maddi iztueta olano
SOSLAIA. Kathy Hochul

Emakume batek aginduko du New Yorken

2021eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Kathy C. Hochul politikari demokrata (Buffalo, 1958) izendatu zuten atzo New Yorkeko gobernadore; kargua eskuratu duen lehen emakumea izan da. Gobernadore gisa egindako lehen agerraldian, 62 urteko politikariak adierazi zuen inork ez duela bere lantokia «toxikotzat» joko, eta «gobernadore kargua eskuratu izanaz oso harro» dagoela. Halaber, emakumeei ohore egin zien Hochulek: «Kargua jasoko nuela jakin nuenean, nire aurreko emakume guztiengan pentsatu nuen, amarengan barne, eta historian aurretik egondako emakume askok lekukoa pasatu zidatela sentitu nuen».

New Yorkeko estatua ez dago, baina, garairik bareenean. Batetik, delta aldaeraren gorakadaren ondorioz, gero eta zailagoa daCOVID-19aren pandemia kontrolatzea. Bestetik, ekonomiaren susperraldiak mantso egiten du aurrera. Horiek hala, Hochulek pandemiarekin lotutako zein neurri hartuko dituen iragarri beharko du datozen egunetan: maskara derrigorrezkoa izango den eta toki itxietan zenbateko edukiera ezarriko duten, besteak beste.

New Yorkeko Gobernuko lantalde berria osatzear dagoen arren, Hochulek berekin lanean egongo diren bi emakumeren izenak jakinarazi zituen atzo: Kaaren Persichilli Keogh eta Elizabeth Fine. Persichillik hartuko du Gobernuko idazkariaren kargua, eta Fine abokatuak, berriz, New York estatuko botere exekutiboan jardungo du.

Kargua hartu zuenean, Cuomok elkartasun osoa adierazi zion Hochuli Twitterreko kontuan: «Azkarra eta profesionala da; gobernadore kargua primeran defendatuko duela uste dut. Onena opa diot».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.