urtzirrutikoetxea
Errusiako Iraultza. Analisia. LEKU-LEKUTAN

Ehun urte eta arrasto sakona

2017ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
XX. mende osoa markatu zuen gertaerak: Lenin buru, boltxebikeek Neguko Jauregia hartu eta sobietarrentzat boterea aldarrikatu zuten etziko egunez, duela mende bat; Errusiako Iraultzak Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren sorrera zen. Marxek eta Engelsek idatzitako egitasmo sozialista feudalismoa oso presente zuen estatu monarkiko eta inperial batean garatu zen. Aldiz, ustez baldintzak hobeak zituzten herrialde industrializatuetan ezinezko izan zen, urtebete geroago Alemanian egin zuten ahaleginean ikusi zenez. Armistiziotik astebetera Errepublika Sozialista aldarrikatu zuen Karl Liebknechtek, eta urtarrilean, matxinada piztu eta gobernu sozialdemokratak berehala zapuztu zuen. Liebknechtekin batera atxilotu eta hil zuten Rosa Luxemburgen gorpuak Berlingo Landwehr kanalean amaitu zuen.

Tristea da zeinen oihartzun txikia daukan iraultzaren mendeurrenak, bai Errusian bai nazioartean (badakit ekimen asko egin direla han eta hemen, goragoko eremuez nabil; Konparatu datorren urtean I. Mundu Gerraren amaierarekin zer-nolakoa egingo den). Vladimir Putinek berariaz ezarri dio profil apala efemerideari. Estalinismoaren biktimei monumentu bat inauguratu du, eta asteartean izango da mendeurrena gogorarazteko desfilea. XX. mendeko gertakari garrantzitsuena izan zela aintzat hartuta, izan zitekeenaren itzal ere ez.

Duela mende bat gerra betean zen Europa, Baionatik euskaldunez beteriko trenak zihoazen Verdun eta beste zelai batzuetako hilkintzara, eta zaila zirudien hainbeste herri borrokan jarri zituen odolustearen amaiera irudikatzeak. Potentzia galtzaileen Europako inperioak desagertu zirela ikasi izan dugu, baina tsarren Errusia izan zen erortzen lehena, eta Prusia, Austria-Hungaria eta otomandarrena gero etorri ziren. Woodrow Wilson Estatu Batuetako presidenteak azken unean baina garaiz asmatu zuen gerran sartzen, Londrestik Washingtonera munduko boterearen hegemonia aldatzeko; artean armada txikia zeukan estatuak, esaterako, bi hamarkada lehenago konkistatutako Puerto Ricoko biztanleei herritartasuna eman zien, gerrarako baliagarri izango zitzaizkielakoan antillar haiek. Wilsoni egotzi ohi zaio gerraren amaierako 14 puntuen hitzaldiarekin batera, autodeterminazioaren aldarrikapena: «Xede nazionalek begirunea behar dute, herrietan beren borondatez soilik agindu eta gobernatuko da orain. Autodeterminazioa ez da esaldi soil bat, bete beharreko jarduera-printzipioa da». NBEn gerora landu zen deskolonizaziorako abiapuntu gisa jo ohi bada ere, 1917ko iraultzaren testuingurua eta Leninen ekarpena ezinbesteko dira. Errusiak gerrari uko egin zion Brest-Litovsken 1918ko martxoan, eta Armeniak, Finlandiak, Estoniak, Letoniak, Ukrainak, Lituaniak, Georgiak eta Poloniak independentzia aldarrikatu zuten independentzia.

Lenin berrirakurtzen 1914ko «nazioen autodeterminazio-eskubidea» daukagu, Poloniaren alde, eta independentziaren aurka zeuden Rosa Luxemburgekin eta poloniar marxistekin eztabaidan. Baita Trotskirekin ere, haren asmo onak aitortuta ere: «Gaiari itzuri egiteak objektiboki errusiar sozial-inperialismoa bultzatzen du. Inperialismoaren aroak botere handi guztiak hainbat nazioren zapaltzaile bihurtu ditu». Inoiz baino esanguratsuago datoz hitzak egunotan: «Finlandia, Polonia edo Ukrainarentzat sezesio-askatasunari uko egiten dioten duten errusiar sozialistek chauvinisten erara dihardute, odolez eta lokatzez zipriztindutako monarkia inperialisten eta burgesia inperialistaren lekaio». Behin eta berriz nabarmendu zuen iraultza sozialistak ezin zuela eremu ekonomikoan gelditu, eta zapalkuntza nazionalarekin amaitzeko ezinbesteko zela mugak herritarren borondatearen arabera egokitzea, sezesio eskubidea onartzen. 1917ko iraultzak, egitasmo sozialistarako estatua eratzen zuen bitartean, borondatez bere lurraldean zeuden nazioei askatasuna aitortu zien.

SESBen garrantziaz dozenaka azterketa egin litezke: Leninek ia gidatzeko astirik ere izan ez zuen estatu berriaz, iraultza eta sobietar estatua guztiz desitxuratu eta bere obsesioen arabera antolatu zuen lider ankerraz, nekazari herria industrializatzeko Ukrainak ordaindutako goseteaaz, Stalin-Hitler itunaz eta Europa faxismotik askatzeko sobietar herriaren sakrifizioaz (bai, armada gorriari esker garaitu zen nazismoa, berriz azpimarratu beharra dago), eta Asiara deportatutako tartariar, txetxeniar eta beste herriez, eta zelan ez, Gerra Hotzaz, munduko bigarren potentziaz eta azukre koxkor baten gisara 1991n desegindako estatuaz.

1970eko hamarkadan familia ezkertiarretan jaio ginenok, egiazko utopia batekin hazi ginen. Europako nazioen mapa zahar hartan, naziotasuna aitortzen eta ukatzen zuten estatuak ageri ziren. SESB lehen taldean, Frantzia eta Espainia bigarrenean. Errusifikazioari bide egiten zion egitura autoritarioa, bai, baina herrien arteko elkartasuna eta begirunea goi-mailan izan zituen beti sobieten estatutak (negargarria da eslaviar nazionalismo ultrarekiko eta kristautasun ortodoxo erreakzionarioarekiko azkenaldiko errebisionismoa, mendebaldeko liberalismoari aurre egiteko Leninen egitasmoaren oinarriari uko egitea zilegi balitz legez).

Haziz gindoazela, Sobietar Batasuna bisitatzeko aitaren ametsa amildu zen. Lituaniako banderazegoen Iruñeko Aberri Egunean, Europa ekialdean Leninen monumentuak erauzten ari ziren unean. Kontraesanetan ere, askatu nahi zuten herriekin euskal independentismoa. Etxe ondoan, Otxarkoagan, erretiratutako estatua horietako batek auzoan amaituko zuela tematu ziren Pa'Ya peñakoak. Gaztetxoa nintzelako-edo, azkenean txiki samarra iruditu zitzaidan Madrilgo sobietar enbaxadak Parlako herriari eman eta handik Bilbora ekarri zuten Lenin eta Marxen monumentua. Baina hara non, hortxe dagoen oraindik ere, mende laurdena betetzear. 60ko hamarkadan Espainia osotik etorritako familiek eta Bilboko azken baserri euskaldunek topo egin zuten lekuan eraiki zen langile-auzo erdaldundu horretan, Euskal Herriko jardunaldirik interesgarrienetakoak egin dituzte egunotan. Euskara hutsez hizlariak, entzuleak gura zuten hizkuntzan, Katalunian ohi den legez, Katalunian bageunde bezala, iraultza berri baten atarian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.