urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Hiru erreferendum

2017ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ezinezkoak zirela esaten dute behin eta berriz, eta hara non, aste berean hiru independentzia galdeketa diren protagonista: puertorricarrek gaur dute hitzordua, uhartea independente bihurtu ala AEBen integratu nahi duten esateko. Iraken menpe dagoen Hegoaldeko Kurdistanek irailaren 25erako deitu du independentzia erreferendumera, eta aste berean, sei egun beranduago, gauza bera egingo duela iragarri du Kataluniako Gobernuak.

Hiru herrialde, hiru kontinentetan eta oso desberdinak diren hiru egoera. Puerto Ricon, argi dute 1898tik datorren egoera kolonialarekin amaitu beharra dutela. Bozkatzerik ez duten gobernu batek ezartzen egunerokoan eragiten dieten neurrietako asko, eta horren aurrean bi aukera dituzte teorian: botere guztia euren esku hartu eta estatu independente bat eratu, ala AEBetan guztiz integratu, federazioko 51. estatu bihurtu, eta beraz kongresistak eta senatariak bidali Washingtonera. Herritarren borondatea errespetatzea zail den kasuetako bat da: bihotzaren eta buruaren/patrikaren arteko lehian, boricua gehienek AEBetako pasaporteari eustea hobesten dute, uharteak bizi duen hondamendi ekonomikoaren aurrean automatikoki Estatu Batuetan bizi eta lan egiteko eskubideari uko egitea luxu handiegia baita familia askorentzat. Puerto Ricok erabateko integrazioa hobesteak, ordea, ez dakar automatikoki AEBetako estatu bihurtzea: dibortziorako aski da bakarra, baina ezkontzeko biek hala gura izatea behar da. Eta Washingtonek gogo gutxi espainolez egiten duen uharte pobretu bat Kalifornia edo Massachusettsen pareko estatu bihur dadin. Aldiz, nahigabeko independentzia, puertorricar askoren amesgaizto gertagarria da: Washingtonek egun batean bandera jaitsi eta alde egitea.

Hego Kurdistan ez da zehazki kolonia bat. Baina bada, Otomandar Inperioa desegitean marraztutako mapa kolonialaren ondorio, britainiarrek sartu baitzuten Irakeko mugen baitan, Kirkukeko petrolio-putzuen egarri. Gero Saddam Husseinen Anfal genozidio-kanpainaren biktima izan zen, ia berrehun mila hil, bonbardaketa kimikoak eta Kirkuken arabiartzea, kurduak egotziz. 2005eko Irakeko Konstituzioaren arabera, erreferenduma egin behar zen Kirkuken eta disputan diren beste eremu batzuetan estatusa argitzeko, Bagdaden aginte zuzenaren menpe ala Kurdistanen baitan, baina egundo ez da egin. Urteetako eztabaidak egun gutxian amaitu ziren 2014an: Estatu Islamikoak Mosul eta beste lurralde eremu zabal bat hartzean, Irakeko armada desagertu egin zen, eta Kurdistango gobernuak erabateko kontrolpean hartu zuen Kirkuk eta disputan ziren gainontzeko lurraldeak: nork leporatu ezer, Bagdadek kale egin eta EIk konkistatzea eragotzi bazuten? Ordutik darabil Massud Barzani Hego Kurdistango presidenteak independentzia erreferendumaren gaia: inork ez badu hondoa jo duen Irakeko estatuko zati izan gura, zergatik behartu gu egoera honetan gelditzera? Puerto Ricon ez bezala, argi dago Kurdistanen baietza alde handiz gailenduko dela, eta Katalunian Espainiak baino are gaitasun gutxiago du Bagdadek Kurdistanen galdeketa eragozteko. Kontua da, baina, geopolitika ere badagoela jokoan, eta herritarren borondateak oso balio txikia duela Iran edo Turkiaren mugei ere eragiten dien auzi batean. Kurduen borondatea argi uzteko eta Kirkukek Kurdistanen behar duela argitzeko balioko du, gutxienean, eta EI Mosuldik egotzitakoan zabalduko den testuinguru berrirako indartuko da Barzani. Horixe ere baitago atzean: 2015ean amaitu zen Barzaniren agintaldia. Petrolioaren prezioa jaisteak krisi ekonomiko larria ekarri du Kurdistanera, soldatarik kobratu gabe egon dira milaka herritar. Erreferendumarekin batera, azaroan hauteskundeetara deitu du Barzanik, eta behar du abertzaletasun erakustaldi bat, klanen eredu kontserbadorean oinarritutako sistema klientelarrari eusteko.

Independentzia nahi ez eta lor dezakeen kolonia bata, nahi duena eta geopolitikak eragozten dion lurralde burujabea bestea, eta galdetzea ere oztopatu nahi zaiona hirugarrena. Gurean eragin handiena izango du Kataluniak. Baina erabakitzea galarazten dion kolonia bezala tratatzen badute, burujabe jokatu beharko du, erabaki gura badu. Eta horretarako, lurraldea nork kontrolatzen duen ikusi beharko da, Madrilek ala Kataluniak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.