Duela ez hainbeste vox populi zen Mexikon: PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdia ahalegintzen zen pintura horiaren truke, esaterako, behar gehien zuten herritarren botoak erosten. Ez zen harritzekoa, orduan, auzo txiroetako paretetan PRDren kolore horia nabarmentzea.
PRDkoek, noski, ez zuten horri buruz publikoki hitz egiten; demokrazia liberalaren konbentzioak errespetatzen zituzten jendaurrean. Horretan ere, ordea, konbentzio guztiak hankaz gora jarri ditu Donald Trumpek. AEBetako presidenteak agindu du estatubatuar heldu guztiei 5.000 dolar emango dizkiela baldin eta Alderdi Errepublikanoak lortzen badu azaroaren 3ko agintaldi erdiko bozetan Kongresuaren kontrolari eustea.
Esan duena trumpkeria gisa har daiteke; beste bat, beraz, egiten dituen planteamendu etikoki gaitzesgarrien artean. Baina AEBetako presidentea —negozio gizon bat finean— bide urratzailea ere bada adierarik okerrean, eta, trumpkeria bat bestearen atzetik, zaborra bota eta bota ari da, oinarrizko eskubideak zanpatzen dituen paradigma aldaketa bat zimendatzen. Demokrazia liberaletan ez dago desordutan mezuak zein mehatxuak idazten dituen estatubururik edo gobernubururik.
Gurean ohikoa da entzutea AEBetan gertatzen dena Europan gertatzen dela ondoren —normalean, gizartea traketsagoa bihurtzen duten ekintzak, joerak, modak, ideiak... —. Hala esaten da, baina ezin zientifikoki frogatu; bai, ordea, gizakiak imitazioz ere ikasten edo desikasten duela. Eta Europako eskuin muturrek, mendebaldera begiratuz gero, badakite nor imitatu.