Atef Abu Saif.

Bi estaturen ametsaren amaia ote da hau?

2026ko maiatzaren 5a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Apirilaren 25ean udal hauteskundeak izan dira Zisjordanian, eta, Palestinaren eta Israelen arteko negoziazioak ez atzera ez aurrera dauden honetan, zenbait galdera piztu dira PAN Palestinako Aginte Nazionalaren etorkizunaren inguruan. Palestinarrek beren estatua eratu nahi dute Zisjordanian eta Gazako zerrendan —beren aberriaren %21 baino ez da hori—, eta Israelen helburua, berriz, lurralde palestinar gehiago anexionatzea da. PANek 30 urte pasatxo daramatza indarrean, baina inondik ere ez da oraindik ahalmen beteko estatu bat. Israeldarren koloniak gero eta gehiago dira, eta gero eta jendetsuagoak; lurralde gehiago anexionatu dituzte, eta palestinarrek nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabili izan dituzten lurrak konfiskatu; ondorioz, Palestinako eremu urbanoak gero eta murritzago daude. PANek, egia da, bidea egin du bere instituzioak garatzeko, bere segurtasun organoak eta organo zibilak ezartzeko, eta nazioartean aitortza handiagoa lortzeko; hori bai, benetako kontrolik eta subiranotasunik gabe.

Hogei urtean ez da izan hauteskunde nazionalik, eta presidentetzarakorik ere ez 21 urtez, baina Palestinako Aginte Nazionalak modua egin du lau urtean behin udal hauteskundeak antolatzeko. Azkenok Zisjordaniako 183 herri eta herrixkatan egin dituzte, eta hiri bakarrean, Deir el-Balah-n hain zuzen, Gazako zerrendan. 522.000 herritarrek eman dute botoa, eta parte hartzea %56 izan da Zisjordanian. Bozketa egin duten 183 udalez gainera, tokiko 197 organismotan zuzenean aukeratu dituzte hautagaiak, lehiakiderik ez zutenez gero. Deir al-Balahn izan da parte hartzerik txikiena: %23. Hauteskunde Batzorde Zentraleko buru Rami Hamdallahk adierazi duenez, erregistro zibila eguneratu gabe dagoelako izan da hain apala parte hartzea, erroldan ageri den jende asko hila delako alegia, eta, horretaz gainera, familia batzuek Deir al-Balahtik beste norabait alde egin behar izan dutelako.

Nolanahi ere, Deir el-Balahko hauteskundeak sinbolikoak ere izan dira, agerian utzi baitute batasuna dagoela Palestinako lurraldeen artean, Zisjordanian eta Gazan. Dena den, Gaza militarki Israelen kontrolpean egonik, eta uste izatekoa denez Trump buru duen Bakearen Kontseilua izenekoak gobernatuko duela, litekeena da beste sistema politiko baten mende geratzea lurralde hori.

Aurreko batean, nire lagun Maher-i esan nion Gazako gerraren ondorio nagusietako bat horixe izango dela, Gazaren etorkizuna Zisjordaniaren etorkizunetik bereiztea. Bi estaturen konponbideari berrekitea auzitan dagoen honetan, bi entitateek —Gazak eta Zisjordaniak— etorkizun politiko eta administratibo bereiziak dituzte. Maherrek, ordea, eten egin zidan, esanez bi estaturen konponbideaz eztabaidan hasi aurretik jendearen eguneroko premiei erantzun beharko geniekeela. Horra zer galdera bota zidan: «PAN ez bada gai bere obligazioak bete eta bere herritarrei oinarrizko zerbitzuak emateko, nola lortuko du, ba, estatu bihurtzea?». Zalantzazkoa da PANeko erakundeek aurrera segitzea lortuko ote duten, eta erakunde hori ez ote den azkenean porrot eginda desegingo. Egia esan, gaur egun inor ez da estatuaz mintzo: mundu guztia dabil buru-belarri bere bizimodua nola hobetuko.

(ID_16017109) MIDEAST PALESTINIAN VOTE
Emakume bat botoa ematen Deir al-Balahn, Gazan, apirilaren 25eko udal hauteskundeetan. HAITHAM IMAD / EFE

Posible ote da bake itun bat lortzea? Ez da komeni bakearen ametsaren bidean amore ematea, baina, aldi berean, kontuan hartuta nola dauden gauzak gaur egun Zisjordanian, zuhur jokatu behar da PANen perspektiba aintzat hartzean. Azken 30 urteetan, Israel jo eta su ibili da lanean Palestinarren ametsa —estatu bat edukitzeko ametsa, alegia— amesgaizto bihurtzeko, kokalekuak eraikiz eta eraikiz eta Palestinako lurraldeak anexionatuz eta anexionatuz. Kolonoak palestinar nekazarien komunitateei erasoka aritu zaizkie egunero, mehatxuka, tiroka, haien abereak hiltzen eta ardiak lapurtzen. Eraso horien helburua, noski, palestinarrei alde eginaraztea izan da. Giza eskubideen inguruko txosten baten arabera, «Israelgo agintariak ahaleginetan ibili dira Palestinak bere estatua lor ez zezan eta Zisjordania okupatua behin betiko anexionatzeko, eta, bide horretan, kolonoen indarkeria, estatuaren gerizpean, funtsezkoa izan da palestinarrei alde eginarazteko, toki estrategikoetatik bidaltzea lortu baitute hala». Are, esan daiteke kolonoek badutela jada beren estatua Zisjordanian; Israelgo armadak sustatu eta babestutako estatu bat.

Israeldarren ekintza horiek, etorkizuneko edozein bake ituni azpijana egiteaz gainera, ataka nabarmenak jartzen dizkiote bi estaturen konponbideari ere, eta, oroz gain, giza eskubide oinarrizkoak urratzen dizkiete Israelen okupazioaren mende bizi diren palestinarrei. Gaur egun Israelgo Gobernua osatzen duen eskuineko koalizioak plan bat du Palestinako lurrak anexionatzeko, eta plan hori, era berean, Israelek Palestina kontrolatzeko daukan estrategia zabalago baten parte da. Estrategia horretan, Israelgo armadak, gobernuak eta kolonoek bat eginda jarduten dute Zisjordaniako herritarren kontrako beste Nakba bat burutan atera nahian. Gaur egungo egoerak bere hartan irauten badu, PANek ez du edukiko bere estatua non eraturik ere. Hortaz, errealitate oroz gaindi dago bi estaturen konponbidea.

Mundu guztiak daki zein den nazioarteko legearen azken kondarrak salbatzeko bidea, baina ez entzun egiten dute denek. Izan ere, horretarako, Israel bakartu beharko litzateke, eta zigortu, eta, garrantzitsuena, apartheid erregimen izendatu. Baina Israel estatu konponbide bat eztabaidatzeko prest egon dadin, aukera bakarra da hura konturatzea Palestina okupatuan ezartzen dituen politikek ondorioren bat izango dutela. Israelen politikek, bakerako aukera oro suntsitzeaz gainera, erakusten dute Israeli ez zaiola axola ez nazioarteko legeak zer dioen, ez beste estatuek zer dioten. Besteri badagozkion arauak berari ez balegozkio bezala jokatzen du. Halatsu, palestinarrek ere sentitzen dute nazioarteko legea eta giza eskubideak ez dagozkiela beraiei, eta besteen kasuan axola duenak ez duela axola beraien kasuan, zergatik-eta, besterik gabe, Israel dutelako etsai. Behin, Gazako gerran, nire seme Yaser Arafatek galdetu zidan zergatik inork ez zuen Israel geldiarazten, eta ezin erantzun gelditu nintzen ni. Baina kontua horixe da, gaur egun nazioarteko politikan inor ez dagoela prest Israel gerarazteko. Nazioarteko komunitatea hortxe dago, baina Israel beste kontu bat da.

Nazioartea benetan Israel estutzeko prest agertzen baldin bada ere noizbait, ordurako apika ez da inon lurrik geratuko Palestinako estatu bat osatzeko

Aurreko batean Ramallah-tik Nablus-era joan nintzen nire lagun Yusifekin, eta ez genuen palestinarren kontrolaren batere zantzurik aurkitu bi hiri nagusi horietako batean ere. Hango herri palestinar bakanak ere Israelek ezarritako hesien atzean ezkutatuta zeuden, edo kokalekuz eta postu militarrez inguratuta. Estatu batzuek bi estaturen konponbidearen aldeko hitzontzikerian dihardute, baina inor ez da benetan ekinean ari konponbide horren alde. Nazioartea isilik, eta Israelek hortxe dirau, Zisjordaniako eta Gazako lurralde gehiago anexionatzen, palestinarren komunitateak bakartzen eta uharte bilakatzen, israeldarren kokalekuz eta bidez inguraturik. Yusef izeneko kazetari batek esan zidan bezala, nazioartea benetan Israel estutzeko prest agertzen baldin bada ere noizbait, ordurako apika ez da inon lurrik geratuko Palestinako estatu bat osatzeko. Bi estaturen ametsaren amaia ote da hau?

Egun hartan, nire lagun Yusifi esan nion Israelek kokalekuak desegin eta hustuko lituzkeela benetan estutuko eta zigortuko balute. Gogorarazi nion nola 2005ean Israel Gazatik erretiratu zen hango kokaleku guztiak hustu zituztenean. Hark erantzun zidan baietz, baina 2005ean Zisjordania iparraldean hustu zituzten kokaleku berberak berreraikitzen ari direla orain. «Eta, horrez gainera, Gazako zerrendaren %53 okupatua dute», erantsi zuen, handik pixka batera. Bukaeran, atsekabez, esan zuen mirari bat beharko litzatekeela hor estatu bat eratzeko.

Nablusera iristean —eskualdeko eta herrialdeko hiririk zaharrenetako bat da—, proposatu nion politika kontuak uztea eta zerbait jateko lekuren bat bilatzea. Eta Yusifek, orduan, irribarrez: «Jateko lekuren bat bilatzea bera ere politika kontua da hemen». Estatu bat ezartzea baino zailagoa ote zen hori, halaxe galdetu nion nik. Eta, irribarrez, hantxe abiatu ginen falafel jatetxe baten bila.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA