Urriaren 2a odolez markatuta dago mexikarren oroitzapen historikoan. Egun horretan, 1968an, estudianteen kontrako sarraskia egin zuen gobernuak, eta egun hartako hildakoak gogoratzeko manifestazioa egiten da geroztik urtero, urriaren 2a ez delako ahazten. Aurten ere milaka izan dira protesta gogoz hiriburuko kaleak hartu dituztenak, baina, oraingoan, gero eta usuago gertatzen den ezusteko bat gailendu zen mobilizazioan: bloke beltza esaten zaion taldearen biolentzia.
Egun horretako manifestazioa azken urteetako bortitzena izan zen, eta, beste hainbatetan bezala, «argi geratu zen erasoak ez zirela sarraskia oroitzeko bildutako estudianteen eta bestelako eragileen eskutik etorri, baizik eta protesta ekintzez baliatzen diren kriminal eta probokatzaile taldeen aldetik». Hitz horiek La Jornada egunkariaren editorialean irakurriak dira. Gehiago ere bazioen idatziak. Haren arabera, bloke beltza osatzen zuten ustezko kide batzuk Hirigune Historikoko bitxi dendak arpilatzeko asmoz joan ziren manifestaziora. Zergatik dio hori? Modu koordinatuan jardun zutelako, saltokietako sarrerak txikitzeko gailuak zeramatzatelako, eta lapurretak egin ondoren jendetzaren artean sakabanatu eta ihes egin zutelako. Bloke beltzaren magalean garatutako zera horiek —nolabait izendatzearren— gutxienez 2020tik gertatzen dira, kaputxadun talde batek kirol arropa denda batetik ia lau milioi pesoko (200 bat mila euro) balioa zuten merkantziak ebatsi zituenetik.
Mexikon eraldaketa politikoa sustatu eta gobernua babesten duen mugimenduaren ustez, bloke beltzaren aterkipean dabiltzanek ez dute modu espontaneoan edo inozoan jokatzen, maltzurki baizik. Mugimendu horrek dioenez, gizarte eragileei aipua kentzeaz gain agintarien erantzun bortitzaren bila dabiltza, gobernuaren agintekeria nabarmendu nahian, balizko errepresioak eragindako biktimen bizkar. Asmo horiek betez gero, munduko hainbat tokitan gertatzen ari den bezala, joera faxistak eta erreakzionarioak sustatuko liratekela uste dute, baita Mexikon ere. Eta hiriburuan azkenaldian gertatu diren hainbat jazoera latz bata bestearen jarraian aztertuz gero, estolderien kiratsa darie guztiei, baita bloke beltzari berari ere.

Agintearen kontrako borroka mota bortitz hori ez zen Mexikon asmatu, baina oso azkar piztu zen bertan, 2019ko abuztuan, hiriburuko lau poliziak 17 urteko neska bat bortxatu zutela jakin zenean. Ordukoan, modu baketsuan hasitako protesta komisaria bati su emanez amaitu zen. Emakumeen bortxak ez zuen zurigarririk behar izan egun hartan. Hasiera haietan, borroka feministari atxikitako matxinoak izan ziren blokekoak, neska oso gazte eta oso suminduak gehientsuenak, eta, emakumeen kontrako bortizkeria pandemia den herrialdean, hiriburuari ez ezik herrialde osoari ere su ematea ulergarria izan zitekeen.
Urte haietan Lopez Obrador zen presidente Mexikon. Talaia honetan esan izan dugun bezala, orduko agintariaren pentsamendu ideologikoak bazuen alde oso kontserbadorea, generoari zegozkion gaietan atzematen zena batez ere. Hortaz, ulergarria gerta daiteke gai hori izatea, emakumeen bizitzaren defentsa, presidenteari hortzak erakusteko gako nagusia. Martxoaren 8an —Emakumeen Egunean—, irailaren 28an, —Abortuaren Egunean—, eta azaroaren 25ean —Andrazkoen Kontrako Indarkeria Ezabatzeko Egunean—, hiru horietan, eta hiru horietan bakarrik, su eman zioten Mexiko Hiriari, eta bide batez Jauregi Nazionala babesten ari ziren hainbat poliziari, Lopez Obrador presidente izan zen bitartean.
Feminismoaz ezer gutxi jakingo zuen hark, baina asko zekien errepresioaren ordainez. Hitza emana zuen estatuaren segurtasun indarrak ez zitzaizkiela oldartuko herritarrei, eta bete zuen. Poliziei su eman arren, bati baino gehiagori burua mailukadaz hautsita ere, suteetarako hauts itzaltzaileak besterik ez zuten erabili erasotzaileak uxatzeko. Kanpotik ikusita, ezin zen ulertu. Urte haietan aukera izan nuen hiriburuko gobernuko goi kargudun batekin auziaz hitz egiteko. Polizia bati burua txikitzea, inpunitate osoz, ezer ez zitzaiela gertatuko jakinda, ulergaitza zitzaidan, ez bazen, jakina, erasoa barrutik egina zelako, Poliziaren estoldetatik, gero eta indartsuagoa zen mugimendu feminista kriminalizatzeko. Solaskideak emandako azalpena zintzoa bezain beldurgarria egin zitzaidan, baina: «Sheinbaum [orduan hiriko gobernuburu] ezin da fidatu bere esanetara dituen poliziez. Erasotzaileei erantzuteko agindua emanez gero, kapazak dira manifestari bat tiroz akabatzeko, errua eta erantzukizunak gobernuaren esku utzita».
Mexikon eraldaketa politikoa sustatu eta gobernua babesten duen mugimenduaren ustez, bloke beltzaren aterkipean dabiltzanek ez dute modu espontaneoan edo inozoan jokatzen, maltzurki baizik.
Oposizioak bat egiten zuen orduan bloke beltzaren biolentziarekin. Bitxia zen oso entzutea Joaquin Lopez Doriga kazetari kontserbadoreak nola babesten zituen suzko protesta haiek, eta nola salatzen zuen, era berean, gobernuak hauts itzaltzaileak erabiltzea emakumeen kontra. Gizon haren ahotik patriarkatu eta feminismo berbak aditzea bazen kuriosoa. Baina Lopez Obradorren agintaldia amaitu zen, emakumezko batek hartu zuen presidentetza, eta generoaren komodinak indarra galdu zuen.
Claudia Sheinbaum presidente delarik, bloke beltzaren jardun bortitzak esparru berriak hartu ditu orain: azkena, arestian aipatutako urriaren 2ko manifestazioa; baina horren aurretik gentrifikazioaren kontrako protestak: haietako batean, hainbat dendatako erakusleihoak lehertu zituzten, barruko guztiak arpilatzeko; beste batean, UNAM unibertsitatearen Kultur Gunea txikitu zuten; eta hori baino lehenago, ekaineko Harrotasunaren Agerraldian, aurten beltza arrosari gailendu zaion estreinakoz, kaleak hartuta zituztenen harridurarako.
Gobernuaren gogaideek herri mugimenduen ustezko fagozitatze bortitz hori salatu badute ere, SubVersiones deituriko berri agentzia autonomokoek haien susmoak txarretsi nahi izan dituzte: «Ez dira gai izan ulertzeko badirela bestelako borroka bideak aukeratu dituztenak, ikusita mitinak, plantoak, manifestazioak eta halako moldeak agortuta daudela nabarmen». Polizia bloke beltzean sartuta egon daitekeela jakin arren, ez dute onartzen kaputxadun guztiak Poliziaren infiltratuak direla esatea, mugimendua desitxuratu eta errepresioa zuritzeko. «Poliziak errepresioa justifikatu beharko balu bezala».