Nondik hasi... Herritarron zoritxarrerako munduko lehen potentzia militarreko presidenteak darabilen hizkuntza moldearekin, adibidez, baita adierazten duen horrekin ere. Donald Trump, igande goizaldean Irango instalazio nuklear nagusiak bonbardatu ondoren. «Iranek, Ekialde Hurbileko jazarroiak, bakea onartu beharra dauka. Ez badu onartzen, hurrengo erasoak okerragoak izango dira». Zozoak beleari ipurbeltz, hortaz. Eta negozio gizonaren bazkide Benjamin Netanyahu, Israelgo lehen ministroa, ez da atzean gelditzen, ez tonuan, ez kontzeptuen aukeraketan, ezta ahoratutako hitzei gehitutako zinismo dosietan ere: «Zera esan ohi dugu Trumpek era biok: 'Aurrena indarra erabili behar da, eta gero etorriko da bakea'». Hori esaten du nork eta Gazan azkeneko ia bi urteetan 56.000 hildako eragin dituen setioaren erantzule nagusiak.
Eta jarrai daiteke aipatuz zein lotsa gutxi duen Netanyahuk esaten duenean, gutxi-asko, duela 11 egun Iranen aurka hasitako operazio militarra irandarren hobe beharrez dela; momentuz, laurehun pertsona baino gehiago hil dituzte Israelen erasoek... Netanyahuk beren «askatasunaren alde altxatzera» deitu ditu irandarrak, esanez Irangoa «erregimen zapaltzaile eta gaizto bat» dela. Kontzeptu manikeoak erabiltzen ditu, beraz: gaiztoak batzuk, zintzoak besteak... AEBek ere estrategia hori baliatu izan dute historikoki, bai etxean, bai inperioa zabaltzeko edozein ahalegin aurrera eramateko orduan ere.
Trumpek ere Teherango agintaritza karguetatik kanpo nahi ditu aiatolak, lider erlijiosoak. Egia da: giza eskubideak urratzen dituzte, eta emakumezkoak zapaltzen; ez dute, inondik inora, sistema eredugarri bat sortu azkeneko ia bost hamarkadotan. Aurrekariak kontuan hartuta, ordea, AEBek, nazioarteko gatazketan esku hartu izan dutenean, nekez proposatu dute erorarazitako sistemen alternatiba demokratikorik eta iraunkorrik.
Horren harira, azken egunetan Reza Pahlevi ari da aldaketa hauspotzen. Mohammad Reza Pahlevi Irango xah-ren semea da, zeina AEBetara erbesteratu zen 1979an —hura buru zuen monarkiak ia 40 urtez agindu zuen—, Iraultza Islamiarrak, Ruhollah Khomeini buru zuela, Iranen agintea hartu zuenean. Pahlevik du AEBetako establishment-aren babesa, eta Israelgo agintariak ere prest leudeke hari bidea zabaltzeko. «Trantsizio demokratiko eta bakezale» bateko burua izateko prest legoke, gaur esan duenez. Eta gaur, hain zuzen, Israelek iragarri du Teherango Evin kartzela bonbardatu duela; han daude preso politiko nabarmenenak. Horren ondoren, Gideon Saar Israelgo Atzerri ministroak «Gora askatasuna, arraioa!» idatzi du gazteleraz sare sozialetan, Javier Milei Argentinako presidente ultra imitatuz.
Askatasuna hizpidera ekarrita, komeni da segitzea gogoratuz hain justu hori aldarrikatzen zuela Geoge W. Bush AEBetako presidente ohiak (2001-2009) 2001eko irailaren 11ko atentatuak gertatu eta aste batzuetara Askatasun Iraunkorra operazioa abiatu zuenean Afganistanen, Mendebaldearen erabateko babesarekin. Hogei urte pasa geroago, hau da balantzea: milaka izan ziren hildakoak; herrialdea txikitu zuten, eta herritarrak traumatizatu zituzten; eta agintetik kendu nahi zituzten horiek agintzen dute berriro: talibanek.

Trumpek barre egiten zion Joe Biden Etxe Zuriko aurreko maizterrari, eta egozten zion AEBetako tropek nola alde egin zuten Afganistandik 2021ean, korrika eta presaka, modu ez oso txukunean. Trumpek adierazten zuen bere ibilbide politikoaren hasieran, duela ia hamar urte, ez zela belatz bat izango, hau da, ez zuela atzerri politika erasokor eta militar bat defendatuko; are, harro esaten du lehen agintaldian ez zuela gerrarik hasi, eta «horiek etetea» duela helburu.
Baina kasu honetan zibilak jomugan jarri ez izanagatik, negozio gizonak areago su eman dio suari; gainera, nazioarteko legedia urratuz. Izan ere, ez du errespetatu NBE Nazio Batuen Erakundearen gutuna; horren 42. artikuluaren arabera, herrialde batek «indarrezko ekintzak» egin ahal izango ditu «bakea eta nazioarteko segurtasuna mantentzeko edo berrezartzeko», betiere Segurtasun Kontseiluaren oniritziarekin. Eta AEBei ez diote baimen hori eman.
Esan daiteke, hortaz, egia-ostearen aroa ireki zutela AEBek 2003an, Irakeko bigarren gerra hasteko. Eta paralelismo batzuk, gutxienez, badaude orduko eta oraingo egoeraren artean
2003an ere ez esplizituki, Irak — Bushek «gaizkiaren ardatza» deitu zien herrialdeetako bat, Iranekin eta Ipar Korearekin batera— inbaditzea erabaki zutenean, argudiatuta Saddam Hussein buru zuen herrialdeak suntsipen handiko armak zituela. Gezurra zen, ordea; hori baieztatzeko frogarik gabe hasi zuten inbasioa. Urte batzuk geroago kaleratutako ikerketek erakutsi zuten ezetz, Irakek 1991n txikitu zituela suntsipen armen armategiak, eta ez zela ari, gainera, berriak ekoizten; AEBetako espioien txostenek ere hala jaso zuten 2006an. Bide batez, esan beharrik ez dago: Irakeko bigarren gerran ere (2003-2011) milaka pertsona hil zituzten, eta horrek ez zuen alternatiba demokratiko eredugarriago bat ekarri.
Esan daiteke, hortaz, egia-ostearen aroa ireki zutela orduan AEBek. Eta paralelismo batzuk, gutxienez, badaude orduko eta oraingo egoeraren artean. Zeren Irani eraso egiteko AEBen eta Israelen argudioa da Iran, bere programa nuklearraren bidez, arma nuklear bat ekoizteko pronto dagoela, eta hori eragotzi nahi dutela. Baina IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren buru Rafael Grossik orain bost egun esan zion Bloomberg berri agentziari ez dagoela frogarik ziurtatzeko Iranek arma nuklearren programa bat duela —AEBetako espioiek gauza bera esan zuten martxoan—. Kezkatuta dago, hori bai, Iranek otsailetik maiatzera %50 areagotu duelako uranio aberastuaren ekoizpena; %60ean dago orain, eta, adituen arabera, %90ean behar du bonba nuklear bat egin ahal izateko. Teheranek dio programak asmo zibila duela.
Bitartean, Mendebaldeak ia aho batez eskatzen dio, mesedez eta arren, ez ateratzeko NPT Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Itunetik. Hura sinatzen dutenei arma nuklearrak izatea eta garatzea galarazten die hitzarmenak. Bukatzeko, ez litzateke gaizki etorriko oroitaraztea Israelek ez duela ituna sinatu, eta gisa horretako armak dituela.