Europako bi botere nagusien arteko azken talkan, Moldaviako Parlamenturako hauteskundeetan, Bruselak irabazi du partida; Europako Batasunean sartzeko bidea bultzatzen jarraituko du Maia Sandu lehen ministroaren alderdiak, legebiltzarrerako eserlekuen gehiengoa lortu eta gero. Hala ere, Moldavia EBren aldean jartzeko lehia geopolitikoa ez da amaitu, aurrerantzean areagotu egingo da; Moldavia zenbat eta gehiago gerturatu Bruselara, orduan eta ahalegin handiagoa Moskutik biak urruntzeko. Bruselan gogoan dute Ukrainarekin 2013an gertatu zena: akordio ekonomiko eta politikoa sinatzear zeudela Kieveko gobernua eta EB, Errusiak esku hartu zuen, eta gero bi inbasio jarri zituen abian.
Sanduren alderdiak legeak aurrera ateratzeko gehiengoa izango badu ere, babesa galdu du aurreko hauteskundeekin alderatuta. Bruselak azken urteotan eman dion kapital ekonomiko eta politiko handiarekin ere ozta-ozta eutsi baitio parlamentuko gehiengoari. Herritar asko nekatuta daude Moldavian bizitza maila ez delako hobetu. Alegia, Bruselaren diruarekin eraikitako zentral elektrikoek eta errepideek ez dute pobrezia maila aldatu: Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, hamar biztanletik ia lau pobrezian bizi dira.
Hainbat herrialde txirotan gertatzen den moduan, Moldavian ere ustelkeria da pobreziaren atzean dagoen faktore nagusia; politikariak, epaileak, alderdi guztietako kideak, negozio-gizonak... gizartearen maila guztietan dago txertatuta diruaren truke gauzak lortzea. Ustelkeria da, hain zuzen ere, Moldaviako komunitateek —moldaviarrak, Transnistriako errusiarrak, Gagauziako gagauziarrak eta errumaniarrak, roma etniakoak...— amankomunean duten arazo bakarra. Europako Batasunak eta Errusiak bidaltzen duten diruaren zati bat lapurtu egiten dute boterean daudenek, eta ez zaie interesatzen Bruselak Europako Batasunean sartzeko eskatzen dituen erreformak indarrean jartzea. Sanduren gobernuak neurri gehiago hartu beharko ditu ustelkeriaren kontra egiteko.

Datozen hilabeteetan gauzak asko aldatzen ez badira, herritarren protestak berpiztuko dira eta, Errusiaren laguntzarekin, gobernua erori egin liteke. Joan den igandeko hauteskundeetan herritarren gehiengoak Sanduren alderdi europazaleari gobernatzeko emandako aukera azkena izan liteke. Ustelkeriak eragiten duen deskontentuak boto asko eman dizkio Errusiaren aldeko Bloke Abertzaleari. Gainera, Transnistriako herritarrak sinistuta daude Errusiarekin harremanak hobetuta hobeto biziko direla Moskuren diru laguntzari esker. Joan den urtarrilean Gazpromek Transnistrian gasa moztu zuenean fakturak ordaintzeko dirua Europako Batasunak eskaini zuen arren.
Bruselan gogoan dute Ukrainarekin 2013an gertatu zena: akordio ekonomiko eta politikoa sinatzear zeudela Kieveko gobernua eta EB, Errusiak esku hartu zuen zuen, eta gero bi inbasio jarri zituen abian.
Bruselak ez ezik, Errusiak ere kapital handia inbertitu du Moldavian, azken hauteskundeotan europazaleei edo oposizioko indar errrusiazaleei laguntzeko; alegia, sekula ez dira hainbeste boto-erosketa eta desinformazio kasu zenbatu.
Europako Batasunak ondo daki ustelkeria maila handiekin ere posible dela Europako Batasuneko kide izatea; Errumania eta Bulgaria adibide garbiak dira. Horrek gerora dakartzanak ere bai: muturreko indarren eta indar populisten gorakada, tartean Europako Batasunaren aurkakoena. Moldaviaren eta Ukrainaren hautagaitzak lotu egin dituzte Europako Batasunera batera sartu daitezen 2030ean. Borroka geoestrategikoa dela eta, Bruselarentzat presazkoa da biak lehenbailehen kide izatea, baldintza guztiak ez bete arren.