Iñigo Bilbao Sagastiberri.
LEKU-LEKUTAN

Gerra zibilaren atarian, bakar-bakarrik

2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Chiapas gerra zibilaren atarian dago. Horixe zioen hitzez hitz Armada Zapatistak 2021eko irailean kaleraturiko agirian, eta horixe bera zioten munduko hamaika eragilek orain hilabete, lau haizeetara zabaldutako aldarrian. Orain urte bi, eta orain lau aste, Mexikon bertan, eta mundu osoan, protesta egitera deitu zuten zapatistek. Mexiko Hirian zientoka manifestari bildu ziren aldarri egunean, eta dozenaka herrialdetako hiri handietan. Aspaldi ahaztu ziren Marcos komandanteorde zapatistak salto egin agindu, eta 200.000 lagunek Zocalo plaza lepo bete eta salto egiten zutenekoak.

Oihartzuna noiz eta zergatik galdu dute zapatistek? Gakoak, barruan bezala, kanpoan arakatu beharko dira. Hasteko, esan dezagun Chiapas bera dela bertakoen arazorik larriena. Mugan izateagatik bakarrik biolentzia itogarria pairatzen dute. Garai batean drogen pasabidea zen eskualdea. Egun, migratzaileak eta, batez ere, armak ere bai eramaten dituzte talde kriminalek batetik bestera. Donald Trump agintari estatubatuarrak iparraldeko muga militarizatu zuenean, orain Joe Bidenek egin bezala, hegoaldekoa ixtera behartu zuen, mehatxupean, Mexikoko presidentea. Ondorioz, migratzaileak negoziogai bihurtu dira talde kriminalen eskutan, eta mauka nork kudeatu armaz erabakitzen dute karteletako sikarioek.

Jakina denez, gainera, Chiapas aberatsa da, oso aberatsa, eta lehengaiak norenak izan erabakigarria da: eskualdeak biltzen du bere baitan Mexikok duen ur edangarriaren heren bat; gasa eta petrolioa ere badu soberan, eta ez da txikia bertako abeltzaintza. Narkoak eragindako odolustea nahikoa ez eta, Ocosingo aldeko kafe ekoizle handiek talde paramilitarrak armatu dituzte herri indigenak zapaltzeko. 1994ko altxamendu zapatistaren ostean galdu zituzten lurrak berriro ere beraien esku hartu nahi dituzte jauntxoek. Lurrak, ura, gasa eta enparauak.

Biolentzia egoera horretan ardura handia luke, zapatisten esanetan, eskualdeko gobernadore eta presidentearen alderdikide Rutilio Escandonek. Matxinoek narkoarekin lotu dute gobernadorea eta paramilitarrak sustatzea egotzi diote. Egoeraren larria horrenbestekoa da, ezen zapatistak ez diren hainbat herrixka indigenetan autodefentsa talde armatuak sortu baitira, giroa oraindik gehiago zornatuz.

Ataka gaizto horretan ez dute askorik laguntzen Andres Manuel Lopez Obrador presidenteak inguru hartan bultzaturiko azpiegitura lan handiek: Panamako Kanalarekin lehiatu asmoz egiten ari diren ozeanoen arteko trenbidea, eta, batez ere, turismoari lotuta egongo den Tren Maia. Biak ala biak ingurumenarentzako kaltegarriak dira, eta bigarrenak, gainera, eraso egingo dio herri zapatisten autonomiari.

Ez dira hauek, ez, Armada Zapatistaren unerik gozoenak. Urtarrilean beteko dira 30 urte talde politiko-militarra ezagutu genuenetik, eta agerikoa bezain kezkagarria da harenganako gogaidetasunak izan duen gainbehera. Haien eskutik ezagutu genuen askok Mexiko, eta ezer gutxi dakigu orain haien gainean. Esango nuke, hanka sartzeko beldurrik gabe, EZLN taldearen inguruan informazio gehiago heltzen dela Euskal Herrira, hona, Mexiko Hirira baino. 2021ean Europara egindako biraren berri txiripaz izan genuen, presidenteak pasaportea lortzeko ipini zitzaizkien trabak kendu zituenean, alegia.

Hastapenetan munduko hainbat girotan lortu zuten adeitasuna lausotuz joan da apurka. Mexikon ere bai. 2005ean, elkartasun eta babes giltzarri izan zuen frontea, FZLN deiturikoa, desegiteko agindua eman zuen Armada Zapatistak, bertan ari zirenen txundidurarako. Hurrengo urtean, PRD alderdi ezkerrekoak hauteskundeak irabazteko aukera benetakoa zuen hartan, Beste Kanpaina izeneko ekimena abiarazi zuten, La Candona Oihaneko 6. -eta azken- Aldarriaren harira. Ordezkari politiko-militarrak herrialdeko txoko guztietan izan ziren, Zapatismoa oinarri, Mexikon ezkerreko indar berri bat sortu asmoz. Ez zuten lortu.

Kanpaina hartan «Lopez Obrador Carlos Salinasen [PRIko presidente ohiaren] ispilu» zela salatu zuen komandanteordeak, eta hauteskunde haietan iruzurra izan zela onartu arren, ez zituzten kontrako protestak babestu. Oraindik okerrago: 2012an, azkenean, Lopez Obradorrek gobernua eskuratu zuenean, Marcos mespretxuz aritu zitzaion kontra: Kapataza aldatu dute, baina ugazaba berak segitzen du agintzen. Hitzok ezkerraren inguruko mexikar askoren gogoak ozpindu zituzten. Eta ez bakarrik mexikarrenak. Chiapas gerra zibilaren atarian dagoen honetan, elkartasuna inoiz baino beharrezkoagoa denean, lagunak egiten jakitea bertutea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.