ander perez zala

Galiziako itxaropena

2024ko otsailaren 19a
13:20
Entzun

Galiziako kanpainan bazen itxaropenik Xuntan aldaketa bat izateko. Hori izan da BNG Bloke Nazionalista Galiziarrak eta PSdeG Galiziako Alderdi Sozialistak bi asteotan lortu duten aurrerapausorik handiena; ilusioa sortu dute, azken hamabost urteetan ez bezalakoa. Eta, paradoxikoki, ilusio hori bera izan da porrotaren arrazoi nagusia: PPG Galiziako Alderdi Popularrak jakin izan baitu ezkerraren sentsazio hori bere mesederako erabiltzen, Xunta galtzeko arriskua bere oinarria mobilizatzeko baliatzen.

Kanpaina aztertuz gero, PPGk zailena lortu du, boterean jarraitzea. Eta ez edozein modutan: duela lau urte baino bi aulki gutxiago dira, bai, baina 72.700 bat boto gehiago lortu ditu. Eta, BNGren eta PSdeGren babesa aintzat hartuta, 25.000 boto inguru gehiago dira. Eztabaidaezina da Alfonso Ruedaren garaipena, hortaz; hautagaia aldatuta ere, berdin jarraitzen baitu denak.

PPGk bakarrik gobernatuko du bosgarren aldiz jarraian; bederatzigarren gehiengo osoa da 1989tik. Nagusitasuna agerikoa da, nahiz eta kanpainan bazirudien hori amaitzeko aukerak zeudela. Eta horren guztiaren atzean zera dago: alderdi baten marka, alderdi baten egitura eta lurraldeko sustraiak izatea. Galiziako alderdi bakarra da herrialdeko udalerri guztietan dagoena, eta gainerako indar politikoek batuta duten militantzia halako bi dauka.

Eskuindarrek, lurraldeko sustrai horietaz gain, antolakuntza argi bat dute, egitura propioa, militantzia mugitua eta autonomia Madrilgo zuzendaritzarekiko —nahiz eta aurten ez den hainbestekoa izan—. Hori izan da arrakastaren gakoa; bide batez, hedabideak aldeko dituela ere bai, eta hauteskunde legea ez dela bidezkoa.

Baina azken bi ideia horiek ez dute kentzen PPGk badakiela zertan ari den; eta agian Alberto Nuñez Feijook ere bai, Galiziako Parlamenturako kanpaina betean atera baitzuten argitara PP Alderdi Popularrak amnistiaren inguruan eskainitakoa. Badirudi Feijoo jakitun zegoela ez ziela kalterik egingo hauteskundeetan, eta nahiago zuela informazio hori orain egitea publiko, geroago baino.

Edonola ere, PPGren arrakastaren arrazoietara itzulita, agerian geratu da zein garrantzitsua den lurralde sustraiak izatea, ideiak izatea eta antolakuntza argi bat ere bai. Hori dute ezaugarri komuna eskuindarrek eta BNGk, eta boto emaileak erakartzeko balio izan du; bien kasuan.

Ana Pontonek kanpaina ona egin du; objektiboa da hori. Auzi sozialetan jarri du arreta, eta aldeko izan du ezaguna dela herritarren artean, eta boto emaileek iritzi positiboa dutela hari buruz aritzean. Hori, besteak beste, egindako ibilbidearen ondorio bat da; 2016tik da BNGren buruzagia, eta hirugarrenez aurkeztu da Xuntako presidentetzara —2004tik da, gainera, Galiziako Parlamentuko diputatu—.

Ezkerreko alderdi subiranistaren helburua zen oinarri elektorala handitzea. Hori lortu du, baina ez erabat nahi zuen modura: BNGk PSdeGren boto emaile asko erakarri ditu, bai; eta, ezkerreko bloketik kanpo, inor ez. Hori izan da porrota. Bi alderdi horiek, elkartuta, 33 diputatu lortu zituzten 2020an, eta, aurten, berriz, 34; gorakada aulki bakarrekoa da. Blokea ez da handitu, hortaz; eta hori gertatzea ezinbestekoa zen aldaketarako aukerak izateko.

Parte hartze handia zen itxaropena, eta hala gertatu da, baina PPGk espero baino hobeto eutsi dio hirietan —babesa txikitu zaion arren—, eta landa eremuko eta herrietako botoak izan ditu oinarri arrakastarako.

BNGren emaitza, halere, ona izan da, haren historiako hoberena. Oposizioko indar nagusi gisa sendotuta ikusi du bere burua, eta, batez ere, PPGrekiko alternatiba gisara. Konparaziorako, eta portzentajeez aritzerakoan, Galiziako ezkerreko alderdi subiranistak emaitza hobeak lortu ditu orain arte ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunyak Kataluniako Parlamenturako bozetan izandakoak baino, eta EH Bilduk Eusko Legebiltzarrerakoetan izandakoak baino. Datozen lau urteotan ikusteko dagoena, hortaz, zera izango da: Pontonen BNGk goia jo duen. Galiziako politika bipartidismora itzuli da.

Eta Espainiako Gobernuari begira, zer? Koalizioa osatzen duen bi alderdiek porrot handia izan dute: PSdeGk, bere inoizko emaitzarik txarrena; eta Sumar ez da botoen %2ra iritsi ere. PSOEren eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezen ikuspegitik begiratuta, beste odoluste elektoral bat da erkidego mailan; hori gertatzen da, besteak beste, une oro buruzagia aldatu duelako Galizian, eta ez diolako inori utzi gutxieneko ibilbide bat egiten, eta bere burua egonkortzen. Beste irakaspen bat ezkerrarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.