Mexiko Hiriko gobernuburu Clara Brugadaren kolaboratzaile, burkide eta lagun min bi tiroz erail zituzten maiatzaren 20an, hiriko etorbiderik jendetsuenetako batean. Ximena Guzman eta Jose Muñozen hilketak hautsak harrotu ditu herrialdean, erasoa oso testuinguru berezian gertatu delako. Lehen susmoak narkoari zuzendu zitzaizkion, hiriburuko Poliziaren jazarpena larrutik pairatu dutelako azken boladan. Izan dira, noski, lotsa eta kezkarik gabe estatu hilketa bezalako ideiak proposatu dituztenak, Laugarren Eraldaketa izenaz ezagun den mugimendu politikoaren baitako barne liskarren emaitza izan dela iradokiz. Hiltzailea benetan nor izan den, zergatik egin duen eta nork eman zion agindua, ez dakigu. Eta litekeena da azken muinera ez ailegatzea sekula, baina konspirazio zantzuetatik haratago, hilketa honek susmoak bezala ikarak eragin ditu Mexiko Hirian eta herrialdean, bihotza ezkerrean eta odola gorria izateaz harro dauden mexikarren baitan. Eta oraingoz dakigunagatik, arrazoi dute kezkatuta egoteko.
Hilketak kafesnearekin batera egunero gosaltzen dituen herrialdean, ez luke inor asaldatu behar bi gehiago izan direla entzuteak. Are gehiago, bi horiek hiriburuko gobernuan goi kargudunak izanagatik ere, ezagunak ez zirenean. Maiatzaren 20koa ez zen ohikoa izan, baina. Hilketaren irudiak ikusita, argi geratu da hiltzaileak eliteko militarra behar zuela izan, edo antzeko zerbait. Narkoaren aterkipean ari diren sikarioengandik oso bestelakoa, alegia. Iaioa behar da izan, antza, pistolaren atzerako bulkada ekiditeko tiroak binaka bota behar direla jakiteko, eta egiten asmatzeko. Eta kasualitatea izango da, edo ez, baina Poliziak hirian dituen milaka eta milaka kameretatik tiroketa bitarteko tartean hondatu zen bakarra hilketa lekuan zegoen. Eta horretarako sistema barruan, oso barruan, egon behar da. Eta agian txiripaz izango zen, auskalo, baina hiriburuko gobernuburuaren kide eta burkide biak erail zituztenean bilduta zeuden hilketa tokitik kilometro gutxira, Jauregi Nazionalean, Mexikoko Segurtasun arloko goi-goiko agintari guztiak Claudia Sheinbaum presidentearekin, goizero egin ohi duen agerraldian. Eta igual ez dauka zerikusirik, baina tiro egin zuenak beste hiru zituen zain ihes egiten laguntzeko, eta laurak desagertu egin ziren dozenaka mila polizia eta kamera dituen hirian, arraina itsasoan bezala.
Ezuste larregi dira horiek ohiko hilketa bat izan zela sinisteko. Agian horixe bera pentsatu zuen La Jornada egunkariko erredakzioan egunero Rayuela izenaz argitaratzen duten gogoeta idaztera ausartu zenak: «Enbaxadore berria iritsi da, Estatu Batuetan Mexikoko indarkeriaren gaineko arrazoibidea indartu da, eta bitartean hiriburuko gobernuko bi funtzionario erailtzen dituzte. Gertaera bakanak?...». Etenpuntuek ixten dute susmo hausnartua.
Hori idatzi zuenak bazekien jakin Donald Trump presidentearen gorbatadun borreroek asteak zeramatzatela agintari mexikarrak konbentzitu nahian militar estatubatuarren «laguntza» aintzat har dezaten. Alferrik ibili zaizkio Sheinbaum presidenteari, hark behin eta berriro erantzun baitie Mexiko beti egongo dela prest lankidetzarako, baina bakoitza mugaren bere aldetik ari dela, bestearen etxean muturra sartzen ibili gabe.

Eta Ximena Guzman eta Jose Muñozen hilketa hizpide, mugaren beste aldetik erantzun zion agintari mexikarrari, ziria sartuz betiere, Marco Rubio Estatu Batuetako estatu idazkariak. Haren hitzetan, indarkeria politikoa Mexikon benetakoa da. Eta hori narkoaren hainbat talde terroristatzat izendatu eta egun gutxira esan zuen Rubiok, behingoz eta bide batez onartzen zuela narkotrafikatzaile mexikarrek armak Estatu Batuetan erosten dituztela. Auzokoaren estatu idazkariak, Mexiko gogoan, indarkeria politikoa bezalakoak aipatze hutsak asaldatu egin ditu bertakoak. Horrenbeste ezen, hizpide dugun hilketari buruz aritu direnean exekuzio, erailketa eta enparauak baliatu badituzte ere, inor ez baita atentatu berba erabiltzera ausartu. Inor ez, badaezpada ere.
Enbaxadore berriak lotsa gutxi du pentsatzen duena esateko, eta entzun nahi izan duenarentzat argi eta sutsu esan du Amerikako Estatu Batuetako armadak Mexikon zuzenean hartu beharko lukeela esku, kartelak, kriminalak eta haien nagusiak akabatzeko
Ezin dute ahaztu Mexiko Hirian dutela jada Ronald Johnson, Trumpek enbaxadore gisa bidali dien txapel berdea. Hilketa bezperan heldu zen Mexikora Johnson, eta, Sheinbaum presidenteari karguaren egiaztagutunak aurkeztu ondoren, Guadalupeko Amari joan zitzaion bisitan, eskuin muturrekoen artean gero eta entzutetsuagoa den Eduardo Verasteguirekin hamaiketakoa egin aurretik. Enbaxadore berriak lotsa gutxi du pentsatzen duena esateko, eta entzun nahi izan duenarentzat argi eta sutsu esan du Amerikako Estatu Batuetako armadak Mexikon zuzenean hartu beharko lukeela esku, kartelak, kriminalak eta haien nagusiak akabatzeko. Ez dira gutxi enbaxadorearekin bat egiten duten mexikarrak. Iazko hauteskundeetan hartu zuten jipoia gainetik kendu ezinik dabiltzan horiek dira, berriro hazi eta indartzeko ahaleginetan behin eta berriz huts egin duten horiek, beraientzat azken aukera, edo bakarra, Trump izan daitekeela uste dutenak.
Agian txiripaz gertatu da hilketa gertatu denean, igual kasualitate hutsa izan da, eta ez du batak bestearekin loturarik. Igual ez, eta bihar edo etzi esango digute egun horretan Mexiko Hirian hildakoak egun hartan Mexikon izan ziren dozenaka hildakoen zerrendako beste bi izan zirela, besterik gabe. La Jornada egunkarian biharamuneko Rayuela idatzi zuenak, badaezpada ere, etenpuntuekin itxi zuen bere susmo hausnartua.