2026ko uztailean hamar urte bete dira Filipinek Hagan garaipen historiko bat lortu zuenetik. Nazioarteko arbitraje auzitegiak ebatzi zuen Txinak Hego Txinako itsasoan egiten zituen aldarrikapen zabalek ez zutela oinarri juridikorik. Garai hartan askok pentsatu zuten epaiak gatazkari norabide berri bat emango ziola. Baina hamar urte geroago, zeozer aldatu da benetan?
Hego Txinako itsasoa munduko eremu estrategikoenetako bat da. Asiako merkataritza bide nagusietako bat izateaz gain, arrantza baliabide ugari eta energia erreserba garrantzitsuak ditu. Horregatik, bertako itsasertzeko estatuek —Filipinek, Vietnamek, Malaysiak eta Bruneik— lurraldeei buruzko aldarrikapen kontrajarriak egiten dituzte. Horien artean, ordea, Txinaren asmoak dira handienak: Pekinek bere subiranotasuna aldarrikatzen du itsasoaren zati handi batean, Hamar marren lerroa izenez ezagutzen den eremuaren barruan.
Gatazkaren gakoak uharte txikiak eta arrezifeak dira, baina auzia ez da lur puska horien ingurukoa bakarrik. Ezaugarri horiek kontrolatzen dituenak arrantza eremu zabalak, baliabideen ustiapena eta itsas trafikoa ere kontrolatzen ditu neurri batean. Horregatik bihurtu da Hego Txinako itsasoa XXI. mendeko geopolitikaren gune beroenetako bat.
Bere garaian, 2016ko arbitraje epaiak erreferentzia juridiko garrantzitsua ezarri zuen Filipinen eta Txinaren arteko Hego Txinako itsasoaren auzian. Arbitrajeko Auzitegi Iraunkorreko epaimahaiak ondorioztatu zuen Txinak egiten zituen zenbait itsas aldarrikapenek ez zutela oinarri juridikorik Nazio Batuen Erakundearen Itsas Zuzenbideari buruzko Konbentzioaren interpretazioaren arabera.
Hala ere, nazioarteko zuzenbidearen mugak berehala geratu ziren agerian. Txinak ez zuen epaia onartu, legez kanpokotzat jo zuen eta bere jarrerari eutsi zion. Filipinetan, berriz, Rodrigo Duterte presidente berriak ez zuen garaipen juridikoa Pekinekin konfrontazioa areagotzeko erabili. Aitzitik, Txinarekiko harreman pragmatikoago baten alde egin zuen, lankidetza ekonomikoa eta inbertsioak lehenetsiz.

Azken hamarkadan, gatazkaren bilakaera akzio-erreakzio dinamikek markatu dute. Txinak azpiegiturak eta instalazioak garatzen jarraitu du eztabaidagai diren hainbat eremutan, baina ez da bakarra. Vietnamek ere presentzia indartu du, azpiegitura berriak eraikiz eta lehendik zituen posizioak sendotuz. Horren ondorioz, alde guztiek segurtasun handiagoa nahi dutela dioten bitartean, batzuen jokabideak kontrako eragina sortzen du askotan; hau da, mesfidantza handiagoa.
Filipinek, Ferdinand Marcos Jr. 2022an presidentetzara iritsi zenetik bereziki, jarrera irmoagoa hartu dute itsasoan. Manilak 2016ko arbitraje epaiaren balioa behin eta berriz aldarrikatu du, Ameriketako Estatu Batuekin segurtasun loturak indartu ditu, eta Txinaren jardueren aurrean tonu zorrotzagoa erabili du. Beste itsasertzeko estatu batzuek bezala, Filipinek arrantza eskubideak eta baliabideen ustiapena defendatzen jarraitu dute. Txinak, berriz, itsasoan presentzia handiagoa erakutsi du, bereziki kostako guardiaren bidez. Ez da kasualitatea. Kostazaintzaren erabilerak tentsioa neurri batean kontrolpean mantentzeko aukera ematen du. Horrela, estatu batek bere interesak defendatzen ditu, baina armada zuzenean erabili gabe.
Hor dago gaur egungo arriskurik handiena. Ez derrigorrez gatazka handi baten aukera, baizik eta kalkulu oker batena. Itsasoan ontzien arteko talkak edo kostazaintzaren arteko gorabeherak gero eta ohikoagoak dira. Eta horietako batek espero ez ziren ondorioak izan ditzake. Bereziki Filipinek eta Ameriketako Estatu Batuek elkarrekiko defentsa ituna dutela kontuan hartuta; izan ere, Filipinetako indar armatuen edo ontzien aurkako eraso batek Estatu Batuen erantzuna eragin lezake.
Itsasertzeko estatuek —Filipinek, Vietnamek, Malaysiak eta Bruneik— lurraldeei buruzko aldarrikapen kontrajarriak egiten dituzte. Horien artean, ordea, Txinaren asmoak dira handienak: Pekinek bere subiranotasuna aldarrikatzen du Hego Txinako itsasoaren zati handi batean, Hamar marren lerroa izenez ezagutzen den eremuaren barruan.
Horren aurrean, aurtengo uztailaren 11n, epaiaren hamargarren urteurrena dela eta, Filipinek, Ameriketako Estatu Batuek, Japoniak eta beste hamaika herrialdek —besteak beste, Australiak, Erresuma Batuak, Kanadak, Alemaniak eta Zeelanda Berriak— adierazpen bateratua argitaratu zuten. Bertan, 2016ko epaia «behin betikoa» dela berretsi zuten. Europako Batasunak ere urteurrena baliatu zuen epaiaren balioa eta nazioarteko zuzenbidearen errespetua azpimarratzeko. Hala ere, ekimen horiek muga argi bat dute. Izan ere, eskualdean egonkortasun iraunkorra lortzea zaila izango da Txinaren parte hartze eta onarpen aktiborik gabe.
Horretarako, irtenbide diplomatikoak aurreratzen saiatzen ari dira. Asiako Hego-ekialdeko Nazioen Elkarteak eta Txinak urteak daramatzate arautegi bat negoziatzen, gatazka kudeatzeko arau komun batzuk ezartzeko asmoz. Aurrerapenak izan direla diote aldeek, baina desadostasun nagusiek bere horretan diraute: kodeak loteslea izan behar duen ala ez, zein eremu hartuko lituzkeen, eta kanpoko potentzien papera zein izango litzatekeen.
2016ko epaiaren hamargarren urteurrenak ez du irabazle edo galtzaile argirik erakusten. Argi dago, epaia erreferentzia politiko eta juridiko garrantzitsua da oraindik ere herrialde askorentzat. Baina hamar urteko esperientziak beste zerbait ere erakutsi du: Hego Txinako itsasoaren etorkizuna ez dela auzitegietan bakarrik erabakiko. Itsasoan bertan, diplomazian eta eskualdeko potentzien arteko harremanetan ere erabakiko da. Eta bitartean, hamarkada bat igaro arren, itsasoak bere horretan jarraitzen du.