maddi iztueta olano

'Gose Jokoak'

2025eko ekainaren 3a
11:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtebete eta ia zortzi hilabeteren ondoren, beste fase batean sartu da Israelek Gazaren aurka abiatutako operazio militarra. Denbora horretan, Tel Avivek argi eta ozen esan du, behin baino gehiagotan esan ere, Hamas desagerraraztea duela helburu nagusia; orain, baina, ohartarazi du ez duela etsiko zerrenda guztiz okupatu arte. Eta gosea arma gisa erabiltzen ari da horretarako.

Gazan bizi diren bi milioi pasatxo palestinarrek ez zuten laguntza humanitariorik jaso martxoaren 2tik maiatzaren 19ra bitarte; orain, AEBek eta Israelek kudeatzen duten GHF Gaza Humanitarian Foundation erakundeak soilik du baimena zerrendan laguntza banatzeko: erakunde hori AEBetako militar ohiek osatzen dute, eta Blackwater talde mertzenarioaren babesa du. Hala, airez, itsasoz eta lehorrez ihesbiderik ez duen lur zati horretan, tantaka sartzen ari dira kamioiak, eta Israelek «helburu militartzat» jo dezake zaku bat irin lortzen ahalegintzen den palestinar oro.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelgo soldaduek hirurogei pertsonatik gora hil dituzte azken 48 orduetan, eta ehunka zauritu. Teorian, «eremu seguruak» behar zuten tokietan hil dituzte horiek guztiak, bizirik irauteko zer edo zer jaso zain zeudela, GHF erakundeak kudeatutako banaketa guneetan.

Eraso horietako baten ondoren, lagun bati entzun nion Gazan gertatzen ari dena Gose Jokoak filmaren pasarte bat izan zitekeela. Konparazioa arrotza suerta liteke hasieran, azalekoa, eta, beharbada, ergela. Baina Gazan ere badaude kamerak eta badaude ikusleak, eta badira kaosa eta sarraskia sostengatzen dituzten babesleak. Zerrendan gertatzen ari dena ez da fikzioa, ordea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.