urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Ezaren gudaz baietza sortuz

2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Film onenetan bezala, azken kapituluan klimaxera hurbildu ahala tentsioak gora egin du eta garaipen aukerak benetakoa dirudi. Zazpi puntu, asteleheneko eztabaidaren ondoren. Eta bai, nik ere izango nuke inbidia; Urkulluk eta beste edozeinek legez, nik ere horrelako heldutasuna gura nuke. Uste dut gurean ere balorazio baikorrak egiten ikasi beharko genukeela, lehendakari batek independentzia erreferenduma egin nahi lukeela esaten duenean. Ñabardurak, gero.

Halaxe heldu zion Alex Salmondek Alistair Darling unionismoaren bozeramaileari astelehenean, hark «noski, liberari eutsiko diogu» esan eta berehala, gure bertsolari zolienaren gisan. Ez zion ihesbiderik utzi: Westminsterretik datozen neurri eskuindarrak amaitzeko berme nagusia Ingalaterratik bereizitako estatua eraikitzea da. Saiatu zen Darling profil laborista azpimarratzen, baina Salmondek gogorarazi zion tory-ak dituela bidaide ontzian.

Alde guztiek onartu dute Salmonden garaipena, haren eragina gutxietsi badute ere ezetzaren aldekoek. Egia da, azken batean, jende askok ez zuela ikusi, eta ikusleen artean ere, baietzak gora egin arren, ezetzaren atzetik geratu zen debatearen ostean ere. Datozen aste bi eta erdietan ebatzi beharko dute dena, beraz, eta zalantzan diren edo botoa emateko asmorik ez duten horiek limurtu.

Alde horretan, esanguratsua da Radical Independence talde ezkertiarra etxez etxe egiten ari den kanpaina. Erraz irudika dezakegu gurean horrelakorik sortuko balitz kontraesan gisa hautemango genukeela, zalantzatiak uxatuko lituzkeela, baina justu horren aurkakoa egiten ari dira Eskozian: ilusioa galdutako auzune pobretuetan jendeari independentziaren onuren berri ematen. Ustez ez litzateke hain lan zaila: Thatcherren osteko tory-ak agintean, are eskuindarrago eta antieuroparrago ageri den UK Independence Party gorantz, eta Tony Blairren laboristen utzikeria sufritzen—askok «traizioa» deitzen diote zuzenean—, mezu erraza dirudi.

Duela hilabete Euskal Herrian bisitatu gintuen Radical Independenceko kide batek zioskun, baina, etxez etxeko lanak boluntario askoren mobilizazioa dakarrela. Eta badagoela ezker bat, beti, sezesioaren aurka, langileriaren batasunaren izenean ideia jakobinoak ezkutatzen. Baina politikariek sekula bisitatu gabeko auzuneetan ari dira kanpaina egiten, eta are gehiago, aurrez aurre eta banan-banan ari dira botoak irabazten.

Inbidia diogu, eta ez gara asteleheneko eztabaidaz soilik ari, baita han zeuden herritarrek naturaltasunez galdetu, iradoki edo kritikatzea ere. Alde ederra, minutuak, gaiak eta ia erantzunak ere kortse estu batean dauzkagun gure hauteskunde-eztabaidekin. Eta zertan uka, David Cameron gisako baten falta ere: «Zein zen erabaki egokia? Eskoziarren borondatea errespetatu eta haiek hautatutako gobernuaren borondatea bermatzea, edo uko egitea? Eskoziako herriak SNPren alde bozkatu zuenez gero, erabaki nuen haiek nahi zuten erreferenduma egin behar zela», esan zuen herenegun Glasgown, nagusiki ezetzaren alde zeuden negozio-gizon eta emakumeen aurrean. Bestela mozorrotu gura izan bazuten, Hauteskunde Batzordeak kanpainako ekitaldia zela ohartarazi eta antolatzaileek gura baino xumeago egin behar izan zuten Hilton hoteleko afaria: «Esan izan banu 'ez duzue erreferenduma egiterik, Westminsterren ardura da', asko erraztuko nuen Alex Salmonden lana».

Biharamunean (atzo), Espainiako Gobernuak berretsi egin zuen Kataluniako galdeketa-legea eta galdeketa bera berehala galarazteko asmoa duela. Hori guztia hiru aste barru izango da. Ordurako jakingo dugu Eskoziako emaitza. Eta bai, bozkatzea da garrantzitsuena, baina baietzak irabaziko balu Espainiako zutabeak Erresuma Batukoak baino gehiago kraskatuko lirateke. Ezetzaren probabilitatea handiagoa dela esango nuke, orain bertan, baina atzo baino txikiagoa. Eta Bartzelonan, estelada eta ikurrinekin batera, zuri-urdina ere astindu beharko genuke. Eskoziarrek ezetz esango balute bezala lan egin, baina baietzaren hauspo itzelean ere kokatuta plangintza. Eta dena, dena, irail honetan, zuzenean eta hemen. Hartu oharrak, ondorengoei erakustekoa izango da eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.