Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak, segur aski, eman zitezkeen ebazpenik hoberenak eman ditu amnistia legearen eta EBko zuzenbidearen bateragarritasunari buruz. Izan ere, arrunt irmo berretsi du lege horren oinarrian dagoen printzipioa, Kataluniaren eta Espainiaren arteko gatazka politikoa konpontzea, alegia, betiere zorrotz errespetatuta bai botere banaketa, bai legearen aitzineko berdintasun printzipioa, bai segurtasun juridikoarena, eta bai EBko Oinarrizko Eskubideen Gutunean eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean herritarrei aitortzen zaizkien oinarrizko eskubide gehien-gehienak.
Ebazpen horiek argudiorik gabe utzi dituzte legea oraindik ere tramitatzen ari zelarik protestak egin zituzten Espainiako epaileak, haserre bizian jarri zirenak independentzia prozesuarekin lotutako gertakariei amnistia aplikatzeagatik. Gainera, ebazpen horren ondorioz, nabarmen gelditu dira amnistia berehala aplikatzeari uko egin zioten epaileak; berez, bi hilabeteko epea zuten horretarako, eta, uko egitearen ondorioz, dozenaka, ehunka lagunek hilabeteak eta are urteak egon behar izan dute zain amnistia legeaz baliatu ahal izateko. Batzuk zain daude oraindik. Ebazpen horiek, halaber, argi adierazten dute berehala aplikatu behar dela amnistia hala Kontu Auzitegiaren auzian —Generalitateko goi kargudun izandako 35 laguni eragiten die—, nola Espainiako Auzitegi Nazionaleko Judas operazioari dagokion kasuan, zeinak terrorismoaz akusatutako CDRetako hamahiru kideri eragiten dien. Horiek horrela, baloia Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eta Gorenaren zelaian da orain —Puigdemonten erranetan, itzulerako partida Bernabeun jokatuko da, Madrilen—, amnistia ezar diezaieten behingoz erbesteratuei eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik zigortutakoei.
Itzultzeko giltza
Carles Puigdemont presidente ohia eta Lluis Puig eta Toni Comin kontseilari ohiak erbestetik itzuli ahal izateko giltza Auzitegi Gorenaren esku dago, baita Oriol Junquerasi, Raul Romevari, Dolors Bassari eta Jordi Turulli politikan aritzeko inhabilitazioa kentzekoa ere. Bada, gaurtik aitzinera, auzitegi horrek argudio gutxiago ditu giltza erabiltzeari uko egiteko, nahiz eta oraindik ere baduen zirrikitu bat horretarako, eta, hain zuzen, baliteke Manuel Marchenak, Pablo Llarenak eta haien kideek tentazioa izatea hartaz baliatzeko.
Kontu Auzitegiak aurkeztutako arazo prejudizialei dagokien sententziaren bidez, baliorik gabe uzten da diru publikoa bidegabe erabiltzeaz akusatutako buruzagi independentistei amnistia ukatzeko argudioetako bat: ebazpenean azaltzen da delitu horri amnistia aplikatzeak ez dituela arriskuan paratzen EBren finantza interesak —izan ere, legean ezartzen da halakorik gertatuz gero amnistia ez daitekeela aplikatu—; are, EBko Justizia Auzitegiak dio Kataluniak independentzia lortzeak ere ez liokeela eraginen Batasunaren aurrekontuari.
Beraz, Marchenak, argudio bat gutxiago izanik ere, oraindik hortxe du amnistia ukatzeko erabilitako argudio nagusia, EBko Justizia Auzitegiak ez baitu ez eztabaidagai ez aztergai izan. Gorenak modu interesatu eta itxuragabean interpretatu du legea, aprobetxatuz dirua bidegabe erabiltzea amnistiatu ezinezkotzat jotzen dela zenbait kasutan; preseski, Kataluniako prozesu independentistarekin zerikusirik izan ez eta norbera aberasteko bidea eman duten kasuetan. Diruaren erabilera bidegabearekin lotutako kasuen arteko bereizketa eginda, legelariek zera zuten helburu, amnistiak barne har zitzala Urriaren 1ari zegozkion gisa horretako akusazioak, baina ez zitzala aintzat hartu norbera aberasteari zegozkionak, ustelkeriaren kontrako Europako zuzentaraua errespetatzeko gisan. Baina Gorenak adierazi zuen ezen, bere doktrinaren arabera, gauza bera dela diru publikoa erreferendum bat egiteko, alabaren ezkontza pagatzeko edo plazerezko bidaia baterako erabiltzea, eta, beraz, ez zien amnistia eman delitu horretaz akusatutakoei.
Tentabidea
Espainiako Auzitegi Gorenak bere hartan eusten dio erabaki horri, eta halaxe eginen du Konstituzionalak kontrakoa egiteko erran arte bederen. Hortaz, orain Konstituzionalari dagokio mugitzea, jada argi baita Europako auzitegiek amnistia babesten dutela. Baina Candido Conde-Pumpido epailea ez da presaka ibiliko, Konstituzionalak jakinarazi baitu udazkenera bitarte ez dituztela ebatziko buruzagi independentisten babes errekurtsoak, Gorenak amnistia ukatu ziela-eta aurkeztutakoak. Baliteke deliberazioak irailean hastea, Konstituzionalaren osoko bilkuran, baina, kontuan hartuta magistratu txostengileak PPren hurbilekoak direla, auzitegiaren gehiengoak —PSOEren aldekoek, alegia—, gibelera bota beharko ditu ebazpenaren lehenbiziko zirriborroak. Horren ondorioz, prozesua zenbait aste luzatuko da, harik eta bertze magistratu batek demandatzaileen aldeko txosten bat onartzen duen arte, osoko bilkuran onartzeko modukoa.
Ikusi beharko da Konstituzionalak zenbateko irmotasunez eta argitasunez erranen dion Gorenari Puigdemonten, Junquerasen eta auziak kalte egindako gainerakoen oinarrizko eskubideak urratu zituela eta amnistia eman beharko diela. Izan ere, amnistia emateko orduan, Gorenaren esku dago azken erabakia. Auzitegi horrek sakatu behar du botoia. Eta, nahiz eta EBko Justizia Auzitegiak arrunt argitu dituen amnistia legearen funtsezko alderdi batzuen ingurukoak, baliteke Gorenak nolabaiteko tentazioa izatea bertze arazo prejudizial batzuk aurkezteko Luxenburgon baldin eta Konstituzionalak agintzen badio Puigdemont amnistiatzeko. Izan ere, EBko Justizia Auzitegiak baliorik gabe utzi du amnistia legearen xedapenetako bat: haren arabera, epaileak behartuak zeuden kautela neurriak kentzera nahiz eta prozedura judiziala etenda egon, hala nola arazo prejudizial bat aurkezteagatik. Honela adierazi du Europako auzitegi horrek: «Jurisdikzio organo nazionalak modua izan behar du kautela neurriak adosteko edo, hala badagokio, gisa horretako neurriei eusteko harik eta ebazpena kaleratzen den arte, behin EBko Justizia Auzitegiak erantzuna eman ondoan erabaki prejudizial bat emateko organo horrek egindako eskaerari».

Horra Marchenaren tentabidea. Gorenak jadaneko hedabideetan zabaldu du atxilotze aginduei bere hartan eutsiko dietela eta ez dutela erabakirik hartuko harik eta Konstituzionalak babes errekurtsoak ebazten dituen arte. Behin Konstituzionalak ebazpena ematen duelarik, urtearen hondarrean, Gorenak aukera izanen du EBko Justizia Auzitegian arazo prejudizial bat aurkezteko eta, hala, ahaleginak egiteko oraindik gehiago luza dadin Urriaren 1eko gertakariengatik erbesteratutakoen eta inhabilitatutakoen gurutze bidea. Orain badakite EBko Justizia Auzitegiaren arabera modua dutela hori egiteko atxilotze aginduak indargabetu gabe. Baina zer galdetuko diote oraingoan EBko Justizia Auzitegiari? Asmatuko ote dute Luxenburgok tramiterako onartzeko moduko zerbait? Izan ere, amnistiaren inguruko arazoa aski argi ebatzia gelditu da gaur oro har, eta, gainera, EBko Justizia Auzitegiak aukera du galderak gibelera botatzeko baldin eta argi eta garbi badago traba egiteko eta luzamendutan ibiltzeko asmoz aurkeztu direla. Eta, baldintza hori betetzen duten adibideen artean, hizpide dugun kasua baino argiagorik nekez.
Legea aplikatzeko bi hilabeteko epea
Bertzalde, ebazpen horretan bada bereziki garrantzitsua den bertze alderdi bat ere, ontzat jotzen baitu amnistia legean ezarritako puntu jakin bat: epaileek, izan aldeetako batek eskatuta edo izan ofizioz, gehienez bi hilabeteko epean eman beharko dute amnistia. Epaile anitzek gogor egin zuten horren kontra, baita Europako Batzordeak berak ere Luxenburgoko prozeduran, argudiatuta neurri horrek onartu ezinezko presioa ezartzen ziela epaileei eta arriskuan jartzen zuela botere banaketaren printzipioa.
Baina EBko Justizia Auzitegia arrunt irmo mintzatu da, eta adierazi du ez dagoela inongo aitzakiarik legean ezarritako hori ez betetzeko: auzitegi horren hitzetan, «epaileek amnistia alegazioak eta errugabetasun frogak aztertu gabe ematea berezkoa du amnistiaren printzipioak berak», eta «gehienez bi hilabeteko epean» egin behar dute, gainera. Bada, baieztapen horrek, azken bi urteotan ikusi dugun bezala, lotsarazi egin beharko lituzke hainbat epaile —ez denak, noski—, amnistiaren ezarpena gibelatu eta gibelatu aritu baitira inongo justifikaziorik gabe, legez zehaztutako epemuga urratuta. Konparazio batera, Urriaren 1eko hauteskunde sindikoek bi urte daramatzate amnistiaren zain, eta epaileak, bitartean, baloia elkarri pasatzen dabiltza, kasua nork artxibatu behar duen erabaki gabe. Eta, polizia guziek amnistia berehala eskuratu bazuten ere, hura eskatua duten manifestarien bi herenei oraindik ez diete eman.
Amnistiatu beharreko CDRetako kideak
EBko Justizia Auzitegiaren erabakia garaipen judizial bat da Judas operazioaren barrenean Auzitegi Nazionalak terrorismoaz akusatuak dituen CDRetako hamabi kideentzat ere. Izan ere, ebazpenean arrunt argi erantzun diote Espainiako auzitegiaren zalantzari: amnistia legeak aski argi bereizten al ditu amnistia aplikatzeko moduko terrorismo kasuak eta amnistia emateko modukoak ez direnak? Bada, bai. Giza eskubideen urraketa larriak gertatu badira —tartean hilak eta torturatuak izan badira, adibidez—, ezin da amnistia aplikatu, eta, Europako auzitegiaren erranetan, edozein epailek izan behar du gai halakoak bereizteko.
Iazko azaroan abokatu nagusiak aurkeztutako ondorioetan ez bezala, EBko Justizia Auzitegiaren ebazpenean ez da berariaz adierazten amnistiak barne hartzen ote duen Judas operazioaren kasua, auzitegiak ez baitu modurik hori baieztatzeko. EBko Auzitegi Nagusiak doktrina ezartzen du, edozein kasutan aplikatzeko moduko argudioak emanda. Eta, horrekin lotuta, erran du Espainiako epaileei dagokiela erabakitzea kasu horri amnistia aplika dakiokeen edo ez. Judas operazioari dagokionez, Auzitegi Nazionalak jada errana du gertakariak bat datozela amnistiaren irizpideekin, baina zalantza zuela amnistia ematea bateragarria ote zen EBko zuzenbidearekin. Orain, EBko Justizia Auzitegiak argi adierazi dio baietz. Eta ez du bertze aitzakiarik ekintzaile horien guzien gurutze bidea ez amaiarazteko.
Baloia Espainiako epaileen zelaian da orain, eta, beraz, erabaki beharko dute ea legea desobeditzeko bidean bertze pauso bat eman eta orain arte ibili gabeko eremu batean sartuko ote diren, kolpismoaren muga-mugan.