Europako mugimendu ultraeskuindarrak nahiko galduta dabiltza azkenaldian. Donald Trumpen jarrera iragarrezina ikusirik, eskuin muturrak ez daki zein jarrera hartu. Dena azkarregi doa, eta dena dago Trumpen unean uneko umorearen mende. AEBko presidentea oposizioan zegoenean, Orbanentzat, Le Penentzat eta Salvinirentzat, besteak beste, nahiko erraza zen hark egiten zuena Europarentzat ere eredu izan zitekeela aldarrikatzea. Zer gertatu da, ordea, Trump boterera itzuli denean? Groenlandiaren aferak argi utzi du Europaren aliatu historikoa prest dagoela Latinoamerikan eta Ekialde Hurbilean egin duena guri ere egiteko; izan ere, Monroe Doktrinaren berrirakurketa inposatzen ari da Washington.
Hori hala, Trumpengandik oso hurbil egon diren eskuin muturreko lider politikoak haren alde edo kontra egitera derrigortu ditu testuinguru aldakor honek. Atlantikoaren alde honetan, Europako politikari xenofoboak jokoz kanpo daude, eta ultraeskuineko alderdiak oraindik gehiago banatzen hasi dira. Has gaitezen Frantziatik. Le Penen Batasun Nazionalak 2027ko bozak irabazteko aukera handiak ditu, eta, agian, Trumpen azken erabakien kontrako ahots ultrarik ozenena bilakatu da. Le Penek gogor kritikatu ditu Venezuelaren aurkako erasoak eta Groenlandia konkistatzeko mehatxuak. Herrialdeen subiranotasuna marra gorria dela gogoratu dio Trumpi. Bestalde, Giorgia Meloni ekilibrismo handia egiten ari da. Italiako lehen ministroaren eta Trumpen arteko laguntasuna ez da sekretua —Melonik gaur bertan emango lioke Nobel saria—, baina publikoki gaitzetsi ditu AEBko presidenteak NATOko soldaduen gainean egin dituen adierazpenak; Trumpek irizten dio Europako tropak Afganistango frontetik oso urrun egon zirela eta soldadu estatubatuarrek soilik arriskatu zutela beren bizitza. Trumpi koipea ematea erosoa izan da, harik eta ultraeskuinaren patriotismoa zauritu duen arte.

Hainbat analistaren arabera, Europako eskuin muturreko indarren artean beldurra zabaltzen ari da, Washingtonen aldeko jarrerak hauteslerik kontserbadoreenak ere izutzen dituelako. Bozetan zigorra jasoko duten beldurrez, asko eta asko distantzia hartzen hasi dira. Testuinguru horretan, interesgarriak dira Kanadan eta Portugalen egin diren azken hauteskundeetan alderdi populistek izan duten beherakada.
Hainbat analistaren arabera, Europako eskuin muturreko indarren artean beldurra zabaltzen ari da, Washingtonen aldeko jarrerak hauteslerik kontserbadoreenak ere izutzen dituelako
Edonola ere, Trumpi babes itsua erakusten dioten liderrak ez dira falta Europan. Viktor Orban eta AfD alderdia dira adibiderik garbienak. Alemaniaren kasuan, Alice Weidel indar ultrako liderrak iragarri du ICEren antzeko milizia bat sortuko duela boterera iristen denean. Orbanek, berriz, Trumpen aliaturik handiena izaten jarraitzen du eta bere laudorioak Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak egindakoen parekoak dira. Haatik, Hungarian boz erabakigarriak egingo dituzte datorren apirilaren 12an, eta, azken aldietan ez bezala, Orbanen garaipena ez da ziurra.