Akordio bat lortzeari buruzko espektatibak apaldu ditu Iranek

Teheranek adierazi du itun bat lortzetik urrun daudela, AEBetako agintariek aipatutako aurrerapausoak gorabehera.

Trump hilko dutela dioen irudi bat Teheranen, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Trump hilko dutela dioen irudi bat Teheranen, gaur. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko azaroaren 3a
12:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itxaropentsu mintzatu dira Washingtongo agintariak azken egunetan. Baietz, AEBak eta Iran aurrerapausoak ematen ari direla elkarren arteko gerra amaitzeko. Zeharka ari dira hitz egiten bi aldeak. Iranek, baina, espektatiba horiek apaldu ditu, eta gaur goi funtzionario batek nabarmendu du itun bat lortzetik urrun daudela.

Hori esan dio Reuters berri agentziari. Haren arabera, Ormuzko itsasartea ireki dezaten, AEBek onartu egin beharko lituzke Teheranek jarritako baldintzak, hau da, Washingtonek Irani ezarritako itsas blokeoa amaitzea, su eten bat ezartzea Ekialde Hurbileko fronte guztietan, Iranek atzerrian dituen aktiboak desblokeatzea, eta, besteak beste, Teherani Mendebaldeak ezarriak dizkion zigor ekonomikoak bertan behera uztea. Iranek irail amaieran ondutako zirriborro batean jasoak daude baldintza horiek, eta, Teheranek azken egunetan adierazi duenez, horiek abiapuntutzat hartuta ari dira aldeak hitz egiten, bitartekarien bidez —nagusiki Pakistan eta Qatar ari dira rol horretan—.

Donald Trump AEBetako presidenteak atzo Truth Social bere sare sozialean idatzi zuen balitekeela Iranekin akordio bat sinatzea. Maiz hitz egin du horrela otsail bukaeratik, hau da, Iranen kontrako erasoaldia hasi zuenetik. Elkarrizketa sailak gorabehera, ordea, ematen du Trumpen helburua zera dela, Iranek amore ematea. Eta horren harira, kontuan hartu behar da Trumpek noiz egin dituen aipatutako adierazpen horiek; AEBetako agintaldi erdiko hauteskundeen bezperan. Errepublikanoak Ordezkarien Ganberan duten gehiengoa galtzekoak dira, eta ikusteko dago zer gertatuko den Senatuan. Atzo, kazetariek JD Vance AEBetako presidenteordeari galdetu zioten elkarrizketak zertan diren, eta erantzun zuen «nahiko baikorra» dela. «Aurrerapausoak eman ditugu». Ez zuen zehaztu, ordea, zertan.

Bi gizon exekutatu dituzte Iranen, urkatuta

Iazko urtarrilean Irango Gobernuaren aurka egindako protestetan lau polizia hiltzea egotzita, Irango agintariek hango bi gizon exekutatu dituzte gaur. Horren berri eman du Mizan berri agentziak, Justizia Ministerioko iturriak aipatuz. Auzitegi Gorenak atzo berretsitako epaiaren arabera, bi gizon horiek hainbat agenteri eraso zieten iazko urtarrilaren 8an, Isfahan hirian. Urkatu egin dituzte.

Trumpek badaki estatubatuar gehienak ez daudela Irani eraso egitearen alde —hala diote inkestek—, eta, kazetariek atzo galdetu ziotenean ea bozen ondoren Iran bonbardatzeko asmorik duen, ezetz esan zuen. Baina geroago, atzo iluntzean, AEBetako armadak Qexm uhartea bonbardatu zuen, Ormuzko itsasartean. Horren berri eman zuen The Wall Street Journal egunkariak, iturri militarrak aipatuta. Goizaldean, Reuters eta AP Associated Press agentziek AEBetako iturriak aipatuz kaleratu dute eraso horiek «defentsiboak» zirela, eta AEBek eskualdean dituzten aktiboei eraso egiteko erabilitako misilak zituztela helburu. 

Horrekin lotuta, Irango Guardia Iraultzaileak esan du AEBen bi drone erorarazi dituela gaur goizaldean Qexm uhartean. Irango Irna albiste agentziari esan dionez, «etsaiak» berriro «porrot» egin du. Horiek horrela, Irango Parlamentuko presidente Mohamad Baqer Qalibafek nabarmendu du gaur hemizikloan «irmoki» erantzun dietela AEBei, eta orain, negoziazioei dagokienez, Washingtonen teilatuan dagoela pilota. Hori bai, ohartarazi du gerrarako prest daudela baldin eta AEBek erabakitzen badute erasoaldia areagotzea eta hedatzea.

Irango eta Saudi Arabiako ordezkariak Teheranen bilduko dira gaur, eskualdearen segurtasunaz mintzatzeko. Joan den astean, Turkiako eta Pakistango ordezkariekin hitz egin zuten Irangoek, Teheranen bertan.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA