Mahmoud Abbas-ek modua egin du Al-Fatahren VIII. Kongresua antolatzeko, Ramallahn, eta ondorio nagusia izan da eserleku bat segurtatu diola bere semeari herrialdeko mugimendu politiko nagusia den horretako batzorde zentralean. Nolanahi ere, Abbasentzat nahikoa erronka izan da halako kongresu bat antolatzea bera. Gazako gerrak oraindik indarrean dirauenez, eta ezin izan dituenez diasporako palestinar komunitateetako ordezkariak ekarri, ez du beste aukerarik izan kongresua lau tokitan antolatzea baino: Ramallahn, Gazan, Kairon eta Beiruten.
1964tik, kongresua leku bakarrean egin izan da. Bederatzi urte pasatu dira azkeneko kongresua egin zutenetik, eta benetako desafioa zirudien garai zail hauetan beste bat antolatzeak. Abbasen aurkariek diote hura presaka ibili dela semea lehenbailehen hautatua izan dadin mugimendu nazional nagusiko egiturako batzorde gorenerako, hartara etorkizunean ere familiaren posizioa segurtatua izateko; beste batzuek, berriz, uste dute asmo orokor baten parte izan dela kongresua antolatzea, zin egin baitu sistema politikoa erreformatuko duela.
Urte honen hasieran, tokiko eta udaletako hauteskundeak egin ziren Zisjordaniako herri eta hiri guztietan; Gazan, hiri bakarrean antolatu ahal izan zituzten. Urriaren 7tik, lehen aldia zen gazatarrek botoa ematen zutena, hondakin artean eman ere. Oposizioko alderdi gehienek ez zuten parte hartu bozetan. Abbasentzat, berriz, kongresu hau antolatzea beste pauso bat izan da sistema politikoa «demokratizatzeko». Bere hitzaldian, nabarmendu zuen hauteskunde urtea dela 2026a. Kongresukideei gogora ekarri zien tokiko bozak antolatzeko modua egin zuela, eta agindu zien hurrengo hauteskundeak nazionalak eta presidentetzarakoak izango direla.
Al-Fatahren batzorde zentrala Palestinako sistema politikoko batzorde nagusia da, eta sistema hori PAE Palestina Askatzeko Erakundeak gidatzen du. Batzordeak, beste eginkizun batzuen artean, erabakitzen du Al-Fatahk zer ordezkari izango dituen PAEko batzorde exekutiboan, eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren gobernua eratzen du; baina, horrez gain, garrantzitsuena da Abbas hilez gero batzordeak hautatuko duela haren ordezkoa. Beraz, bertako hemezortzi kideak dira bene-benetan herrialdea administratzen duten buruzagiak.

Nolanahi ere, askok ez dute begi onez ikusi Abbasen 64 urteko seme Yasser hautatu izana, iruditzen baitzaie aitaren ondare politikoa heredatzea errazteko pauso bat besterik ez dela izan. Aitaren aholkulari eta enbaxadore berezi ere izendatu dute berriki Yasser Abbas, eta, nahiz ez zen izan bozketan boto gehien jasotakoa, batzorde zentralean orain leku hori edukitzeak agian esan nahi du aitaren politiketan aurrera segituko duela etorkizunean. Dena den, zaila da pentsatzea pauso horrek berekin ekarriko duela aitaren tokian aritzea noizbait. Izan ere, hor daude Hussein al-Xaikh presidenteordea, eta Jibril Rajub batzordeko idazkaria, eta, batez ere, Marwan Barghuti presoa, askok eta askok maitatua; beraz, Abbasen semeak ez dauka aukera handi-handirik. Hori guztia gorabehera, ordea, haren rola erabakigarria izango da.
Nabarmentzeko moduko beste gertaera bat: batzordeak iraun bitartean eta haren ondorenean kanporatu egin zutela alderdiko guardia zaharra. Abbas Zaki, adibidez, alderdiko beteranoetako bat da, eta beti adierazi izan du ikuspegi kritikoa Abbasen politika ofizialen inguruan; bada, hura izan da aulkia galdu dutenetako bat. Lehenago askotan baztertu izan dute motibo berberagatik. Rawhi Fattuh Palestinako Kontseilu Nagusiko presidente eta batzordeko kide izandakoak ere ezin izan dio eutsi eserlekuari. Arafat hil eta gero, bi hilabetez PANeko behin-behineko presidente izan zen Fattuh.
Eta, aldaketarik garrantzitsu eta txundigarriena horra: Al-Fatahko figura historiko eta miliziako buruetako batek, Mahmuf Alul-ek, Al-Fatahko buruzagiorde izateari utzi behar izan dio, nahiz eta mugimenduko oinarriek nabarmen babesten duten, mugimenduaren miliziak 70eko eta 80ko hamarraldietan egindako operazio militar handiei lotuta dagoelako haren izena. Abbasen buruzagiorde izan da Al-Fatahn azken bederatzi urteetan, eta beti pentsatu izan da legitimoki hari zegokiola Abbasen lekua hartzea.
Aldi berean, Abbasek Al-Xaikh Palestinako presidenteordearen boterea eta posizioa indartu ditu, hura Al-Fatahko buruzagiorde izendatzera behartuta. Lehen, komenigarritzat jotzen zen PANeko presidenteordearen postua eta Al-Fatahko buruzagiordearena bereiz egotea, sistema politikoa hobeto kontrolatzeko eta sisteman orekari eusteko. Analista askoren ustez, etorkizunean Abbasen ordez Palestinako herriaren lider izateko bidean jartzeko hautatu dute Al-Xaikh Al-Fatahko buruzagiorde. Dena dela, ez dago seguru jakiterik hori ez ote den aldatuko datozen hilabeteetako hauteskunde nazionalen eta presidentetzarakoen ondoren; izan ere, boz horietan zer emaitza atera, horren arabera baliteke Abbasek bere ondorengotza berrantolatu nahi izatea.
Nolanahi ere, emakumeen ordezkaritza handitu egin da kongresuan, bai batzorde zentralean eta bai iraultza batzordean ―hots, alderdiaren parlamentuan―; izan ere, lehen aldiz, bi emakume hautatu dituzte batzorde zentralerako. Normalean, emakume bakarra aurkezten da. Iraultza batzordean, berriz, 81 kideetatik hamasei dira emakumeak orain, hau da, ia %20. Eta inportanteena: bi emakumeri gehieneko boto kopurua eman diete. Haietako bat Barghutiren beraren emaztea da.
Bestalde, Al-Fatahko gazte mugimenduak lehen aldiz lortu du bere buruetako bat batzorde zentralean sartzea: Eyad Safi, Gazako gazte mugimenduko burua. Mugimendu horretako Zisjordaniako buruak, berriz, Hassan Faraj-ek, iraultza batzordeko gizonezko guztien botoak jaso ditu. Preso egondakoei dagokienez, berriz, Barghutiz gain beste bi ere hautatu dituzte batzorde zentralerako: Zakaria Zubeidi, Zisjordania iparraldeko Jeningo iheslari esparruko Aqsa brigadako lider izandakoa, eta Tayser Bordani, Israelgo zenbait espetxetan egona hogei urte pasatxo. Israelen gogor kritikatu dute Zubeidi hautatu izana, II. Intifadan zenbait israeldar hiltzea leporatzen baitiote. Zubeidi da, hain zuzen, 2021ean presondegitik tunel bat eginez ihes egiten saiatu ziren sei presoetako bat.
Emakumeen ordezkaritza handitu egin da kongresuan, bai batzorde zentralean eta bai iraultza batzordean ―hots, alderdiaren parlamentuan―; izan ere, lehen aldiz, bi emakume hautatu dituzte batzorde zentralerako. Normalean, emakume bakarra aurkezten da. Iraultza batzordean, berriz, 81 kideetatik hamasei dira emakumeak orain, hau da, ia %20.
Dudarik gabe, Al-Fatahren kongresua garrantzitsua izan da Palestinako politikarako, eta eragina izango du sistemaren etorkizunean, Al-Fatahk Palestinako politikaren egituraketan daukan rola dela eta. Askok, egia da, kritikatu egin dute kongresuaren emaitza, baina oraindik goizegi da jakiteko ea Abbasen aldaketek ―batez ere semeari batzorderik goren eta efektiboenean leku seguru bat emateko neurriak― noraino urratuko duten sistema politiko orokorra zinez aldatzeko bidea.
Nahiz eta askok bere garaian auzitan jarri zuten ea kongresua egin ahalko zen edo ez, Abbasek modua egin du kongresua erraz eta posible egiteko behar ziren baldintzak eta arauak ezartzeko. Asko haserre daude emaitzarekin, baina, bien bitartean, badirudi Abbasek aurrera segitzen duela, beste hauteskunde batzuk antolatzeko presioa eginez.
Hasierako agur-hitzaldian, Abbasek zin egin zuen parlamenturako bozetara deituko zuela udazkenerako ―azaroaren 28an egingo dituzte― presidentetzarakoak, berriz, hurrengo urtarrilerako espero dira, Palestinako Aginte Nazionala erreformatzeko. Esandakoa betez gero, azkenean egin ahal izango dira hainbeste atzeratu diren presidentetzarako eta parlamenturako hauteskundeak.
Kongresuaren ondoren, Hauteskunde Orokorren Legea zuzentzeko lege dekretu bat eman zuen, alderdi edo zerrenda batek Palestinako Kontseilu Legegilean eserlekuren bat lortzeko langa nabarmen beheratzeko, %1era hain zuzen, eta politikari eta aktibista ugarik oso gogor kritikatu dute neurria. Lege berriaren aldekoek uste dute fakzio berriak eta ahots gazteagoak parte hartzera animatzea dela haren helburua, baina beste zenbaitek ohartarazi dute arriskua ekarriko duela zatiketa politikoa areago sakontzeko, adostasun zabalik ezean. Gainera, ez da ziurra eragin handiko alderdi politiko eta mugimendu handiek parte hartuko ote duten hurrengo hauteskundeetan, besteak beste Hamasek, Jihad Islamikoak eta Palestina Askatzeko Herri Fronteak.
Beraz, botere gailen horiek gabe, sistema politiko berri baten testigu izango ote gara? Eta, hala bada, eraginkorra izango da sistema hori, eta herritarren ordezkari egokia?