City of Life and Death pelikulan kontatzen da—. Guztira, 300.000 txinatar hil eta hamarnaka mila emakume bortxatu zituztela salatzen dute Pekinek eta Seulek.

Garai horretako zauriak oraindik ez dira ondo itxi: txinatarrek eta korearrek —beraiek ere jasan zituzten armada japoniarraren setioak— salatzen dute japoniarrek ez dutela behar bezala barkamenik eskatu.

Garai horretako zauriak oraindik ez dira ondo itxi: txinatarrek eta korearrek —beraiek ere jasan zituzten armada japoniarraren setioak— salatzen dute japoniarrek ez dutela behar bezala barkamenik eskatu. Ofizialki bai, onartu dute, baina aldi berean sarraski horien erantzukizuna izan zuten soldadu japoniarren omenez ekitaldiak egiten jarraitzen dute. Urte honetan, adibidez, Japoniako lehen ministro Fumio Kishidak Yasukuni santutegian —hil diren soldadu japoniarren omenez eraikia— eskaintza egin du, hitzaldian korearrek eta txinatarrek jasandakoa aipatu ere gabe.

Erdian daudenak, muturreko pentsaeren biktima

Sare sozialetan txinatarrek argi utzi nahi izan dute erasoak ez duela gehiengoaren pentsaera islatzen. Pasaportea txinatarra edo japoniarra izan, oinarrian denok pertsonak garela eta bata bestearen adiskide izan gaitezkeela errepikatu dute. Azken finean, aurten izan diren bi erasoetan gatazkarekin inolako zerikusirik ez duten herritarrak izan dira biktima: asteazkenean, 10 urteko mutikoa, aita txinatarra eta ama japoniarra dituena; eta ekainean, Suzhou hirian izan zen beste erasoan ere, eskola japoniarrean lan egiten zuen zaintzaile txinatarrak amaitu zuen hilda. Erasotzaileak familia japoniar baten aurka egin zuenean, haurra eta bere ama babesteko erdian sartu eta labankadaz hil zen langile txinatarra.

(ID_14290719) (/EZEZAGUNA) city
'City of Life and Death' pelikularen fotograma bat. BERRIA

Iraganeko zauriak ez dira itxi eta tentsioa hor dago, bi herrialdeetako batek beste keinu gatazkatsu bat egiten duen bakoitzean eztanda egiteko puntuan. Joan den urtean Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora isurtzen hasi zenean Japonian, Hego Korea eta Txinako japoniarrek hainbat eraso jaso zituzten, Txinako Suzhou hirian eskola japoniar batera arrautzak jaurti zituzten, iparraldeko Qingdao hirian, aldiz, harriak… Oraingoan, Mantxuriako inbasioaren urteurrenean urrunago joan da gizon bat. Agian urteurrenarena kasualitatea izan da, edo aitzakia, baina, sarritan gertatzen den bezala, batzuk gertatutakoa gorroto gehiago sortzeko erabiltzen hasi dira. Komunikabide askok ere, areagotzen ari den nazionalismo txinatarraz aritzeko aukera ikusi dute, teoria errepikakor horiekin tragedia politizatuz. Seguruenik, bi biktimek eta beren senideek ez dituzte ikusten alde batean txinatarrak eta bestean japoniarrak, alde batean gorrotoa dutenak eta bestean bakean bizi nahi dutenak baizik; seguruenik ez zaie gustatuko beraien tragedia gatazka diplomatikoarekin lotzen amaitu dutela ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.