Dagoeneko tatuatu ez badu, Trumpek aspirazional usteko esaldi hau tatuatu beharko luke gorputzean: «Nire moralitateak soilik mugatu dezake nire boterea». Gazara begira jarri, eta negozio aukera bat ikusten du 71.000 hildako baino gehiagoren gainean: itsasoa, eguzkia... «Finean, higiezinen agente bat naiz, eta, halako kontuetan, kokapena da inportanteena», bota-aitortu zuen atzo Davosen. Ordu batzuk geroago, han bertan, Gaza Berria izeneko proiektua aurkeztu zuen Jared Kushnerrek, AEBetako presidentearen suhiak. Etxe orratzak kostaldeko lerroan, parkeak gertu, etxebizitzentzako lekuak hurbil, eta industrialdeak handik pauso bagtera.
Bizitzaren ikuspegi manikeoa du Trumpek. Jendea zintzoa ala gaiztoa da harentzat; hala esan ohi du. Ez dago besterik, beraz: ongia eta gaizkia. Zerrendan zer egin nahi duen ikusita, ondoriozta daiteke haren moralitatearen mugak lausoak direla ongia eta gaizkia bereizteko orduan.
Kushnerrek pantaila batean proiektatu zituen mapak, zeru urdinak, itsasoan islatutako eguzki izpiak, etxe lorategidunak. Nahiko luke, atzo esan zuenez, zerrendak itxura hori edukitzea bizpahiru urte barru. Ziniko hutsa izan ezean, irudi horiek erakutsita ongia egiten ari zela pentsatuko zuen Kushnerrek; ez dago argi, baina, norekin jokatu nahi zuen ongi; gaizki norekin jokatu nahi duen, ordea, bai. Joan orain Gazara, eta ikusi nola dagoen dena birrinduta, nola dauden han baldintza penagarrietan bizi diren 1,8 milioi pertsonak. Eta Trumpek ere badu erantzukizunik horretan, noski.
Baina Kushnerrek adierazi du Gaza gisa horretakoa, hau da, liluragarria bihurtuko dela baldin eta Hamas armagabetzen bada. Erantzukizuna bestearena beti. «Mundu guztiak bizi nahi du duin», Trumpen suhiak. Gazatarrei ez diete galdetu egiazki zer nahi duten.
Children of Men (Alfonso Cuaron, 2007) pelikulak etorkizun distopiko bat marrazten zuen. Migratzaileak kontzentrazio esparruetan bizi ziren; gaur egun ere hala bizi dira errefuxiatu asko. Zergatik ez gazatarrak; Arabiar penintsulan, adibidez, sobera dago lekua. Pelikula 2027. urtean girotuta dago. Hori hurrengo urtean da.