Elixabete Arrieta

Espainia eta Txina: Europako zubia ala Troiako zaldia?

2026ko maiatzaren 17a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europa Txinarekiko mendekotasuna murrizteko estrategia eraikitzen ari den honetan, Pedro Sanchezek eskua luzatu dio Pekini. «Espainiak eta Europak ez dute Txina bazkide ekonomiko gisa baztertu behar; elkarlanean oinarritutako harreman egonkorra eraiki behar dugu», adierazi zuen Espainiako Gobernuko presidenteak apirilean Pekinera egindako bisitan. Mezua berehala itzuli zion Xi Jinpingek: Txina eta Espainia «historiaren alde egokian» daudela esan zuen, bi herrialdeen arteko harremana Europaren eta Pekinen arteko zubi gisa aurkeztuz. Laudorioak alde batera utzita, horrek galdera bat sortzen du: Madril benetan ari da Europa eta Txinaren arteko zubi lana egiten, ala Bruselaren gainetik bere kabuz pasabide bat irekitzen?

Sanchez ez da Pekinera joan den europar lider bakarra. Azken hilabeteetan, Alemaniak, Frantziak eta Erresuma Batuak ere goi mailako ordezkariak bidali dituzte Txinarekin lotura ekonomikoak ez hausteko. Horrek Europako hiriburu askotan kezka bera nagusitu dela erakusten du; dependentzia murriztu nahi dute, baina ez daude prest Txinaren merkatuari eta kapitalari ateak erabat ixteko. Hala ere, Madrilen tonua bestelakoa izan da. Ursula von der Leyenek de-risking-a edo arriskuak murriztea lehenesten du, eta Sanchezek, berriz, elkarlanaren eta irekitasunaren aldeko apustua sendotu du.

Harremana, gainera, gero eta estuagoa da. Sanchez 2023tik urtero joan da Txinara, eta azken bisitan bi herrialdeek hemeretzi akordio sinatu zituzten inbertsio, hezkuntza, nekazaritza eta teknologia arloetan. Horrez gain, Permanent Strategic Dialogue edo elkarrizketa estrategiko iraunkorra abiatu zuten; Txinak normalean potentzia handiekin soilik erabiltzen duen maila diplomatikoa.

Kalkulu politikoak daude hurbilketa horren atzean. Etxean, Sanchezek gobernu ahula eta oposizio polarizatua ditu, eta bere inguruko ustelkeria ikerketek presioa handitu dute. Ahultasun domestikoaren aurrean, nazioartean Trumpen presioari aurre egiten dion lider sendo baten irudia eraiki du, Iranen aurkako eraso militarren kontra mintzatu da, eta Washingtonen diskurtso konfrontatibotik distantzia hartu du. Horrek balio handia dauka Pekinentzat. Mendebaldearen barruan, AEBekin guztiz lerrokatzen ez den ahots gisa ikusten duelako Madril.

Baina harremanaren benetako motorra ekonomia da. Txinak trantsizio berdearen alde egindako apustua baliatu nahi du Espainiak, eta Txinako kapitala erakartzen ari da auto elektrikoen eta baterien sektorean, batez ere. Bartzelonan Europako operazio zentroa eta I+G institutua eraikitzen ari da Chery; CATLek Zaragoza inguruan bateria gigafabrika handia eraikiko du; eta Hithiumek Nafarroan inbertituko du. Izan ere, Madrilek bere burua plataforma estrategiko gisa saltzen du, Asia, Europa, Afrika iparraldea eta Latinoamerika lotzeko ate gisa hain zuzen ere.

Ahultasun domestikoaren aurrean, nazioartean Trumpen presioari aurre egiten dion lider sendo baten irudia eraiki du Sanchezek, Iranen aurkako eraso militarren kontra mintzatu da, eta Washingtonen diskurtso konfrontatibotik distantzia hartu du. Horrek balio handia dauka Pekinentzat. Mendebaldearen barruan, AEBekin guztiz lerrokatzen ez den ahots gisa ikusten duelako Madril.

Txinarentzat badu beste abantaila bat ere. Espainian ekoitzitako auto eta bateriek errazago saihestu ditzakete EBk Txinako produktu subsidiatuei ezarritako mugak, EB barruan ekoitziko liratekeelako. Eta hor hasten dira Europaren zalantzak, Espainia Txinaren Troiako zaldi bihurtuko ote den Europan.

Eta ez soilik merkataritzan edo muga zergak saihesteko bide gisa. Azpiegitura estrategikoetan ere kezka handitzen ari da. 5G sareak, datu publiko sentikorrak edo hodei digitalak lehia geopolitikoaren erdigune bihurtu dira; Europako hainbat herrialdek sare kritikoetatik kanporatzen dituzte Txinako teknologia enpresak, eta Madrilek, berriz, jarrera irekiagoa du. Gauzak horrela, Espainiak Huaweirekin administrazio publikoko eta justizia sistemako datu azpiegiturei lotuta sinatutako kontratuek alarma piztu dute Bruselan.

(ID_14858432) CHINA SPAIN DIPLOMACY
Sanchez eta Xi Pekinen, aurreko apirilean. ANDRES MARTINEZ CASARES / EFE

Hala ere, Espainiaren estrategia ezin da azaldu Europaren aurkako maniobra hutsa gisa. Sanchezek behin eta berriz azpimarratu du Txinarekiko harremanak ez duela bilatzen Bruselaren norabidetik aldentzea; aitzitik, Europako estrategiaren barruan kokatzen dela. Bere azken bisitan merkataritza desorekak aitortu zituen, EBk dituen kezkak islatuz. Gainera, Espainia EBren barruan dagoenez, Europako araudi eta kontrol mekanismo berak aplikatzen zaizkio, baita talde komunitarioak atzerriko inbertsioak mugatzeko dituen sistemak ere.

Pekinek ondo hartu du Madrilekin lankidetza. Viktor Orban urte luzez izan da Txinaren aliaturik leialena Europan, baina Hungariako azken hauteskundeetan izandako porrotak zalantzan jarri du aliantza horren etorkizuna. Budapesteko lidergo berriak zer norabide hartuko duen argitzen den bitartean, Espainiak profil erakargarria du Txinarentzat: Bruselan zilegitasuna duen herrialde handi bat, Europako ekonomia handienetako bat, eta Txinarekin hitz egiteko prest dagoena. Horregatik, baliteke Pekinek bazkide estrategiko erabilgarriagoa aurkitu izana Madrilen, Budapesten baino.

Azken finean, badirudi Sanchezentzat galdera ez dela Espainia Europarekin ala Txinarekin dagoen. Haren erronka bien arteko oreka mantentzea dela dirudi. Hau da, Txinako kapitala eta industria aprobetxatzea, Europako batasuna eta estrategia ahuldu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA